Irakurriena
- 1. 200 lan aukera aktibo baino gehiago MONDRAGON People atarian
- 2. “IdeiEnea laborategiak beste ingurune edo ekosistema batean jarriko gaitu”
- 3. Galdu da espiritu kooperatiboa? (V)
- 4. "Aliantza eta lankidetza garaia da"
- 5. Agur, Jose Antonio Mendikute
- 6. Dani Larrea, Emun kooperatibako sortzailea eta euskaltzalea hil da
Testuinguru eleaniztunetako hezkuntzaren erronka eta estrategiei buruzko jardunaldia antolatu du Mondragon Unibertsitateak

Datorren irailaren 3an, «Denok gara (gure arloko) hizkuntza-irakasle» izeneko jardunaldia egingo du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Aretxabaletako campusean. Hezkuntzaren arloko irakasle, ikertzaile eta profesionalak elkartuko dira ekitaldiaren inguruan, testuinguru eleaniztunetako irakaskuntzaren erronka eta estrategiei buruz hausnartzeko.
Arreta berezia emango zaio irakasleek jakintza-arlo bakoitzean ikasleen hizkuntza-gaitasunak garatzeko duten eginkizunari
Jardunaldian zehar, halaber, Arloko alfabetatzea hezkuntza eleanitzetan liburua aurkeztuko da. Fakultateko irakasle-talde batek idatzi du, eta hezkuntzaren eta edukiaren ikuspegi integratuaren bidez alfabetatze diziplinarrari heltzeko oinarri teoriko eta metodologikoak jasotzen dira horretan. Argitalpena ALPHA eta ELKARHITZ ikerkuntza-proiektuen emaitza da, eta ikasgelan aplikatzeko tresna praktikoak eskaintzen ditu.
Honela mintzatu dira antolatzaileak: «Testuinguru eleaniztunetan irakastea erronka bat izaten da beti, are handiagoa irakatsitako hizkuntza ikaslearen etxekoa ez bada eta minorizatua bada». Jardunaldian, beraz, hauxe izango dute aztergai: nola aurre egin erronka horri, ikuspegi eraldatzailearen eta elkarlanaren bidez.
Topaketan zehar jorratu beharreko gaien artean, arreta berezia emango zaio irakasleek jakintza-arlo bakoitzean ikasleen hizkuntza-gaitasunak garatzeko duten eginkizunari. Horrez gain, gogoeta egingo dute aztertzeko irakasleek nola lagun diezaieketen ikasleei, eduki diziplinarrak ez ezik, horiek ulertzeko eta zehaztasunez adierazteko behar duten hizkuntza berezia ere eskuratzeko prozesuan.
Programak inaugurazio-hitzaldi bat ere hartzen du barne, hizkuntza eleaniztunaren erreferentzia den Jasone Cenozek (EHU) emango duena, baita mahai-inguru bat ere, Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait ikastetxetako ordezkarien artean, esperientzia errealak eta ikuspegi pedagogiko berritzaileak partekatzeko.
Jardunaldiaren egitaraua
- 09:30-10:00. Ongietorria
- 10:00-11:00. Hitzaldia: «Euskal hezkuntza sistemaren aukerak eta erronkak» — Jasone Cenoz (EHU)
- 11:00-11:30. Etenaldia
- 11:30-12:15. Arloko alfabetatzea hezkuntza eleanitzetan liburuaren aurkezpena
- 12:15-13:15. Mahai-ingurua ikastetxeetako ordezkariekin:
- Jone Zamarbide Gastesi (Samaniego IPI)
- Maite Gómez Lete (Haurtzaro Ikastola)
- Patxi Goñi Lerga (Elgoibar Herri Eskola)
- Igor Martin de Vidales Navarro (Ibarrekolanda BHI)
- 13:15-13:30. Jardunaldiaren bukaera
Bertaratu nahi duenak esteka honetan eman dezake izena, doan.