Irakurriena
- 1. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 2. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 3. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 4. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 5. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 6. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 7. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 8. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 9. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 10. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
Mondragon Unibertsitateak bost gradu- eta graduondo-titulu berri eskainiko ditu 2022/2023 ikasturtean
Mondragon Unibertsitateak hazten eta bere eskaintza sendotzen jarraituko du datorren 2022‑2023 ikasturtean graduko zein graduondoko tituluetan; izan ere, titulu berriak eskaini eta lehendik daudenak berrituko ditu. Unibertsitateak Ingeniaritza Fisiko eta Matematikoko Gradua eta lau graduondo sartu ditu bere eskaintza akademikoan.
Unibertsitateko errektore Vicente Atxak Mondragon Unibertsitatearen eskaintza akademikoan 2022‑2023 ikasturterako egongo diren berritasunak aurkeztu zituen pasa den ostiralean.
Besteak beste, beste bost titulu eskainiko dira —gradu bat eta lau unibertsitate-master—, gure gizartean sortzen ari diren eta sortuko diren beharrei eta aldaketei erantzuten jarraitzeko, eta eskatzen diren lanpostu berriak bete behar dituzten pertsonak trebatzeko.
2023‑2023 ikasturteko berritasunak
Hain zuzen, irailetik aurrera, unibertsitateak beste gradu bat eskainiko du Ingeniaritzan, Ingeniaritza Fisiko eta Matematikoko Gradua, eta lau unibertsitate-master: Energia Sistema Adimendunak, Operazio Logistiko Produktiboen Zuzendaritza, Negozio Adimenerako Datuen Analisia/Business Analytics eta Gastronomiako Irakasleen Prestakuntza. Eskaintza berria Unibertsitateak dagoeneko ematen duenari batuko zaio. Hala, 2022‑2023 ikasturtean, Mondragon Unibertsitateak hau eskainiko du, guztira: 18 gradu-titulu eta 19 unibertsitate-master, lau doktorego-programa, eta, horrez gain, zenbait graduondo-titulu —propioak eta aditu-ikastaroak— bere zortzi ezagutza-alorretan: ingeniaritza, ekintzailetza, enpresen kudeaketa, hezkuntza, humanitateak, komunikazioa, kooperatibismoa eta gastronomia.
Ingeniaritza Fisiko eta Matematikoko Gradua
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ingeniaritzako beste gradu bat izango du datorren ikasturtean. Beraz, eskolak hamar gradu eskaintzen ditu dagoeneko ingeniaritzan (beste bederatziak formatu dualean daude). Gradu berria irailetik aurrera Bilbao AS Fabrik campusean emango da.Gradu berriak oinarrizko zientziak eta ingeniaritza uztartzea du xede, eta, hala, industriaren egungo eta etorkizuneko erronka teknologikoei aurre egiteko gai diren ikasleak trebatzea. Zientzia- eta ingeniaritza-arloetako prestakuntza sendoa lortu eta, hortaz, beharrezkoak diren konpetentziak eskuratuko dituzte ikasleek, fisika eta matematika aurreratuak konbinatzen dituzten proiektu konplexuak garatzeko, eta teknologia berriak garatzen lagunduko dute ingeniaritzako zenbait arlotan, hala nola robotikan eta elektronikan, bai eta adimen artifizialean, konputazio kuantikoan eta garatzen ari den beste eremu batzuetan ere. Beraz, ikasleak gai izango dira beren jarduera hainbat sektoretan garatzeko, hala nola energian, elektronikan, ekipo-ondasunetan, medikuntzan, ingeniaritzan eta irakaskuntzan. Unibasqek ez du oraindik onartu.
Energia Sistema Adimendunetako Unibertsitate Masterra Orona Ideo campusean (Hernanin) irailetik aurrera emango da. Urte eta erdi iraungo du, eta aurrez aurre emango da. Master honen helburua energia-trantsizioak ekarriko dituen erronka berriei irtenbidea ematea da; horretarako, energia-sistemei buruzko ezagutzan sakonduko du: energia-komunitateak, mugikortasun elektrikoa, industria eta parke eolikoak edo fotovoltaikoak. Ikasleek zerbitzu berritzaileak diseinatuko dituzte, zenbait aplikazio, simulazio eta datu-analisiren ereduak erabiliz. Aplikazio-ingeniari baten eta datu-analista baten konpetentziak konbinatzen dituen profila da. Ingeniaritzetako tituludunentzat da, batik bat.
Operazio Logistiko Produktiboen Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra
Titulu berri hori Mondragon Unibertsitateko Arrasateko campusean emango da, urte eta erdiko iraupena izango du, eta aurrez aurre emango da.
Masterra aitzindaria da Euskadin, zuzendaritza logistiko produktibo jasangarri eta bikainaren alorrean. Masterrak profesionalak gaitzea du helburu, bezeroen beharrak aseko dituzten horniketa-kate bikainak, eraginkorrak eta balio erantsi handikoak garatu eta kudeatzeko gai izan daitezen.
Enpresek testuinguru ekonomiko berrian dituzten funtsezko erronkei erantzuten laguntzea da helburua, honetarako: produkzio-baliabideen ahalik eta eraginkortasunik handiena modu jasangarrian lortzeko, eta industria-arloko erakunde eta enpresei eskatzen zaizkien informazio- eta komunikazio-teknologia berriak (IKTak) erabiltzen hasteko, pertsonak ardatz dituen fabrikazioa sustatuz. Ikasleek Seis Sigman (GREEN BELT) lortutako ezagutza-maila egiaztatzen duen diploma bat lortuko dute, eta DDAE (DEMAND DRIVEN ADAPTIVE ENTERPRISE) kudeaketa integraleko ereduari buruzko ezagutza aurreratuak eskuratuko dituzte. Unibasqek ez du oraindik onartu.
Negozio Adimenerako Datuen Analisiko/Business Analytics-eko Unibertsitate Masterra
Masterra Bilbao AS Fabriken emango da, eta urtebeteko iraupena izango du. Adimen analitikoa hainbat negozio-esparrutan eraginkortasunez aplikatzeko behar diren konpetentziak eta gaitasunak ematea da haren helburu nagusia. Horretarako, eskura dauden datu-analisiko teknikak eta teknologiak erabiliko dira. Enpresek gehien eskatzen duten profiletako bat da.
Gastronomiako Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitateko Masterra
Gainera, Gastronomia Zientzien Fakultatearen (Basque Culinary Center-en) eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen arteko lankidetzaren ondorioz, Gastronomiako Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterra eskainiko da urrian online. Gastronomiaren arloan lan egiteko oinarri pedagogiko eta didaktiko sendoa nahi duten profesionalei prestakuntza ematea da masterraren helburua. Gastronomiaren esparruko hezkuntza- eta ikerketa-profesional gisa etorkizuneko erronkei erantzuteko gai diren irakasleak trebatuko dira programan. Gainera, gastronomiaren arloan ikaskuntza bideratzeko gai izateko prestakuntza jasoko dute.
Berritasun horiez gain, ikasturte honetan ematen ari den tituluez gain beste batzuk emango ditu Mondragon Unibertsitateak 2022‑2023 ikasturtean. Hauek dira:
- Berrikuntzan eta Kudeaketa Kooperatiboan Unibertsitate Aditu Titulua
Berrikuntzan eta Kudeaketa Kooperatiboan Unibertsitate Aditu Titulua online, formatu erdipresentzialean eta aurrez aurre emango da. Enpresa kooperatiboak eta ekonomia sozial eta solidarioko beste erakunde batzuk kudeatu, berritu eta zuzentzeko beharrezko konpetentziak ematea da ikastaroaren helburua, baita haien arteko lankidetza sustatzea ere.
Bestalde, Hezkuntzako tituludunentzat —bai Haur Hezkuntzan, bai Lehen Hezkuntzan—, Mondragon Unibertsitateak beste bi aipamen ezarriko ditu: bata psikomotrizitatean, eta bestea, entzumenean eta hizkuntzan. Biak erdipresentzialak izango dira Eskoriatzako campusean.
Beste programa berriak
Unibertsitateak datorren ikasturtean emango dituen titulu berri horiez gain, urtarrilean eta otsailean abian jarriko diren programa berriak daude. Hona hemen:
- Lan Etorkizunerako Pertsona, Kultura eta Talentuko Aditu Ikastaroa, Donostian (Adegirekin) emango dena, formatu erdipresentzialean. Aditu-ikastaro horren helburu nagusia giza baliabideen eta pertsonen kudeaketaren arloko profesionalei garatzen eta ikasten laguntzea da, pertsonak kudeatzeko estrategiez jabetzen eta beren erakundeetan horrelako estrategiak diseinatzen lagunduko dieten konpetentziak lor ditzaten, lanaren etorkizuneko joera berriak kontuan hartuta. Arloko profesionalen benetako bizipen inspiratzaileen bidez lortuko da hori guztia, bai eta horrek erakunde batean dituen ondorioen bidez ere.
- Marketing Data Analyticseko Aditu Ikastaroa (online), Enpresagintza Fakultatean. Marketinean, salmentetan eta bezeroekin lan egiten duten profesionalei lagunduko dien online programa da, bezeroekin eta marketinarekin lotutako insightak (gakoak) negozio-abantaila lehiakor bihur ditzaten. Erakundeek marketinaren esparruan dituzten erronkei aurre egiteko funtsezko tresna analitikoak lantzen ditu programak.
- Aliantza Operatiboen Diseinuko Aditu Ikastaroa (online). Kide estrategikoekin lankidetza-esperientziak diseinatzeko eta/edo negozio-aukerak esploratzeko sistematika bat eman nahi die parte-hartzaileei, proiektu espezifiko baten testuinguruan.
- Data Scienceko Aditu Ikastaroa, Industriatik Silver Economyraino. Otsailean jarriko da martxan, Urdulizen, eta erdipresentziala izango da.
Mondragon Unibertsitateak datorren ikasturtean eta aurten urtarriletik aurrera eskainiko dituen titulu berriei ikasturte honetan berritasun gisa eskaini duen prestakuntza-eskaintza gehitu behar zaie. Horrek agerian jartzen du merkatuaren beharrei aurrea hartzeko etengabeko ahalegina egiten duela unibertsitateak.
Hona hemen 2021‑2022 ikasturtean abiarazi diren titulazio berriak:
- Hidrogenoaren Teknologiei buruzko Unibertsitate arteko Masterra. Erdipresentziala izango da. Zati bat Bilbao As Fabriken emango da, aurrez aurre, eta beste zati bat, online. Mondragon Unibertsitateak beste unibertsitate batzuekin, lanbide-heziketako ikastetxeekin eta ikerketa-zentroekin batera diseinatutako eta Repsol‑Petronor taldeak sustatutako masterra da.
- Silver Economyrako Ekintzailetza Teknologikoko Masterra. Erdipresentziala izango da (zati bat online izango da, eta beste bat, aurrez aurre, Urduliz dorrean, Bizkaiko Foru Aldundiko Nagusi Intelligence Centre delakoaren egoitzan), eta diseinu industrialari lotuta egongo da. Masterrak hau du helburu: berrikuntza- eta ekintzailetza-prozesuak zuzentzeko eta bideratzeko gai diren profesionalak prestatzea, aldaketa demografikoaren erronkari erantzuteko.
- Komunikazio eta Kazetaritza Gastronomikoko Masterra. Urrian hasi zen, formatu erdipresentzialean (sei hilabetez, online prestakuntza emango da, eta hilabeteko aurrez aurreko prestakuntza Basque Culinary Center-en instalazioetan). Bi helburu ditu masterrak: batetik, profesionalei komunikazio gastronomikoari buruzko prestakuntza ematea, eta beste batetik, kazetaritza gastronomikoaren ikuspegi orokorra eta modernoa erakustea, nazio-mailan eta nazioartekoan elikaduraren arloan gaur egun dauden joeren berri emateko, gastronomiaren, elikaduraren eta sukaldaritzaren arloan indarrean dauden eduki sakonak kudeatze aldera.
- Fabrikazioko Europako Master Bikoitza. Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuaren (EITaren) EITE Manufacturing programaren barruan dago, eta robotika jasangarriari buruzko trebakuntza emango die profesionalei, fabrikazioaren arloan produktu eta zerbitzu berriak garatu ditzaten. Europako lehiakortasuna hobetzea du xede. Fabrikazioko Europako Master Bikoitza ematen duen estatuko unibertsitate bakarra da Mondragon Unibertsitatea. Lehenengo ikasturtea Arrasaten emango da, eta bigarrena, Austrian.
- Halaber, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Lehen Hezkuntzako graduko Berrikuntza Digitaleko aipamen berria emango du, Bilbao As Fabrik (Bilbo) campusean eta aurrez aurre. Aipamen berri horrekin, irakasleen ezaugarri digitalak garatuko dituzte ikasleek, irakatsi eta ikasteko prozesuan berrikuntza-prozesuak martxan jartzeko. Irtenbide profesional handiko aipamena da, gero eta handiagoa baita irakasleei hezkuntzaren arloko berrikuntza digitalari buruzko prestakuntza emateko beharra.
Hona hemen ikasturte honetan Unibertsitatea eskaintzen hasi den beste programa batzuk: Zibersegurtasun Industrialeko Aditu Ikastaroa (online); Industria Enpresen Eraldaketa Digitaleko Aditu Ikastaroa, erdipresentziala (aurrez aurreko zatia Arrasaten, eta beste zati bat, online); bi espezialitate berri DBHn, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan irakasle gisa aritzeko gaitzen duen Unibertsitate Masterrean, Bilbao AS Fabriken modalitate erdipresentzialean ematen direnak (batetik, teknologiako espezialitatea, eta bestetik, humanitate eta gizarte-zientzietakoa), eta Berrikuntza Digitaleko beste aipamen bat (Bilbao AS Fabrik). Gainera, Ikus-Entzunezko Komunikazioko Graduko komunikazio digitaleko ibilbidea duala izango da ikasturte honetatik aurrera.