«Oinarri berak dituzte kooperatibismoak eta feminismoak: berdintasuna eta justizia»

Kooperatiben Kontseiluak eta KONFEKOOPek aintzatespen berezia egin zieten Bidegintza eta Ediren kooperatibei eta Leire Mugerza MONDRAGON Korporazioko Batzorde Iraunkorreko lehendakariari, «kooperatibismoan aukera-berdintasunari eta Euskadiko emakumeen ahalduntzeari egindako ekarpenagatik».
Card image cap
2023/03/08

«Emakumeen garapen profesionala eta lidergoa bermatzeko enpresa-politikak garatzen jarraitu behar dugu enpresa kooperatiboetan» esan dute KONFEKOOP-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakariak, Rosa Lavínek, eta Kooperatiben Kontseiluko idazkari nagusiak, Belén Balerdik, gaur eguerdian Gasteizko Goiuri jauregian egindako ekitaldian.

Hirugarren urtez jarraian, Kooperatiben Kontseiluak eta KONFEKOOPek Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu dute martxoaren 8an, «Kooperatiba gehiago, berdintasun gehiago» lelopean

Hirugarren urtez jarraian, Kooperatiben Kontseiluak eta KONFEKOOPek Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu dute martxoaren 8an, «Kooperatiba gehiago, berdintasun gehiago» lelopean. Oraingoan, honako hauei egin zaie omenaldia: Bidegintza familia eta gizabanakoarentzako zerbitzu-kooperatibari, Ediren osasun-kooperatibari eta Leire Mugerza MONDRAGON Korporazioko Batzorde Iraunkorreko lehendakariari.

«Kooperatibismoan aukera berdintasunari eta Euskadiko emakumeen ahalduntzeari egindako ekarpenagatik» egin zaie aitortza. Ekitaldiari hasiera emateko, Idoia Mendia Cueva bigarren lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburuak hartu du hitza. Ondoren, Vanessa Sánchez aurkezleak, bideo batzuk aurkeztu ditu.

Saritutako kooperatibek eta pertsonak berdintasunaren arloan egindako ekarpenen berri eman dute bideo horiek. Ondoren, emozioz betetako aintzatespenak banatu dituzte. Bidegintzaren aldetik, Kontseilu Errektoreko kide Monica Morantek jaso du saria. Ediren kooperatibaren aldetik, Beatriz Fernandez Corres lehendakaria eta Idoia Madarieta Aguirre, lehen lehendakaria izandakoa, igo dira agertokira. Halaber, Leire Mugerzari egin zaion aintzatespena, bere ibilbide profesionalagatik, erantzukizuneko karguetan beste hainbat emakumeri ateak ireki dizkion aitzindaria izan baita. MONDRAGONeko Kongresuko Batzorde Iraunkorreko lehendakaria da Mugerza, eta 25 urtetik gorako ibilbide profesionala du enpresa kooperatiboetan.

Ekitaldiko anfitrioiek, Kooperatiben Kontseiluko Belen Balerdik eta KONFEKOOPeko Rosa Lavínek, honako hau adierazi dute beren hitzaldian: «Kooperatibismoan eta feminismoan balio berak ditugu: berdintasuna eta justizia. Hori dela eta, enpresa kooperatiboen ereduak berdintasunezko gizarterantz aurrera egiteko aukera ematen digu». Ildo horretan, bermatu dute bi erakunde horiek ekintzak bultzatzen jarraituko dutela, printzipio horien alde egiteko, eta lagunduko dutela enpresa-eredu berdinzaleago bat lortzen, emakumeekin bidezkoagoa izango dena; izan ere, «kooperatibismo gehiago, berdintasun gehiago».

Ekitaldian ordezkaritza instituzional zabala izan da: Bakartxo Tejeria Otermin, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Maider Etxebarria, lehen alkateordea eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzia, eta Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, beste agintari batzuekin eta hainbat erakundetako ordezkariekin batera.

IBILBIDEAREN SARIA: Leire Mugerza

Leire Mugerzak (Mutriku, 1976) Ingeniaritza Mekanikoko ikasketak egin zituen Mondragon Unibertsitatean, eta, 1998an, Bizkaiko Eika kooperatiban hasi zuen bere karrera profesionala. Kooperatiba horrek industria-arloan dihardu, eta Mugerzak hainbat funtzio garatzeko aukera izan zuen bertan. Kalitatearen eta Sistemen zuzendaria izan zen, eta, aldi berean, kooperatibako Kontseilu Errektoreko lehendakaria. 2008an, MONDRAGON Taldearen Ezagutza Arloan dagoen Lea Artibai Ikastetxea kooperatiban jarraitu zuen bere ibilbidea. Gainera, 2012az geroztik, Eroski kooperatibako Kontseilu Errektoreko lehendakaria da. Eroskiko bazkide kontsumitzailea ere bada. 2022. urtearen hasieran, MONDRAGONen Kongresuko Batzorde Iraunkorrak Mugerza izendatu zuen organo horretako zein Kongresuko lehendakari. 2012az geroztik izan da Batzorde Iraunkorreko kide, eta, lehendakari izendatu ondoren, kargu hori betetzen duen lehen emakumea da.