Irakurriena
- 1. KIDEk Berriatuan elkartuko ditu bere produkzio lantoki guztiak 2022 urterako
- 2. Nola egin aurre krisialdi bati kooperatibismotik?
- 3. Mondragon Goi Eskolak diruz lagundutako 70 ikastaro baino gehiago emango ditu profesionalak prestatzeko
- 4. LABORAL Kutxak 87 milioi euroko irabaziak lortu ditu 2020an, eta kaudimen-lidergoa indartu du
- 5. Euspot lehiaketak “Nekazaritzatik bizi nahi dugu!” izango du hizpide
- 6. IKERLANek “garun” pertsonalizatu bat diseinatu du Pasaban Taldeko makinetarako
- 7. Energia berriztagarria sortzeko kooperatibak sustatuko dituzte KREANek eta Energiaren Euskal Erakundeak
- 8. Rosa Carabel, Eroskiko zuzendari nagusia
- 9. Fagor Ederlanek 1,5 milioi euro bideratu ditu gizarte egitasmoak laguntzera
- 10. Urssa negozioari eusteko ahaleginetan
MONDRAGONek Iradokizun Postontzia ireki du euskararen erabileran eragiteko

Hizkuntza normalizatu gabe egotearen beste ondorioetako bat baino ez da: antzemandako hizkuntza eskubide urraketaren gainean dagokion salaketa, iradokizun edo eskaera egin ahal izateko webgune, telefono edo postontziak abiatzea.
Kontseiluak Behatokia zerbitzua abiatu zuen 2001eko ekainean eta Eusko Jaurlaritzak Elebide 2006ko azaroan. MONDRAGONek, bestalde, barne kontsumorako baina, taldeko kooperatiba kideentzat euskararen Iradokizun Postontzia prestatu zuen 2014an; harrezkero estranet korporatiboan erabilgarri dagoena. Eta, zentzu horretan ere, asko dira, euskararen presentzia eta erabilera hobetze aldera, intzidentzien gainean barne sistemaren bat abian duten kooperatibak.
MONDRAGONen Iradokizun Postontzia
MONDRAGON Korporazioko kooperatibek erabilgarri dute estranet korporatiboan euskarari buruzko Iradokizun Postontzia
Postontzia MONDRAGONen Euskara Batzordeak eta bere gidaritzapean diharduen Mahai Teknikoak abiatutako egitasmoa da, eta helburutzat du, kooperatibek elkarri eraginez, Korporazioko kooperatibetan euskararen presentzia eta erabilera hobetzea.
Korporazioko kooperatibaren baten euskararen inguruan zer hobeturik antzematen duen MONDRAGONeko bazkide orok erabil dezake Postontzia horren berri emateko. Horretarako, estranetean goiko aldean banner formatuan agertzen den Iradokizun Postontzia sakatu ondoren, dagokion iradokizuna erregistratu behar da.
Postontzia norberarena ez den beste kooperatiba bati buruzko zer hobetuak iradokitzeko tresna da. Beraz, Postontzia ez da norberaren kooperatibaren zer hobetuak iradokitzeko, horiek kooperatiba bakoitzaren barruko bideetatik joan beharko lirateke eta.
Halaber, Iradokizun postontzia euskararen aldeko jokaeren aurrean esker ona adierazteko ere erabil daiteke.
Jasotako iradokizun edota eskaera aztertu ondoren, eta MONDRAGONen Euskara Normalizatzeko Oinarriak aintzat hartuta, dagozkion eginbideak garatzen dira, eta horien berri ematen zaio iradokitzaileari. Erabateko konfidentzialtasunaz jokatzen da eta ez dira iradokitzailearen datuak zabaltzen.
Orain arte denetariko eskaerak jaso dira Iradokizunen Ponstontzian; honakoak, besteak beste: kooperatiba bateko segurtasun langileak euskaraz ez ulertzea eta erdaraz egin behar izatea, webgunea erabat erdaraz egotea, zerbitzua euskaraz ematen duten profesionalak (edo soilik erdaraz ematen dutenak) identifikatzeko eskaera, Politika Sozioenpresarialean euskararen normalkuntza ildotzat hartzea, Zentro Korporatibotik zabaldutako dokumentu jakin bat erdara hutsen zabaldu izana, eta bezerotzat kontsumitzailea duen filial batek telefono erantzungailua erdara hutsen izatea.
Behatokia
Hizkuntz Eskubideen Behatokia Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatu eta bideratu duen fundazioa da. Euskararen lurralde batzuetan hizkuntza-eskubideen bermean atzera pausoak ematen zirela eta beste batzuetan behar bezalako aurrera pausoak ematen ez zirela ohartuta abiatu zen Behatokia.
Behatokia, bere webguneak dioen moduan, Euskal Herriko herritarren hizkuntza-eskubideez arduratzen da eta eskubide horiek Euskal Herri osoan, arlo publikoan zein sozioekonomikoan, babestera zuzentzen du bere jarduera. Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzera zuzentzen du bere jarduera Behatokiak.
Behatokiaren zerbitzua Euskal Herriko edozein herritar eta elkarteren eskura dago, eta kexak egiteko, jokabide eredugarriak zoriontzeko edo kontsulta egiteko honako bideak eskaintze ditu: webgunea (www.behatokia.eus), e-posta (telefonoa@behatokia.eus), telefonoa (+34 948 146 172 / +33 (0) 524335095) eta mugikorrerako eginiko Akuilari app aplikazioa.
Elebide
Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko zerbitzua Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abiatu zuen 2016. urtean. Bere webgunean azaltzen duen arabera, helburutzat du Euskal Autonomia Erkidegoan benetako elebitasuna lortzeko bideak jartzea.
Salatuak diren entitateei informazioa eta aholkularitza eskaintzen dizkie Elebidek, hizkuntzak behar bezala erabil eta zaindu ditzaten. Aldi berean, zerbitzua zabalik dago bai hizkuntza eskubideen inguruko eta bai zerbitzuaren beraren hobekuntzarako proposamen edo iradokizunak jasotzeko.
Herritarrak bere kexa, kontsulta edo iradokizuna webgunean bertan egin dezake, baita telefonoz (012 EAEtik, 945018000 EAEz kanpotik bada) eta e-postaz (elebide@ej-gv.es) ere.