Irakurriena
- 1. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 2. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 3. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 4. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 5. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 6. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 7. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 8. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
- 9. Gerodanek MONDRAGONen egoitza nagusiko ekipamendu proiektu berria garatu du
- 10. "Jaguar Land Roverrek funtsezko laguntzaile teknologikotzat hartzen gaitu"
Mondragon Unibertsitateak Bartzelonan ere emango du Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua (LEINN) irailetik aurrera
Gradua 2009an hasi zen ematen; hortaz, lehen promozioak aurten amaituko ditu ikasketak Gipuzkoako bi campusetan. Datorren 2013-2014 ikasturtean, hedatzeko prozesuak beste fase bati ekingo dio. Horrela, ikasketa akademikoa osatzen duten proiektu eta esperientziak hainbat ingurunetan gauzatuko dira. Graduaren muina, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan ematen da –Irunen eta Oñatin, eta, 2013tik aurrera, baita Bilbon ere, Donostiatik hurbil, hain zuzen ere MONDRAGON Korporazioaren eskutik kooperatibismoaren eta ekintzailetzaren sorlekuak diren hirietan–. Halere, datorren 2013-2014 ikasturtetik aurrera, programaren zati nabarmena (proiektu ekintzaileekin eta enpresekin egin beharreko praktikak) Bartzelonan ere garatuko da. Ondoren, arian-arian, gradua nazioarteko eremu berrietara zabalduz joango da. Prestakuntza osatzeko, ikasleek proiektu ekintzaile errealak gauzatuko dituzte. Horretarako ikasketa-bidaiak egingo dituzte Euskal Autonomia Erkidegora, Finlandiara, Silicon Valleyra eta garatzeko bidean dauden herrialdeetara, hala nola Txinara, Indiara eta Brasilera. Nazioarteko ikasketa-bidaia horiek (lerning journeys) egin aurretik, EAEko LEINNen hiru edo lau hilabeteko egonaldia egingo dute ikasleek.
Lidergoa eta Berrikuntza
LEINN gradu ofiziala da (Bolognara egokituta dago) eta mugarri bat ezarriko du unibertsitatean. Ikasle edo leinner talde honetako kide izateko aintzat hartuko diren ezaugarrietako batzuk honako hauek dira: berrikuntza, ekimena, espiritu ekintzailea, lidergorako eta elkarlanerako gaitasuna eta komunikaziorako iaiotasuna. Espediente akademikoak ere garrantzia izango du hautapen-prozesuan, baina ez da irizpide bakarra izango. Zergatik? Gradu horren arduradunek badakitelako ekintzaile izateko, espediente akademikoaz gain, beste gaitasun, trebetasun eta jarrera asko behar direla. Agian, adorea eta gogoa –ekiteko gogoa baina, batez ere, ikasteko gogoa– funtsezko kontzeptuak dira negozio bat, ideia bat, amets bat… abian jartzeko. “Sinetsi amets batean eta bihurtu egingarri. Bihurtu errealitate zure ametsak eta sortu elkarlanean benetan sinesten duzun hori”. Horixe da, Jose Mari Lizarraga coach edo trebatzailearen ustez, titulazioaren filosofia ongien laburbiltzen duen ideia.
Helburu horrekin sortu zen gradu ofiziala, eta dagoeneko unibertsitatearen zimenduak goitik behera irauli ditu, orain arte finkaturiko moldeak hautsiz. Leinner edo ikaslea irakasteko eta ikasteko prozesuaren erdigunean dago, eta coah edo trebatzailea –ez dago irakaslerik jada– ikasle ekintzailea gidatzen duen eragilea da. Ekintzailetza-prozesuan jarraitu beharreko bidea erakusten dio, eta bigarren plano batean geratzen da, ikasleak ekiteko orduan bide zuzenari jarraitzen diola zaintzeko. Hau da, haren erabaki, azterketa eta apustuak egokiak direla zaintzeko. Baina, horretan ere, gauzak aldatu egin dira. Jose Mari Lizarraga trebatzailearen hitzetan, “egia esan, poztu egiten gara leinner batek huts egiten duenean. Zergatik? Hutsegiteak ikasketa indartu egiten duelako. Eta ekintzailetzaren % 99 huts egiten dugunean gauzatzen dela uste dugulako. Hori bai, hutsegitea beste behin ez gertatzen saiatu behar dugu. Hori da guztia”. Zerbait aldatu da, bai horixe.