Mondragon Unibertsitateak ikasturte akademikoa inauguratu du Orona-Ideoko fakultatean

Ez da kasualitatea izan Orona-Ideoko fakultatearen aukeraketa 2018-2019 ikasturtearen inaugurazio ekitaldi ofizialerako. "Berrikuntza, transformazioa arnasten da hemen eta Orona bezalako enpresa handien estrategiarekin erabat lerrotuta dago MU, erreferenteak berrikuntzan eta eskaintza dualean", adierazi du Jon Altunak, Mondragon Unibertsitatearen errektoreordeak.
Card image cap
2018/09/14

«Gure benetako bokazioa eta xedea dira hezkuntzaren bidez gizartea eraldatzea eta Herri hau herrialde industrial, lehiakor eta aurreratuentzako eredu bihurtu nahi duten pertsonak eta gazteak prestatzea». Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak unibertsitatearen konpromisoak azpimarratu ditu 2018-2019 ikasturtearen irekiera-ekitaldi ofizialean. Zehazki, gazteen prestakuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia dira konpromisook, bai eta enpresarekin lankidetza estuan aritzea ere. Eta horiek DNAn daramatza Mondragon Unibertsitateak.

MU inaugura el curso académico 2017/2018 en Orona Ideo

Goi Eskola Politeknikoak Orona Fundazioan duen campusean abiatu da ikasturte berria; izan ere, 75 urte bete dira Goi Eskola Politeknikoaren hazia erne zela, euskal gizartearen beharrei erantzuteko. Horixe izan zen, 1943an, gerora Mondragon Unibertsitatea eta Mondragon kooperatiba-taldea izango zirenen jatorria. Errektoreak zuzendu du ekitaldia, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eman dio irekiera ofiziala ikasturteari. Horiekin batera izan dira, besteak beste: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Mondragon Unibertsitateko lehendakari Mikel Álvarez, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacoba, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Telleria, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano eta beste agintari batzuk. 

Euskal Unibertsitate Sistema

Euskal Unibertsitate Sistemako 3 unibertsitateen osagarritasun eta lehiakortasun positiboaren eginkizuna aldarrikatu du errektoreak, eta lantzen ari diren Unibertsitate Plan berriari buruz hauxe esan du: «sistema on bat behar dugu, unibertsitate-trebakuntza ahalik eta onena eskaintzeko eta gizartearekin dugun konpromisoari erantzuteko». Bere iritzian, «herrialde handietako unibertsitateekin ezin gara lehiatu ez tamainan eta ez bolumenean. Ondorioz, espezialistak izan behar dugu, arinagoak, berritzaileagoak; eta berrasmatzen ikasi behar dugu».

5.000tik gora ikasleko unibertsitatea da MU eta bereziki enpresarekin duen harremanak bereizten du gainontzekoengandik

Testuinguru horretan, Mondragon Unibertsitateak urtero betetzen du erronka hori. Bestalde, zuzentzen duen graduko, masterreko eta doktoregoko 5.000tik gora ikasleko unibertsitate honen hobetzeko grina nabarmendu du errektoreak. Esan du ezaugarri hauek bereizten dutela, besteak beste, beste unibertsitate batzuetatik: enpresekiko harreman estuak —«prestakuntza dualean liderrak gara Euskadin eta Espainian»— eta horiekiko ezagutza-transferentziak; hezkuntza-berrikuntzak —ikasleek unibertsitate-garaian bizi duten esperientzia hobetu eta aldatzea helburutzat harturik, gradu berriak eta ikasteko metodologia berriak garatzen ditugu—; bikaintasunezko ikerketa aplikatuak eta nazioartekotzeak.

Ildo horretan, «Mondragon Unibertsitateak Euskadiren garapenean egin dezakeen ekarpenik handiena da gazteei goi-mailako prestakuntza ematen jarraitzea eta enpresei lehiakorrak izaten laguntzea», azaldu du. Haren ustetan, Euskadi moduko herrialdeetan pertsonen gaitasunari, enpresen lehiakortasunari eta ekonomiaren hazkunde iraunkorrari lotuta dago lehiakortasuna. «Euskadi munduan herrialde lehiakorra izatekotan, gainerako herrialde lehiakideek baino gazte lehiakorragoak prestatu behar ditu, ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak dituzten gazteak». Izan ere, errektoreak nabarmendu duenez, «Euskadik bere gazteen talentua ahalik eta gehien aprobetxatu behar du, ezinbestean».

Esku-hartzea amaitzeko, Mondragon Unibertsitateak bere historiaren 75 urteetan emandako hezkuntzaz hitz egin du errektoreak. Izan ere, familia askok eta askok izan dute aukera seme-alabei hezkuntza eta etorkizun hobea emateko, gizarte-egoera eta gaitasun ekonomikoa gorabehera.

Irekitze-hitzaldia Goi Eskola Politeknikoko irakasle ikertzaile Goiuria Sagardui doktoreak eman du, izenburu honekin: « Mondragon Goi Eskola Politeknikoa: 75 urte jakintza sustatuz. Software Ingeniaritza: 50 urte etorkizuna eraikitzen».

MU inaugura el curso académico 2017/2018 en Orona Ideo

2017-2018 ikasturtearen balantzea

Bestalde, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobak 2017-2018 ikasturteko txosten akademikoa aurkeztu du. Nabarmendu du Mondragon Unibertsitateak, graduko 15 tituluez gain, Informatika Ingeniaritzako eta Telekomunikazio Sistemen Ingeniaritzako gradu bikoitzak eta 15 master ofizial eman zituela, horietako 2 berriak. Gainera, 15 titulaziok, 10 graduk eta 5 masterrek hezkuntza dualaren ziurtapena lortu zuten Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Ondorioz, Mondragon Unibertsitatea liderra da, Euskal Herrian, titulazio dualak eskaintzen, eta Mondragon Unibertsitateak bere historian zehar arlo horretan lortu duen eskarmentua bermatzen du.

2017-2018 ikasturteko matrikulazioen azterketaren arabera, guztira 4.804 ikaslek eman zuten izena, aurreko ikasturtean baino % 9 gehiagok. Horietatik, 4.087 graduko titulazioetan eta 717 unibertsitate-graduondokoetan matrikulatu ziren. Gainera, 6.656 lagun matrikulatu ziren graduondoetan, titulu propioetan eta unibertsitateak eskola presentzial, erdipresentzial eta onlinekoetan eskaintzen dituen profesionalentzako beste ikastaro batzuetan.

Gero eta gehiago dira, gainera, prestakuntza atzerrian burutzen duten ikasleak eta Mondragon Unibertsitatean ikasten duten beste herrialde batzuetako ikasleak. Aurreko ikasturtean, 1.042 ikasle joan ziren atzerrira (aurreko ikasturtean baino % 27 gehiago). Ikasle atzerritarrak, berriz, 399 izan ziren.

Mondragon Unibertsitateak I+Garen alorrean egindako jarduerari dagokionez, Unibertsitatearen ustez, bere 3 jarduerak (irakaskuntza, ikerketa eta transferentzia) biltzea da irakaskuntzaren kalitatea areagotzeko eta gizarte-konpromisoa betetzeko modurik eraginkorrena. 2017-2018 ikasturtean zehar, gorakada nabarmena izan du jarduera horrek —aurreko urtean baino % 25 handiagoa izan da—, hala sarreretan nola proiektuen eta transferentzia-jardueren kopuruan: 549 proiektu edo transferentzia-jarduera gauzatu dira.

Ikerketaren eta transferentziaren eremuetako jarduera horren zatirik handiena elkarlaneko ikerketako programen baitan bideratzen da. Eredu horretan, ikerkuntza eta epe luzerako elkarlaneko parte-hartzea uztartzen dira, funtsezko 3 eragileetan (unibertsitatean, teknologia-zentroetan eta enpresetan). Era berean, enpresan lan egingo duten gazteen trebakuntza jorratzen da elkarlaneko ikerketako programa horietan.

Gaurko inaugurazioaren argazki bilduma.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa