Irakurriena
- 1. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 2. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 3. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 4. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 5. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 6. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 7. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 8. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 9. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 10. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
Teresa Catalán konpositoreak Eusko Ikaskuntza -Laboral Kutxa saria jaso du
Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak aditzera eman zuten maiatzaren 5ean Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariaren eta Gazte Sariaren 2022ko epaia.
Edizio berri honetan Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria Teresa Catalanek eskuratu du. Hala ebatzi zuen sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek, baita Eusko Ikaskuntza eta LABORAL Kutxako ordezkariek ere. Catalán konposizio garaikideko egile ospetsu eta garrantzitsuenetako bat da gure herrian. Gainera, egitate musikalaz duen ikuskeragatik eta kulturarekin duen konpromisoagatik, erreferente da etikan eta irakaspenean.
Sortzaile gisa, talentuaren eta zintzotasun artistikoaren uztarketak bakarrik ahalbidetzen duen estilo propioa lortu du.
Teresa Catalán konposizioko lehenengo emakume katedraduna izan da Espainiako musika-hezkuntzaren historian, eta hainbat musikari belaunaldi trebatu ditu etengabeko bilaketan, hobekuntzan eta lanbidearen zehaztasunean. Hori dela eta, haren katedra erakargarritasun handikoa izan da era guztietako ikasleentzat.
Era berean, konpositore eta irakasle gisa musikari eskaini dion dedikazio multiforme eta askotarikoagatik nabarmentzen da. Jarduera asko eta asko sustatu ditu sorkuntza garaikidea zabaltzearen alde, ikasle eta lankideen lana barne. Betiere interes kolektiboa distira pertsonalaren aurretik jarrita.
Azkenik, epaimahaiak azpimarratu nahi izan zuen sarituak konposizioan, hezkuntzan, sustapenean eta kudeaketan egin duen ibilbide luzea, “eskarmentu horrek ikuspegi pribilegiatua eman dio, kulturak eta, zehazki, musikak hazkunde pertsonalerako eta bizi-kalitate kolektiborako duen garrantziari buruz. Nafarroako Kulturaren Kontseiluko partaide izanik, agerikoa da Teresa Catalánentzat kulturarekiko konpromisoa gure gizartearekiko konpromisoa dela”.
EUSKO IKASKUNTZA-LABORAL KUTXA GAZTE SARIA
Arte Ederretan doktore den Imanol Zubiauz izen artistikoa duen 32 urteko gazteak lortu du aurtengo Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxa Gazte Saria "Pidgin" proiektuarengatik. Balearen harrapaketaren garaian kokatuta, euskal eta islandiar herrien arteko loturak aztertuko ditu lanak.
Ikerketa artistikoari, antropologikoari, identitateari eta memoria kolektiboari lotuta dagoen proiektua da “Pidgin”, izan ere, izen horrekin ezagutzen dira harremanik gabeko bi hiztun komunitatek elkar ulertzeko sortzen duten hizkuntzari.
Elkarren arteko merkataritza ahalbidetzeko, bi kulturen loturak, euskararen eta islandieraren arteko proto-hizkuntza bat sortu zuten. “Horren adierazle, aurkitutako 700 hitz inguru dituzten bi eskuizkribu daude”, argitu zuen epaimahaiak. Euskararen erabilera, islandierarekin sortutako hizkuntza berrian, eta itsas-kultura dira proiektuaren ardatz nagusiak eta bere ikerketa aintzineko dokumentuak berreskuratzeaz gain, erreproduzio berriak (audioak eta pieza grafikoak) landuko ditu eta berariaz sortutako euskarrietan aditzera emango da. Hori guztia, gainera, garai hartako fikziozko marinel batek bizi izandako bizipen eta oroitzapen forman gogora ekarriko du. Sariari esker, lana egiteko 6.000 eurotako ordainsaria jasoko du.
Imanol Zubiauz Zumarragan jaio zen. Arte Ederretan Doktore, Cum Laude aipamena jaso zuen 2020an, eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa Masterra da. Goi-mailako ikasketak ere baditu irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan. Ikerlan eta hainbat argitalpenen egilea da. Hala, epaimahaiak azpimarratu nahi izan zuen artista gaztearen formakuntza zabala eta ibilbide artistiko oparoa.