Irakurriena
- 1. Beste bi urtez EU4Dual Europako proiektuaren lidertzan
- 2. Kreanek eraikiko du Lascaray-LEAren lantegiaren aro berria
- 3. Gutun irekia Arizmendiarrietari
- 4. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
- 5. Orbea saritua izan da 2026ko Euskadi GJHen sarietan
- 6. Ruben Gabilondo, Orbeako presidentea: “Orbeako urte onenetako batzuk bizitzea tokatu zait”
MONDRAGONen hitzordurik udatiarrena Donostiako Kursaalen
Egunak ikusgarri esnatu du Donostian eta Gipuzkoan. A8 autobideak ere azkenaldian bezala jarraitzen du, iraupen luzeko obra pare bat badira, baina eguraldi onarekin eta euririk gabe, dena da errazagoa, baita lurraldea zeharkatzen duten auto eta kamioien joan-etorriarentzat ere. Trafiko handia, betiko lez, eta gaurkoan gainera, kongresu eguna izanik, horietako asko kooperatibistak izango dira, handik eta hemendik, Donostiara goiz gerturatu nahian. Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Bizkaiko barnealdetik Jazzaren, zinearen eta gastronomiaren hirira.
MONDRAGONen puntualtasuna oso preziatua da, eta hitzordura deitutako pertsona gehienak Kongresuaren hasiera baino askoz lehenago iritsi dira. Goizeko hamarretarako Kursaaleko kanpoaldea kongresistaz bete da, baten batek kafe bat ere eskatzen zuen goiztiarrenentzat, "hitzordura ondo esna sartzeko". Eskaera hori antolatzaileentzat, 2027ko hitzorduko hobekuntzen zerrendan jasotzeko.
Aurpegi ezagun asko, batzuentzat estreinaldia eta beste askorentzat urteroko hitzordua. Agur formalak eta oso efusiboak, denetarik dago berriz elkartzen direnen artean, batzuk urtean behin. Botoa jaso, dena ondo dagoela ziurtatu eta listo. Goizeko uneren batean, sortutako ilarek gehiago dirudite Loiuko aireportukoak abuztuaren 1ean, baina jende asko oso goiz hurbildu denez, erraztu egiten du aretorako sarbidea.
Urte lasaia da, ohiko biltzarra, eta ez da ezustekorik espero. Horregatik guztiagatik, hemen eta horrela dena errazagoa da, A8an bezala euririk gabe. 10:30ean, puntualtasun britainiar eta gipuzkoarrarekin ekin da saioa. Hitzorduari hasiera emateko, Leire Mugerza Kongresuko lehendakariaren ongietorri hitzak entzun ditugu. Ondoan, mahai presidentzialean, Koldo Kortabitarte Kongresuko presidenteordea, Amets Ugalde Kongresuko idazkaria eta Pello Rodriguez MONDRAGON Korporazioko presidentea daude.

Eszenatokian Batzorde Iraunkorreko kideak ere, denak eroso jarrita. Korporazioko dibisio guztiak ordezkatuz. Aitziber, Xabier, Josean, Lorea, Karmelo, Mariasun, Mikel, Erik, Xaber, Jon, Patxi, Andoni, Julian, Luis eta Iñigo.
Kongresura deitutako 650 biltzarkideetatik, 465 dira ordezkatuak, horietako asko eserlekuetan saioa jarraitzen daudenak. Hasi da kongresua. Ondo hasi gainera. Eta ezin zitekeen beste modu baten izan. MONDRAGONentzat, oro har, urte ona izan baita. Ez nuke kronika amaitu nahi letra hauek idazten dituenarentzat garrantzitsua den beste xehetasun bat aipatu gabe. Euskara da Kongresuko hizkuntza. Ekitaldi ia osoa, hitzaldien %98,13, euskaraz egin dira, normaltasun osoz. Komunikatzeko, negozioez eta estrategiaz hitz egiteko ere balio du euskarak, eta MONDRAGONek horrela egiten du aspalditik.