Irakurriena
- 1. MONDRAGONek etorkizuneko negozioak eta gizarte inpaktua indartzeko estrategia berretsi du aurtengo Kongresuan
- 2. MLAKOOPek 60. urteurrena ospatu du eta etapa berri bati ekin dio etorkizunari begira
- 3. Beste bi urtez EU4Dual Europako proiektuaren lidertzan
- 4. Kreanek eraikiko du Lascaray-LEAren lantegiaren aro berria
- 5. Gutun irekia Arizmendiarrietari
- 6. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
"Moztu egingo da elkarlana, ez da gauza bera barruan ala kanpoan egotea"
Leire Mugerza MONDRAGONeko Batzorde Iraunkorreko presidenteak aitortu duenez, Ulma eta Orona taldeek Korporazioa uztea erabakitzen badute —ostiralean dituzte hori ebazteko bozketak— kalte ekonomikoa baino, ondorio nagusia izango da "gurekin etxea konpartitu duten batzuk joan egingo direla. Hainbeste gauza egin ditugu elkarrekin, eta orain moztu egingo da elkarlana. Ez da gauza bera kanpoan ala barruan egotea", ohartarazi du.
Mugerzari elkarrizketa egin diote Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Azaldu duenez, "prentsatik" ezagutu dute bi taldeen asmoa eta, euren ustez, "bazegoen beste era bat, ondo egiteko moduan zegoen, elkarrekin, nahiz eta desadostasun sakonak eduki". Korporazioko Kongresuko presidentea ere badenak azpimarratu du oraindik ez dituztela Ulmaren eta Oronaren arrazoiak ezagutzen. Ekainean korporazioarekin beste harreman bat izatea proposatu zietenean, "ez ginen edukian sartu, baina galdetu genien zein zen arrazoia: ez ziguten eman". Gainera, kongresua urte amaieran izanda, "presaka" hartu behar zuten erabakia. "Erantzun genien izaera aldaketa bat zela, beste MONDRAGON bat izango zela", argitu du.
Mugerzaren ustetan, "elkarrekin gehiago gara, eta ez da siniste bat, errealitate bat da. MONDRAGONen txapela azpian denok gaude ondo". Hala, Mugerzak azpimarratu du kooperatiben taldea "oso indartsu" dagoela, aitortu badu ere "mina eginda dagoela". Dena dela, azkenean taldea uztea erabakitzen badute, "eurena izango da erabakia, eta beste enpresekin dugun erlazio bera izango dugu eurekin". Lagun Arok eta Mondragon Unibertsitateak Ulma eta Orona taldeei zerbitzuak eskaintzen jarraituko ote duten galdetuta, Mugerzak esan du hori "Lagun Aroren eta Mondragon Unibertsitatearen bertako organoek" erabakiko dutela, "autonomoak dira eta".
Azkenik, Mugerzak nabarmendu du ez dutela uste beste kooperatiba batzuek Ulmaren eta Oronaren bide bera hartzea: "Asko batu gara, ez ditugulako ulertu egiteko era hauek. Bazkideok nahi duguna izango da MONDRAGON; oso batuta gaude, eta etorkizunean ere batuta egongo gara".
Entzun elkarrizketa: https://eitb.eus/A_9VX6vd/