Irakurriena
- 1. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 2. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 3. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 4. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 5. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 6. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 7. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 8. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 9. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 10. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
Mondragon Unibertsitatea Zorrotzaurreko espazio berritzailean egongo da
Duela 10 urte, Bilbon hasi zuen jarduera Mondragon Unibertsitateak, eta, hurrengo ikasturtean, bere prestakuntza-eskaintza handituko du. Datorren ikasturtetik aurrera, unibertsitateak 27 prestakuntza-titulu eskainiko ditu Bizkaiko hiriburuan: bost unibertsitate-titulu eta bi titulu propio, Mondragon Unibertsitatearen Zorrotzaurreko campus berrian; 17 titulu, Bilbao Berrikuntza Faktorian (haietatik, hiru unibertsitate-titulu eta 14 titulu propio), eta Merkataritza Ganberan ematen dituen hiru tituluak. Datorren ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitatearen jarduera handitu egingo da Bilbon: Bilbao Berrikuntza Faktoriaz gain, Zorrotzaurreko esparru berria izango du. Hori azaldu dute Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaurko aurkezpenean.
Datorren ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitatearen jarduera handitu egingo da Bilbon: Bilbao Berrikuntza Faktoriaz gain, Zorrotzaurreko esparru berria izango du.
Bizkaian eskainiko dituen titulu berriei dagokienez, graduko bi titulu eta master propio bat emango ditu Zorrotzaurreko uhartean: Ingeniaritza Mekatronikoko Gradu Duala (unibertsitateak Bizkaian ematen duen lehen ingeniaritza-gradua), Humanitate Digital Globaletako Gradua eta Salmentei, Bezeroei eta Digitalizazioari buruzko Masterra. Gainera, hiriburuan lehendik ematen dituen beste lau titulu eramango ditu Zorrotzaurrera, uharteko eskaintza osatzeko; hain zuzen, Bilbao Berrikuntza Faktorian ematen dituen titulu hauek: Business Data Analytics Gradua, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Duala, Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntzan Unibertsitate Masterra, eta Executive GECEM Masterra. Eskaintza horri esker, unibertsitateak jarraipena ematen dio Bilboko Udalaren gidaritzapeko AS Fabrik europar proiektuari.
Eskaintza berritzailea eta praktikoa da, enpresen eta gizartearen etorkizuneko eraldaketetara eta benetako premietara oso egokitua. Merkatuak behar dituen profil berritzaileetako profesionalak trebatzea du helburu. Horiez gain, unibertsitateak Bilbao Berrikuntza Faktorian tituluak eta masterrak ematen jarraituko du, unibertsitate-arlokoak zein propioak. Guztira, graduko eta graduondoko 27 tituluk osatuko dute unibertsitateak Bilbon zabalduko duen eskaintza akademikoa.
Mondragon Unibertsitatea Bilbon
Unibertsitatearen jarduera ez da oraingoa Bilbon. 2009an hasi zen, Bilboko Merkataritza Ganberarekin elkarlanean, produkzio- eta eragiketa-zuzendaritzaren esparruko Executive Masterra emateko. Gaur egun, lankidetza horrek eskaintza zabalagoa ekarri du: Proiektu-Zuzendaritza, Logistika edo aurten abian jarriko den Datuen Babeserako Ordezkariaren Ikastaroa, etab.
Unibertsitatea Bilbon finkatzeko bigarren fasea 2013an hasi zen. Orduan, Bilboko Udalarekin elkarlanean, hiri-campus berritzaile bat jarri zuen martxan unibertsitateak: Bilbao Berrikuntza Faktoria, ikasteko, berrikuntzarako eta ekintzailetzarako ekosistema bat. Campus horretan, gradu hauek ematen dira: Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua-LEINN (ekintzailetzari buruzko Estatuko lehen gradua, ikasleen autonomia eta “sortzen ikastea” kontzeptua sustatzen dituzten Finlandiako ikasketa-metodologietan oinarritua); myGade (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Dual bakarra, graduko lau urteetan, eta datorren ikasturtetik aurrera Zorrotzaurren emango dena); eta Business Data Analytics Gradua (datu-analisiari buruzko Euskadiko lehen gradua; unibertsitatea aurten hasi da Bilbon ematen, Bilbao Berrikuntza Faktorian, eta, datorren ikasturtetik aurrera, Zorrotzaurren emango du). Horiez gain, graduondoko zortzi titulu ematen ditu: Marketin Digitaleko Masterra, Erakundeen Nazioartekotzeko Masterra, MBA Executive GECEM, Intraekintzailetza eta Berrikuntza Irekiko Masterra (MINN), Team Mastery (Team Coach-entzako programa), Zibersegurtasun Industrialean Masterra, Zerbitizazioko Aditu Ikastaroa, Kirol Berrikuntza Aditu Ikastaroa eta Marketin Digitaleko Espezializazio Diploma.
Orobat, duela bi urte baino gehiago, Bilboko Udalarekin batera, unibertsitatea AS Fabrik europar proiektuan murgildu zen. Proiektu horretan, askotariko ekimenak garatzen dira, gauzen internetaren, zerbitzu aurreratuen, datu-analisiaren, zibersegurtasunaren, enpresa-zuzendaritzaren eta ingeniaritzaren esparruetan, besteak beste.
Mondragon Unibertsitatea eta Zorrotzaurre
Mondragon Unibertsitateko prestakuntza-eskaintzak izaera praktikoa izan du hasieratik. Ildo horretan, beraz, merkatuaren eta gizartearen premiak hartu ditu beti aintzat, eta, enpresa-arloarekin duen lankidetza estuari esker, aurrea har diezaieke premia horiei, baita etorkizuneko erronkei ere.
Izan ere, premia berriek profil berriak eskatzen dituzte, eta Unibertsitateak titulu berrien bidez eta lehendik dituenak eguneratuz erantzuten die horiei. Azken finean, etorkizuneko erronketara egokitzeko gai izango den eskaintza berritzailea egin behar du.
Hain zuzen, Mondragon Unibertsitateak zazpi titulu eskainiko ditu hurrengo urtean: graduko lau eta graduondoko bat. Unibertsitateak Ingeniaritza Mekatronikoko Gradu Duala emango du Zorrotzaurren, Bilbon Mondragon Unibertsitataek eskainiko duen lehenengo ingeniaritza gradua izanik. Gradu hau Somorrostroko Prestakuntza Zentroarekin elkarlanean eskainiko da eta lanbide heziketa unibertsitateko formazioaren arteko lotura bultzatuko du. Lotura hau, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Sistemako 2019-2022 Planetan ardatz estrategikoetako bat da eta Mondragon Unibertsitatea erreferente de gai honetan estatu mailan. Mekatronikako Ingeniaritza Gradua, 2017/2018 ikasturtetik ematen dena, titulu bakar batean hiru ezagutza-eremu barne hartzen dituen Euskadiko lehen titulua da. Izan ere, hiru ezagutza-eremu horiek (mekanika, elektronika eta automatizazioa) modu bereizian irakasten ziren orain arte, enpresetan premia komunak izan arren. Hortaz, 4.0 industria-arloan oso prestakuntza-premia garrantzitsua estaltzen du Euskadin. Gainera, graduaren ikasketa-plana graduaren lerroko familiako heziketa-ziklo bat eginda daukaten ikasleentzat dago bereziki diseinatuta, lehenago hartutako gaitasunak aintzat hartzeko eta unibertsitate-ikasketak urtebete gutxiagoan egin ditzaten.
Zorrotzaurrek unibertsitatearen beste gradu bat hartuko du, Bilbon soilik emango dena: Humanitate Digital Globaletako Gradua. Gradu hirueleduna eta presentziala da, eta 40 plaza izango ditu. Gradu horretako ikasleek gizarte-fenomenoei eta erronka globalei buruzko ezagutza sakona lortuko dute. Horretarako, diziplinarteko moduluak landu eta euren autoezagutzan sakonduko dute, baita gizarte digital globaletan funtsezkoak diren gaitasunetan ere, hala nola erresilientzian, pentsamendu kritikoan, sormenean, gizarte-eraldaketan eta komunikazioan. Halaber, gizarte-berrikuntzako azken joerak ere ezagutuko dituzte, euren bidaiei eta adituen bisitei esker. Graduak ikasketa globaletan (diplomazia, enpresa globalak eta kultura-aniztasuna) eta humanitate digitaletan (smart social design eta gobernantza digitala) espezializatzeko aukera eskaintzen du.
Graduak etorkizuneko lanbideei eta erronkei aurre egiteko prestakuntza emango die pertsonei. Gainera, gizarte- eta giza zientzietan sakonduko du, kontzeptu berri baten bidez. UniberZiutatea da kontzeptu hori, eta campusa hiri osora hedatzea du helburu, gizarte-eragileekin lankidetzan. Lortutako prestakuntzari esker, gizarte teknologiko globalak sortutako erronken aurrean erabakiak hartzen eta erronka horiei erantzuten ikasiko dute ikasleek.
Bestalde, Business Data Analytics Gradua, ikasturte honetan Bilbao Berrikuntza Faktorian martxan jarria, Zorrotzaurreko egoitzan emango da datorren ikasturtetik aurrera. Euskadin datu-analisiari buruz ematen den lehen gradua da (unibertsitateak Bilbon soilik ematen du). Datu-kopuru handiak (Big Data) aztertzeko, interpretatzeko eta erakundeentzat balio bihurtzeko gai diren profesionalak trebatzea da graduaren helburua. Horri esker, hainbat esparrutako erabaki estrategikoak babestu, euren enpresa-estrategiak hobetu, antolaketa-prozesuak optimizatu eta negozio-eredu berriak diseinatu ahal izango dituzte. Business Data Analytics Graduak modu integralean uztartzen ditu enpresa-kudeaketako, matematikako, estatistikako eta teknologiako ezagutzak. Gaur egun, datuen analisiari lotutako profesionalen eskari handia dago enpresetan, baina prestakuntza-gabezia nabarmena ikusten da, aldi berean, unibertsitateetan. Graduaren helburu nagusia negozioaren arazoei erantzuna ematea da, eta, horretarako, datuak, adimen artifiziala, matematika eta Big Data teknologiak erabiltzea. Hori dela eta, tokiko eta Estatuko enpresek azaldutako erronkei erantzutea da graduaren ardatza, eta ikasleak gai izango dira datuak lortzeko, biltegiratzeko, aztertzeko eta ondoren erabakiak hartzeko prozesuak ulertzeko.
Juan Mari Aburto eta Bixente Atxa, gaurko aurkezpenean.
Gainera, Zorrotzaurrek beste gradu bat emango du lehen aldiz Bilbon: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Duala (myGade). Estatu-mailan, lau ezaugarri paregabe ditu graduak. Lau urteko lan-esperientzia garrantzitsua (duala) eskaintzen du; horretan, ikasle bakoitzak mentore baten gidaritza eta laguntza jasoko ditu, eta horrek haren garapen profesionala bermatuko du. Gainera, alde batera uzten ditu ikasgai tradizionalak, eta ikasleek moduluen arabera egingo dute lan (ikasgai bat baino gehiago landuko dituzte batera, eta ikasgelan aditu bat baino gehiago egongo da, irakaskuntza-jarduera partekatuan). Nazioarteko zenbait esperientzia bermatzen ditu: Txinan, Australian, Europan eta Amerikan. Graduaren ikasketa-esparruetan, ezagutza teknikoak lortzeaz gain, merkatuak eskatzen dituen gaitasun nagusiak garatuko dituzte ikasleek; esate baterako, sormena, pentsamendu kritikoa, egoera zailak kudeatzeko ahalmena, lidergoa eta arazoak konpontzeko ahalmena.
Halaber, Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntzan Unibertsitate Masterra ere emango da Zorrotzaurren, eta erdipresentziala egiteko aukera egongo da. Estatuan ikaskuntza- eta berrikuntza-prozesuak sustatzeko helburua duen titulu bakarra da. Unibertsitateak lehen aldiz ematen du aurten, Bilbao Berrikuntza Faktorian. Helburua, hauxe: hezkuntza eraldatzeko prozesuak bultzatzeko, kudeatzeko eta ikertzeko gai izango diren profesionalak trebatzea, gizarte-eraldaketa ahalbidetuko duten orotariko prestakuntza-testuinguruetan. Zorrotzaurreko eskaintza osatzeko, beste bi titulu daude: Executive GECEM Masterra, lidergoa enpresen hazkundera bideratzen duena; eta Salmentei, Bezeroei eta Digitalizazioari buruzko Masterra, negozio errentagarri, errepikari, eskalagarri eta aurresangarriak garatzeko helburua duena.
Bestalde, datorren ikasturtean, Bilbao Berrikuntza Faktoriako campusak 17 titulu hartuko ditu. Hain zuzen, BBFaren instalazioetan, titulu hauek emango dira: Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua – LEINN, Intraekintzailetza eta Berrikuntza Irekiko Nazioarteko Masterra (MINN), Marketin Digitaleko Unibertsitate Masterra, Erakundeen Nazioartekotzeari buruzko Unibertsitate Masterra, Team Mastery Aditu Ikastaroa, Talentuaren Kudeaketari buruzko Aditu Ikastaroa, Arrisku Kapitalari eta Startupei buruzko Aditu Ikastaroa, Ekintzailetzari eta Berrikuntza Estrategikoari buruzko Aditu Ikastaroa (FINTECHen), Business Analytics Aditu Ikastaroa, Talde eta Erlazio Sistemen Coachingeko Masterra, Pertsona eta Taldeen Coachingeko Masterra, Zibersegurtasun Industrialean Masterra, Hezkuntzako Ikaskuntzarako Rol Berriei buruzko Espezializazio Diploma, Enpresako Hezkuntzaren Kudeaketarako Espezializazio Diploma, Zerbitizazioko Aditu Ikastaroa, Kirol Berrikuntzako Aditu Ikastaroa eta Marketin Digitaleko Espezializazio Diploma.