Irakurriena
- 1. Belaunaldi-erreleborik ezak eta kanpo-talentuaren hazkundeak eragin zuzena dute euskal enpresen ordainsari-politiketan
- 2. Lortek Bilbora hedatu da
- 3. Osasungintzaren sektoreko posizioa indartu du Fagor Taldeak, Fagor Healthcare kooperatibarekin
- 4. Orca, Orca Aero eta Lotto-Intermarché taldearen 2026ko bizikletak aurkeztu ditu Orbeak
- 5. Batzek, Velatiaren aeronautikako osagaien unitatea erosteko aurreakordioa itxi du
- 6. Fagor Ederbatt, Dakarreko historiako lehen kamioi hibridoaren bultzatzaile
Politeknika Txorierrik 45 urteko ibilbidea ospatu du, hezkuntza eta enpresa uztartzen dituen eredu kooperatiboa aldarrikatuz
Politeknika Txorierrik mugarri garrantzitsua ezarri du bere historian. Atzo, otsailak 5, Derioko instalazioetan egindako ekitaldi hunkigarri batean, ikastolak bere 45. urteurrena ospatu zuen. Ekitaldiak balioan jarri zuen zentroak Bizkaiko Lanbide Heziketan eta Batxilergoan duen erreferentziazko papera, betiere enpresekin elkarlanean eta eredu kooperatiboari fidel.
Ospakizunak erakunde, enpresa eta hezkuntza munduko ordezkari ugari bildu zituen. Bertan izan ziren, besteak beste, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Esther Apraiz Derioko alkatea, eta MONDRAGONen izenean, Vicente Atxa Ezagutzaren Dibisioko presidenteordea eta Leire Mugerza MONDRAGONen Kongresuaren presidentea izan ziren. Haiekin batera, Arantza Cebas (Ondoan S. Coop-eko presidentea eta Politeknika Txorierriko presidentea) eta J. Eugenio Díez zentroko zuzendaria aritu ziren, ikasle ohi eta familiekin batera.

Eragin soziala eta enpresa-sarearekiko lotura
Politeknika Txorierriren ibilbidea datu esanguratsuekin laburbiltzen da: 45 urte hauetan 12.500 ikasle baino gehiago igaro dira prestakuntza araututik eta 6.250 arautu gabeko prestakuntzatik. Zentroak azpimarratu duenez, bere indargune nagusietako bat enpresa-sarearekin duen lotura estua da; izan ere, 1.000 enpresa baino gehiagorekin garatu du lankidetza-sarea, ikasleen laneratzea, dualtasuna eta proiektu errealen garapena bultzatuz.
J. Eugenio Díez zuzendariak nabarmendu zuen zentroaren indarra ez dagoela soilik eskaintzan, baizik eta egiteko moduan: "Ikaslea erdigunean, enpresarekin elkarlanean eta lurraldeari lotuta".
Eredu kooperatiboa oinarri
Ospakizunean, zentroaren izaera kooperatiboa eta komunitatearekiko lotura ere goraipatu ziren. Politeknika Txorierrik gobernantza eredu partekatua du, non 400 bazkide onuradun inguruk, 39 lan-bazkidek eta egitura osatzen duten 6 erakundek (tartean Txorierriko Mankomunitatea) parte hartzen duten.
Ildo horretan, Vicente Atxaren eta Arantza Cebasen parte-hartzeek agerian utzi zuten kooperatibismoak hezkuntza-proiektu honetan duen garrantzia, pertsonen garapena eta enplegagarritasuna eraldaketa digitalarekin eta berrikuntzarekin uztartuz.

Etorkizunari begira
Iragana ospatzeaz gain, etorkizuneko erronkei aurre egiteko konpromisoa berretsi zuen Politeknika Txorierrik. Berrikuntza eta kalitatearen aldeko apustu horren erakusle dira azken urteotan jasotako aintzatespenak, hala nola 2025eko Quality Innovation Award (QIA) saria edota Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotutako "ColegiosODSCooperativos" zigilua.
Ekitaldia Agus Barandiaran trikitilari eta ikasle ohiaren musikarekin eta bertaratuen talde-argazkiarekin amaitu zen, hurrengo urteetarako erronkei (digitalizazioa, trantsizio ekologikoa eta kohesio soziala) elkarrekin erantzuteko prestutasuna irudikatuz.