18 urte kooperatibismoaren arnasgunea sendotzen

Hamazortzigarren edizioa abiatu berri du Kooperatibagintzan Aditu Diplomak, eta datuek argi uzten dute programaren osasun ona: aurten 25 parte-hartzaile batu dira, azken urteetako kopururik altuena. Ibilbide luze honetan 380 lagunek baino gehiagok jaso dute formakuntza hau, kooperatiben proiektu sozio-enpresariala indartzeko ezinbesteko erreferente bihurtuz.
Card image cap
2025-2026 ikasturteko ikasleak.
2025/12/30

Zenbaki hutsetatik haratago doan arrakasta da Kooperatibagintzan Aditu Diplomarena. Aurten 18. ediziora iritsi da, eta guztira 380 partaide igaro dira bertatik urte hauetan guztietan. Aurtengo ikasturtea berezia da, azken edizioetako partaidetza altuena lortu baitu 25 ikaslerekin. Datu honek agerian uzten du kooperatibek oraindik ere bizirik duten premia bat: eguneroko zurrunbilotik burua altxatu eta eredu kooperatiboaz hausnartzeko beharra.

Aritz Kanpandegi diplomaren koordinatzailearen hitzetan, horixe da arrakastaren gakoa:“Kooperatibetan zegoen behar batekin konektatu izana; kooperatibisten artean, kooperatibismoaz hausnartu eta eztabaidatzeko espazioa sortzea”. Ez da soilik teoria jasotzea, baizik eta kooperatiben berrikuntzan eragiteko tresna praktikoak lantzea.

Etengabeko egokitzapena oinarriari eutsiz

Kooperatibismoa ez da estatikoa, ezta Kooperatibagintzan Aditu Diploma ere. Urte hauetan zehar programa etengabe eguneratu da kooperatibismoan sortu diren erronka berriak txertatzeko. Gobernantza eredu berriak edota pertsonen erantzukizunean oinarritutako markoak dira horren adibide.

Hala ere, digitalizazioa eta jasangarritasuna bezalako olatu berriek ere badute lekua. Kanpandegik azaldu duenez, erronka hauek zeharka eta zuzenean lantzen dira moduluetan: jasangarritasuna Gizarte Eraldaketa moduluan txertatzen da, eta digitalizazioaren inpaktua, aldiz, Gobernantza moduluan. Metodologia praktikoa da: “MONDRAGONeko kooperatibismoaren baitan —eta enpresa sare zabalagoan– esperientzia eta praktika aurreratuak identifikatzen ditugu eta Kooperatibagintzan Aditu Diplomara gonbidatzen ditugu, erronka hauen inguruan hausnarketa kolektiboa sustatzeko”.

Arnasgune bat egunerokoan

Parte-hartzaileen profilak askotarikoak dira, eta horrek aberastu egiten du taldearen dinamika. Kontseilu Errektoreko kideak, Kontseilu Sozialekoak, pertsonen kudeaketako profesionalak eta, neurri txikiagoan bada ere, zuzendaritza kideak elkartzen dira bertan. Guztiak batzen dituena? Kooperatibagintzan duten motibazioa.

Ikasle ohien balorazioak oso positiboak izan ohi dira. Askok “arnasa hartzeko” espazio gisa deskribatzen dute, kooperatibismoaren zentzuaz beste kide batzuekin hausnartzeko aukera paregabea baita. Aurreko edizioko ikasle batek honela laburbildu zuen esperientzia: “Eskertzekoa da nola egiten dituzuen saioak dinamikoak, kasu praktikoak gehituz eta errealitatea zein den azalduz. Aukera egongo balitz, jende guztia animatuko nuke bertara”.

Kooperatibismoa ez da estatikoa, ezta Kooperatibagintzan Aditu Diploma ere. Urte hauetan zehar programa etengabe eguneratu da kooperatibismoan sortu diren erronka berriak txertatzeko. Gobernantza eredu berriak edota pertsonen erantzukizunean oinarritutako markoak dira horren adibide.

Teoriatik praktikara

Formakuntzaren helburu nagusia kooperatibetan eragin zuzena izatea da. Horretarako, diplomaren bigarren fasean, partaideek proiektu praktiko bat garatu behar dute, euren kooperatibaren benetako beharretan oinarrituta. Prozesu horretan LANKI ikertegiko tutoreen bidelaguntza dute, eta proiektua kooperatiban bertan kontrastatzea ezinbesteko baldintza da.

kooperatibagintza-2.jpg

Hauek dira azken edizioetan parte-hartzaileek beren kooperatibetan garatu dituzten proiektuen gaietako batzuk: Bazkidetza eta erantzukidetasuna; Gobernantza eta araudia; Kultura eta identitatea; Lidergoa eta pertsonak; Parte-hartzea eta gizartea; IPDK eta gizarte eraldaketa.

Kooperatiba sare trinkoa

Urte hauetan guztietan, kooperatibek konpromiso irmoa erakutsi dute Kooperatibagintzan Aditu Diplomarekiko eta badira kooperatibak modu jarraituan, urtero formazioan parte hartu dutenak. Gerora ere beste kooperatibak joan dira batzen eta, denoi esker, kooperatiba sare trinkoa ari da ehuntzen diploma honen bueltan, balioan jartzekoa kooperatibek hezkuntza kooperatiboarekiko erakusten duten konpromisoa.

“Oso pozgarria da guretzat”, dio Kanpandegik aurtengo parte-hartzeari buruz; izan ere, beteranoak diren kooperatibez gain, lehen aldiz parte hartzen duten beste batzuk ere batu dira, sarea zabalduz eta Arrasateko esperientziaren aniztasuna islatuz.

18. edizioko protagonistak

Aurten inoiz baino anitzagoa da parte-hartzaileen jatorria. Ohikoak diren kooperatibez gain, lehen aldiz parte hartzen ari diren entitateetako kideak ere badaude. Hauek dira aurtengo edizioan ordezkaritza duten kooperatibak:

  • Ausolan
  • Cikautxo
  • Emun
  • Fagor Arrasate
  • Fagor Automation
  • Huhezi
  • Laboral Kutxa
  • LagunAro
  • Maier
  • Matz Erreka
  • Mondragon Assembly
  • Paturpat
  • RPK
  • Udapa
  • Ulma Handling Systems
  • Ulma Packaging

Irakaskuntza unibertsitate zentroa