Irakurriena
- 1. Fagor Arrasatek HERPASAren ekoizpen-unitatea erosi du, altzairu herdoilgaitzezko deposituen espezialista
- 2. Orbea saritua izan da 2026ko Euskadi GJHen sarietan
- 3. Ruben Gabilondo, Orbeako presidentea: “Orbeako urte onenetako batzuk bizitzea tokatu zait”
- 4. Bazkide eta birkokatuentzako birkualifikazio programa amaitu du Fagor Ederlanek
- 5. Arizmendiarrieta Gunea zabalik da Otaloran
- 6. Eroski Taldeak 17,8 milioi euroko emaitza positiboa izan du 2026ko lehen hiruhilekoan
Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Euskara Planak 20 urte bete ditu
2025/2026 ikasturtean Mondragon Goi Eskola Politeknikoak Euskara Planaren 20. urteurrena ospatu du. Hala ere, urteurrenak ez du esan nahi euskararen aldeko lana orduan hasi zenik. Izan ere, plana martxan jarri aurretik ere urte luzez egin ziren ahaleginak euskarazko irakaskuntza indartzeko, komunikazioa euskaraz sustatzeko eta motibazio-ekimen ugari garatzeko.
Prozesua egituratu eta talde-identitatea indartu
Euskara Planaren sorrera eta ondorengo garapena gertutik bizi izan ditu Xabier Arrasatek, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko irakasle eta Koordinazio Orokorreko kideak. Haren ustez, planaren ekarpen nagusietako bat prozesua formalizatzea izan da: “Plan estrategiko bat dugu, urteroko kudeaketa-plana, adierazleak eta ekintza zehatzak. Horrez gain, euskarak gure talde-identitatea sendotzen lagun dezake, eta hori ezinbestekoa da talde-lanerako, bai enpresetan eta baita beste esparru batzuetan ere”.
“Plan estrategiko bat dugu, urteroko kudeaketa-plana, adierazleak eta ekintza zehatzak. Horrez gain, euskarak gure talde-identitatea sendotzen lagun dezake, eta hori ezinbestekoa da talde-lanerako, bai enpresetan eta baita beste esparru batzuetan ere”
Euskara Planaren 20 urteko ibilbidea gertutik ezagutzen duen beste protagonista bat Xabier Sagarna da. Irakaslea eta Koordinazio Orokorreko kidea izateaz gain, euskara koordinatzailea izan da planaren hasieratik. Haren esanetan, urte hauetan normalizazioan aurrerapauso handiak eman dira: “Gaur egun normaltzat jotzen ditugun gauza asko pentsaezinak ziren duela urte batzuk. Nolabait, euskararen erabilera normalizatu dugu, baina oraindik badugu aurrera egiten jarraitzeko erronka”.
“Gaur egun normaltzat jotzen ditugun gauza asko pentsaezinak ziren duela urte batzuk. Nolabait, euskararen erabilera normalizatu dugu, baina oraindik badugu aurrera egiten jarraitzeko erronka”
Egindako bidea eta etorkizuneko erronkak
Bi hamarkada hauetan askotariko ekimenak jarri dira martxan, eta nabarmen hazi da euskararen erabilera langileen artean, bilera garrantzitsuetan eta hizkuntza-gaitasunean ere. Hala ere, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak argi du lana ez dela amaitu, eta euskarak lan-munduan duen presentzia sendotzen jarraitzeko hainbat erronkari aurre egin beharko zaiola.
Beste erakunde batzuei Euskara Plana martxan jartzea gomendatuko liekeela dio Arrasatek: “Animatuko nituzke horretan murgiltzera. Giro soziala hobetzeko eta talde-identitatea sendotzeko tresna baliotsua da. Enpresak euskararen erabilera sustatzen duenean eta kolektiboak hizkuntza balioan jartzen duenean, lankideen arteko kohesioa, gertutasuna eta erakundeko kide izatearen sentimendua indartzen dira”.
“Animatuko nituzke horretan murgiltzera. Giro soziala hobetzeko eta talde-identitatea sendotzeko tresna baliotsua da. Enpresak euskararen erabilera sustatzen duenean eta kolektiboak hizkuntza balioan jartzen duenean, lankideen arteko kohesioa, gertutasuna eta erakundeko kide izatearen sentimendua indartzen dira”
Urteurrena ospatuz
Ikasturteari amaiera emateko, uztailaren 2an ospakizun berezia egin zuten Euskara Planaren 20. urteurrena gogoratzeko. Ekitaldiak azken bi hamarkadetan egindako lana aitortzeko eta etorkizunari ilusioz begiratzeko balio izan zuen.