Omenaldia zuzendari ohiari

Iñaki Etxezarreta, Arizmendi Ikastolako zuzendari ohiak, omenaldia jaso zuen ikastolaren azken batzar orokorrean.
Card image cap
2021/09/27

Omenaldi xumea, gertukoa eta beroa jaso zuen Iñaki Etxezarretak Arizmendi Ikastolaren azken batzar orokorrean. Hala, azken zortzi urteetan egindako lana eskertzeko asmoz, omenaldi bat egin zioten Arizmendi Ikastolako lankideek Gazteluondo gunean. Lora sorta bat eta esker oneko hitzak jaso zituen Etxezarretak eta ikastolako profesional batzuek ere, aurreskua dantzatu zioten.

Omenaldi xumea, gertukoa eta beroa jaso zuen Iñaki Etxezarretak

Hauek izan ziren lankideek eskainitako hitzak: 

Erloju biologikoak markatu du Arizmendi Ikastolako zure ibilbidearen amaiera. Zortzi ikasturte konturatu orduko joan zaizkigu eta, iritsi da, Iñaki, zuri zuzendari nagusi modura, agur esateko ordua. Agurrarekin batera gu guztion eskerrona eraman dezazun gurako genuke.

Guregana etorri zineneko “Proiektu berriari” helduta, aurretik eginda genuena balioan jarrita, berrikuntzaren bideari jarraitu zenion, pertsona eta gizarte eraldaketa eragiteko. Ametsa: gizarte justoagoa, solidarioagoa, euskaldunagoa eta kooperatiboagoa bilakatzea. Eta horretarako, ikastolon autogestioan, elkarlanean eta kooperazioan sinistuta, tinko heldu diozu lemari. Iparra inoiz galdu gabe, indarrez, koherentziaz eta ausardia handiz, bazterrak mugitu dituzu erabakitakoari jarraitzeko, gure ikastola, gure proiektua, beste batzuei ezagutarazi eta zabaltzeko eta bide berriak deskubritzeko. 

Ez da makala izan; ezta erraza ere. Baina ametsa betetzen ari dela esan dezakegu. Pozik eta harro egoteko moduan gaude, zaude! Bihotzez, eskerrik asko, Iñaki. Ibilbide berrirako osasuna lagun izan dezazula opa dizugu. Ametsak bete dakizkizula! Aurrera, aurrera betiArizmendiko zure lankideak”.

Etxezarretak urriaren amaieran utziko du Arizmendi Ikastola, bitartean uneotan zuzendari den Ignacio Barañanorekin dihardu, trantsizio ahalik eta egokiena egin nahian.

Irakaskuntza