Irakurriena
- 1. Batzek, Velatiaren aeronautikako osagaien unitatea erosteko aurreakordioa itxi du
- 2. Fagor Ederbatt, Dakarreko historiako lehen kamioi hibridoaren bultzatzaile
- 3. Agur, Jose Antonio Ajuria
- 4. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioa, TU Lankideren zenbaki berriko gai nagusia
- 5. ORBIK da sistema eta ekipo industrialen zibersegurtasunean aurrerapenak bilatzen dituen ABEDI proiektuaren buru
- 6. Jesus Goienetxe hil da
“Gure erronka da artatutako pertsonen bizi-proiektuetan laguntzea”
Atlantikoa zeharkatu zuen EHUn masterra egiteko, eta gure artean geratzea erabaki zuen. 2026an 20 urte beteko ditu GSRn lanean, eta gaur egun kooperatibako lehendakaria da. GSRren eredu kooperatiboari balioa emateaz gain, etorkizun oparoa ikusten dio.
Duela 20 urte baino gehiago iritsi zen Euskadira jaioterritik (Rosario, Santa Fe, Argentina), EHUn Nazioarteko Lankidetza Deszentralizatuko Masterra egiteko. Eta hemen geratu zen, Ondarroan, bere bigarren sorterrian. Klaudiak sentsibilitate berezia du pertsonekiko, enpatiarako dohaina eta esperientzia zabala pertsonen zaintzan. Lasai asko izan zitekeen Leonardo Boff filosofo brasildarraren ikasle aurreratua; izan ere, Boffek zaintzaren teoria proposatzen du “gizakiaren esentzia eta paradigma etiko berri baten oinarri” gisa.
GSR egoitza-zerbitzuen kooperatibako lehendakaria da. Bertako teknologia nagusia eskuzabaltasuna, xumetasuna eta errespetua dira. Eta, jakina, berrikuntza, enpresa-eredu kooperatibo batekin eta premia asistentzialak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko pentsatutako zerbitzuekin. GSRren ideia 2001ean sortu zen, eta gaur egun 1.200 profesional baino gehiagok dihardute bertan lanean, behar desberdinak dituzten 1.600 pertsona baino gehiago zaintzen. Eta hazten jarraituko du, bilakaera demografikoaren erritmoan. Biztanleriaren zahartzeak erronka interesgarriak dakartza zaintzaren arloan.
Klaudia MONDRAGONeko Batzorde Iraunkorreko kide ere izan da lau urtez. Eta orain MONDRAGON Health osasun- klusterreko lehendakariordea da.
Nola iritsi zinen GSRra?
Kasualitatez. 2006an Giza Baliabideetako ikastaroak ematen nizkien langabeei Lea Artibai Ikastetxean (Markina, Bizkaia), eta AEKn ezagutu nuen lankide pakistandar batek Markinako egoitza kudeatzen zuen kooperatiba batean postu batera aurkeztera animatu ninduen. Profil tekniko batetik nentorren arren (Zuzenbidean lizentziatua naiz), zentzu sozial eta humanoa zuen proiektu bat bilatzen nuen. Geriatriako laguntzaile gisa hasi nintzen, eta Prebentzio eta Lan Osasuneko lehen Batzordean parte hartu nuen. Ondoren, GSR Legazpi egoitza koordinatu nuen zortzi urtez, eta 2015eko otsailaren 9an, Aretxabaletako (Gipuzkoa) GSR Debagoiena zentroko zuzendaritza hartu nuen; bitxia bada ere, nire urtebetetze egunean.
“23 urte daramatzagu premia asistentzialak eta psikosozialak dituzten pertsonen zaintzan eta arretan. Eta gaur egun 28 zentro kudeatzen ditugu; horietan, behar eta profil desberdinak dituzten 1.600 pertsona baino gehiagori ematen diegu zerbitzua”
Zer egiten duzu? Zertaz arduratzen zara?
Langile gisa, GSRko Arreta Integraleko arloko arduraduna naiz, eta esparru horretatik, GSRko zentroetako koordinatzaile- taldea gidatzen dut. Arreta integralaz hitz egiten dugunean, zentroetan 24/7 ematen dugun zaintza- eta laguntza-zerbitzuaz ari gara; hau da, nola antolatzen eta eskaintzen diegun zaintza artatutako pertsonei – erabiltzaileei eta familiei– eta zaintza horiek ematen dituztenei, gure profesionalei.
Eta bazkide langile gisa, kooperatibako organoetan parte hartzen dut. Errektore Kontseiluko lehendakaria naiz, eta kontseilariekin eta Zuzendaritza Nagusiarekin batera, ardura eta ilusio handiz egiten dugu lan GSRren estrategia garatzeko eta kooperatibaren legatua ziurtatzeko. Proiektu sozio-enpresarial bat gara, eta gure erakundearentzat oso garrantzitsua da lerrokatuta lan egitea bazkideen konpromisoari eta GSRko kide izatearen sentimenduari eusteko. Sakabanaketa geografikoa eta erkidego zein probintzia bakoitzaren berezitasunak gure agendetako funtsezko puntuak dira. Adibidez, urtean 3 aldiz, Errektore Kontseiluko eta Zuzendaritza Nagusiko kideok aurrez aurre parte hartzen dugu zentroetako batzordeetan (zentro bakoitzeko bazkide eta ez-bazkide guztiek parte hartzen dute horietan), noranzko biko komunikazioa, hurbiltasuna eta gardentasuna gure erakundearen kulturaren DNA izaten jarrai dezaten. Erronka partekatua da, eta ematen digun balioan sinetsita, denbora eta kilometroak inbertitzen jarraituko dugu!
Hitz egiguzu GSRren gaur egungo dimentsioaz: egoitzak eta eguneko zentroak, artatzen duzuen pertsona kopurua, langileak…
6 lurraldetan gaude presente: EAEko hiru probintzietan (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba), Nafarroan, Errioxan eta Kantabrian.
23 urte daramatzagu premia asistentzialak eta psikosozialak dituzten pertsonen zaintzan eta arretan. Eta gaur egun 28 zentro kudeatzen ditugu; horietan, behar eta profil desberdinak dituzten 1.600 pertsona baino gehiagori ematen diegu zerbitzua: adinekoei, adimen-desgaitasuna duten pertsonei edo osasun mentaleko nahasmenduak dituztenei.
Adinekoen egoitzetan, eguneko zentroetan eta desgaitasuneko eta osasun mentaleko zentroetan ematen dugu zerbitzua, zaintzarekin, zerbitzuaren kalitatearekin eta artatutako pertsonen bizi-proiektuetan laguntzeko erantzukizunarekin konpromiso handia duten 1.200 profesional baino gehiagok osatutako giza talde baten bidez.
“GSRk Gipuzkoako etorkizuneko zaintza-ereduaren definizioan ere parte hartzen du, esperientzia eta baliabideak jarriz egungo gizarte-beharrei erantzuteko”
Zer balio-proposamen bereizgarri eskaintzen du GSRk? Zertan bereizten da lehiakideengandik?
Kudeaketa-eredu kooperatiboa bera da balio bereizgarria: langileok parte-hartze aktiboa dugu zerbitzuaren antolaketan, eta kooperatibaren bilakaera ezagutzea ahalbidetzen duten komunikazio-kanalak ditugu.
Ordainsarien mailan, lurraldearen araberako hitzarmenak aplikatzen dituen sektore batean gaude. Eta GSRn lan egiten dugunontzat, proiektuaren parte garen aldetik jabe gisa, balio bereizgarri oso indartsua du ikusteak aberastasunaren banaketa ekitatiboa errealitate bat dela, eta irabaziak bazkideen eta langileen artean banatzen direla, betiere legatua erreserben bidez zaintzeko erantzukizunarekin eta emaitzaren zati bat gizarteari itzultzearekin orekan.
Zaintza- eta laguntza-ereduan, 23 urte hauetako esperientziarekin eta gure taldeen espezialitatearekin, zeharkako batzordeak garatu ditugu arlo profesional bakoitzean; horrek kaudimen teknikoa ematen digu arreta integraleko prozesuetan, eta kalitatezko eta berrikuntzazko bereizgarria ematen digu zaintzan.
Benetan konpromiso soziala duen proiektu bat gara, eta hori barrutik bizitzea, sinets idazu, funtsezko bereizgarria da.
Eta gainera, zerbitzu-katalogoa zabaltzen ari zarete, ezta?
Gure azken gogoeta estrategikoan —kooperatibako 25 pertsonak baino gehiagok parte hartu genuen (organo sozialetakoak, zuzendaritzakoak, arloetako arduradunak eta zentroetako profesionalak)— gure MISIOA birdefinitu genuen, eta zuekin partekatu nahiko nuke, galderari erantzuten lagunduko baitu:
GSR MONDRAGON Korporazioko kooperatiba gara, eta premia asistentzialak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko zerbitzu soziosanitario pertsonalizatuak eskaintzen ditugu. Horrela egiten dugu:
- Administrazio publikoekin lankidetzan arituz.
- Parte-hartze irekiko ingurune bat erraztuz.
- Balio kooperatiboetan oinarritutako lan-ingurunea sustatuz.
Adinekoentzako egoitzen kudeatzaile gisa jaio zen, baina gaur egun egokitzen ari da osasun mentala eta desgaitasuna ere artatzeko, profil anitzeko zentroekin eta administrazioekin elkarlanean egindako proiektuekin. Gainera, etxean zaintzea sustatzen du Bihar S. Coop. kooperatibaren bidez, eta Silver Economy-aren aldeko apustua egiten du Euskadin, tokiko enplegu kooperatibizatua eta zaintza-ekosistema jasangarriak sortuz. GSRk Gipuzkoako etorkizuneko zaintza-ereduaren definizioan ere parte hartzen du, esperientzia eta baliabideak jarriz egungo gizarte-beharrei erantzuteko.
Zein dira zuen plan estrategikoaren ardatz nagusiak?
Hiru nabarmenduko nituzke batez ere. Lehenik eta behin, egungo merkatuetan haztea, gure nortasun kooperatiboari eutsiz eta egitura korporatiboa egokituz.
Bigarrenik, GSR marka sendotzea zaintza- eta laguntza- zerbitzuetan erreferente gisa. Eta, azkenik, esparru guztietan eta profil guztientzat GSRren zaintza- eta laguntza- eredua garatzea, asebetetze-maila handiko eta nortasun kooperatiboko ingurune profesionalak sortuz.
Zaintza, femeninoan…
Zaintza-eremuak feminizatua izaten jarraitzen al du?
Erantzuna baiezkoa da oraindik: bai, pertsonen zaintzaren eremuak emakumeena izaten jarraitzen du. Kulturalki, zaintza oraindik ere emakumeekin estuki lotuta dagoen gizartea gara. GSRn 1.200 pertsona baino gehiagok egiten dugu lan, eta % 85 emakumeak gara.
Eta hori, zergatik?
Gizarte gisa kosta egiten zaizkigulako kultur aldaketak… eta gure kulturan hain dago errotuta emakumeok —berez zaintzaile gisa identifikatzen gaituztenez—, badirudi berezko zerbaitek markatzen duela premisa kategoriko hori: zaintza femeninoa dela.
Egia da, pixkanaka, zaintzak —denbora, arreta, laguntza, enpatia, maitasuna eta erantzukizuna eskaintzea den horrek— osagai bokazional bat duela, eta horrek ez du inor baztertzen, baizik eta hori egitea erabakitzen duen pertsona oro barne hartzen du: gizona edo emakumea, berdin dio, pertsonaren kontua da, ez sexuarena.
Antzeman al duzu aldaketarik azkenaldian?
Asko dago egiteko gizartea kontzientziatzeko eta baliabideak jartzeko, ikastoletatik hasi eta unibertsitateetaraino, errazagoa eta erakargarriagoa izan dadin zerbitzuen enpresa-sektoreetan profesionalizatzea eta horiek ezagutzea.
Gaur-gaurkoz, gutxiengoa izan arren, pozten gaitu jakiteak GSRn badugula lankide-talde bat —laguntzaileak, erizainak, sukaldariak eta arloetako arduradunak—, guztiak oso konprometituak eta gure sektorean aritzeak merezi duela konbentzituak. Baina oraindik bide luzea dago egiteko.
“Benetan konpromiso soziala duen proiektu bat gara, eta hori barrutik bizitzea, sinets idazu, funtsezko bereizgarria da”
MONDRAGON, bidaide ezinbestekoa
MONDRAGON. Zer adierazten du zuretzat?
MONDRAGON lehen egunetik izan da bidaide ezinbestekoa.
Osasunarekin lotutako proiekturen batean pentsatzen hasi zenean, MONDRAGONek babesa eman zion ekimenari, nahiz eta sektore desberdina izan, non sektorearen berezitasunak berak lege-egokitzapena eta industria- arlokoak ez ziren zerbitzuak kudeatzeko aukera eskatzen zuen. Eta apustu disruptiboa egin zen: eredu kooperatiboaren alde egitea, protagonismoa ordura arte gutxi aitortutako sektore bateko langileei emanez, eta gainera, inpaktudun tokiko proiektu bat bultzatuz, batez ere landa-eremuetan.
Laguntza lehen urratsetan…
MONDRAGONek babestu egin gintuen eta kooperatiba gisa lekua eman zigun negozio-eredu konplexu bat garatzeko, a priori ereduarekin egokitzeko zailak izan zitezkeen lurralde-araudiekin. Eta hor egon zen Korporazioa, modu batera edo bestera, bere mekanismoekin eta bere kooperatibekin (Ausolan, LKS, MISE, MONDRAGON Inversiones), negozioaren hazkundean eta eredu kooperatibora egokitzeko prozesuan hartu genituen erabaki garrantzitsuenetan laguntzen; horrek bereizten gaitu hainbeste sektorean. MONDRAGON gabe ez ginateke garena izango. MONDRAGONek bakarrik ez egotea eta bakarrik aurrera ez egitea adierazten du.
Gizartean indarrean dauden balioak ordezkatzen ditu: eskuzabaltasuna, interes indibidualen gainetik ongizate komuna lehenestea… gaur egun jarraitzaileak galtzen ari den balioa, tamalez. MONDRAGONek errespetua eta elkartasunarekiko konpromisoa irakatsi dizkigu: irabaziak guztion artean banatzen ditugu, zentroek elkarri laguntzen diogu… izan ere, proiektu sozio-enpresarial gisa zenbat eta hobeto funtzionatu, orduan eta inpaktu handiagoa sortuko dugu gizartean, eta hobea izango da ondoren datozenei utziko diegun legatua.
Inoiz esan den bezala, eta neuk ere bere egiten dudana: “Izan zirelako gara, eta garelako izango dira”.
Eta orain MONDRAGON Health-eko lehendakariordea zara. Zer ekarpen egiten du kluster honek?
MONDRAGONek batu egiten gaitu. Izendatzaile komun bat dugun kooperatiba-talde bat gara: osasunaren sektorea. MONDRAGON Health-eko parte izatea eta GSRtik lehendakariordetzan lagundu ahal izatea rol garrantzitsua da esparru soziosanitarioan. Zer ekarpen egiten du? Merkatu-posizionamendua emango diguten espazioak partekatu ahal izatea, eta MONDRAGON gisa gizarteko beste esparru batzuetara irekitzea; horrek marka indartzeaz gain, kooperatiba bakoitzarentzat kontaktu berriak edo aukera berriak aktibatzeko bideak eman ditzake.

PERTSONALA
Pozik bizi zara?
Bai, beti pozik! Bizitzaren alderdi denetan saiatzen naiz edalontzia erdi beteta ikusten.
Non bizi zara?
Ondarroan.
Gustura?
Oso gustura sentitu naiz beti, harrera beroa nabaritu dut.
Euskara ahoan?
Nahiko ondo moldatu naiz. Ondarroan euskaraz bizitzea erraza da, etxean, kalean, lagunekin… euskara entzuten delako. Nahiz eta oker egin jendeak eskertzen du saiatzea.
Gainera, niretzat euskara nortasuna da, bizi naizen kulturaren eta komunitatearen parte. Asko gustatzen zaidan bizitzeko era bat da. Nahiz eta oraindik asko daukadan ikasteko, euskararekin maiteminduta nago.
“Euskararekin maiteminduta nago”
Distantziatik, nola ikusten duzu zure Argentina?
Argentina egoera sozioekonomiko konplexu bat jasaten ari da.
Pobrezia-tasa handia dago, eta horrek gizarteklaseen arteko aldea areagotzen du. Uste dut gizarteak eta herrialdeak jasaten duten segurtasun ezak eta ziurgabetasunak epe labur eta ertainean ez duela egoera hobetuko.
GSR gomendatuko zenuke?
Noski! Eskuzabaltasunetik, ardurarekin eta maitasunez arreta ematen dugun erakunde/kooperatiba gara. Pertsonak eta pertsonentzat egiten dugu GSR, eta horrek egiten gaitu berezi.
Ihes egiteko, rutinatik ateratzeko, zer egiten duzu?
Mendian paseatu, irakurri, lagunekin elkartu…
Itsasoa ala mendia?
Itsasoa.
Zoriontsu izateko errezetarik, bai?
Pertsonengan konfiantza izan, egiten duzunari zentzua bilatzea, norberaren baloreak defendatu eta zailtasunetan aurrera egiteko aukera ikusi.
Besterik?
Aurretik esan bezala, profesionalki eta pertsonalki ere: “Izan zirelako gara, eta garelako izango dira”.