Irakurriena
- 1. Dikar-ek Ternua erosi du, kooperatibaren hazkundea bultzatzeko eta marka Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko
- 2. Kidek 50. urteurrena ospatu du
- 3. Kooperatibak eta ekonomia soziala: gertutik eraldatzen
- 4. Eusko Jaurlaritzak eta Konfekoopek euskal industria-kooperatibismoarekin kontrastatu dute Euskadi 2030 Industria Plana
- 5. Arizmendi Ikastola, Mondragon Mexiko Unibertsitatean
- 6. Fagor Taldeak Tokixan egitasmoa babestuko du, elikadura burujabetzan sakontzeko
Udako Campusa antolatu du Mondragon Unibertsitateak

Ekaineko azken astean hasita, Udako Campusa egingo du Mondragon Unibertsitateak. Udako Campusean DBH 3 eta 4 eta Batxilergoko lehen mailako gazteek parte hartu ahalko dute, eta etorkizuneko ikasketa eta lan orientaziorako lagungarriak diren ekintzak izango dira. Ikasketak aukeratzeko erabakia ez da erraza izaten, eta campus honetan komunikazioa eta ingeniaritzaren inguruko zertzelada batzuk ikusi eta bizi ahal izango dituzte gazteek, euren interesekoak izan daitezkeen jakin dezaten.
Ekainaren 30etik uztailaren 4rako astean Ingeniaritza Campusa egingo da Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren Arrasateko campusean. Uztailaren 7tik 11rako astean, berriz, Komunikazio Campusa egingo da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Aretxabaletako campusean. Parte-hartzaileek Udako Campus osoan eman ahalko dute izena, edo bi campusetako batean. Campusen saioak goizez izango dira, 9:30etatik 13:30era. 13:30etatik 14:30etara elkarrekin bazkalduko dute parte-hartzaileek.
Izen-ematea
Izena emateko epea zabalik dago ekainaren 13ra arte. Udako Campus osoaren prezioa 250 eurokoa da, eta campus bakarrean izena emateko, berriz, 150 eurokoa izango da. Prezioaren barruan sartzen da eguneroko bazkaria ere. Plaza mugatuak izango dira.
Ingeniaritza Campusa
Ingeniaritza campusaren helburua da gazteak ingeniaritzako arlo ezberdinetara hurbiltzea; diseinua, informatika, elektronika, mekanika, biomedikuntza eta antolakuntza arloak gertutik ikusi eta bizitzeko aukera ematea. Etorkizunean zer izan nahiko dugun aukeratzea ez da beti erraza izaten, eta bide horretan lagundu nahi die ikasleei campusak, antolatzaileen esanetan.
Komunikazio Campusa
Komunikazio Campusa hirugarren aldiz egingo da, Goiena Komunikazio Taldeak eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduak antolatuta.
Komunikazio Campusaren helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura. Horretarako, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: telebista platoen erabilera, kamera aurrean nola jardun, fotokazetaritza, podcastak nola egin, sare sozialetan zabalkundea… Komunikazioan adituek, Goienako profesionalek eta Mondragon Unibertsitateko irakasleek hartuko dute parte Komunikazio Campusean.