MONDRAGON People: bigarren denboraldia, lehen atala

MONDRAGON People enplegu atariaren bertsio berria estreinatu berri da. Iñigo Larrea MONDRAGONeko talentua kudeatzeko arduradunak TU Lankide aldizkariaren ale berrian azaldu duenez, erronka berriei erantzuteko denboraldi "zoragarria" da. Larreak berak xehetu ditu webgunearen nobedadeak.
Card image cap
2025/06/25

MONDRAGON People webgunea 2018ko martxoaren 2an argitaratu zen 11 kooperatiba eta 14 lan eskaintzarekin. Gaur egun, zazpi urte eta gero, 50 kooperatibek 200 eskaintza baino gehiago dituzte zabalik enplegu atarian. Estreinaldiko denboraldi hartan 30.935 lagunek bisitatu zuten webgunea, eta 2024an, 175.624 pertsonek. Horrela, MONDRAGONeko kooperatibetako hautagaien hirugarren iturria bihurtu da (LinkedIn eta Infojobs erraldoien atzetik baino ez). MONDRAGON People proiektu finko bat da dagoeneko, indarrak batzeak emaitzak biderkatzen dituenaren adibide.

Fase berri baterako prestatzea
MONDRAGON People-eko lehen bertsioa testuinguru zehatz batean sortu zen; 2018an, kooperatiba gutxik zuten marka enplegatzaile bat edota talentua erakartzeko estrategia definitu bat, eta ez zeuden horretarako tresnarik ezarrita. Gaur egungo egoera desberdina da eta MONDRAGON People webgunearen bertsio berriak garapen hori islatu nahi du. Nolakoa izango da denboraldi berri hau?

Kooperatibetako marka enplegatzaileentzako leku gehiago eta hobea
Kooperatibetako marka enplegatzaileei ikusgarritasuna ematea da MONDRAGON Peopleren helburu nagusietako bat, eta, horretarako, webgune berriak Gure Kooperatibak espazioari eusten dio, baina berritasun batekin: fitxak gune erakargarriago eta konpletoagoa dira, kooperatiba bakoitzaren talentu marka hobeto erakusteko.

Bisualagoa, argiagoa eta nabigagarriagoa
Bideo eta irudiak protagonismo handiagoa hartu dute eta argitasunean oinarritutako beste alderdi batzuk ere hobetu dira:

  • Profesionalentzako lan eskaintzak eta ikasketak eta lana uztartzen dituzten eskaintza dualak hobeto bereiztea.
  • Eskaintzak bilatzeko filtroak txertatzea, trafikorik ekartzen ez zuten hasierako webguneko atalak ezabatuz, eta, horrela, nabigazioa sinplifikatuz.

MULTI ATS Plataforma
2018an sortu zenetik, MONDRAGON Peoplek ATS (Applicant Tracking System) software bat du, erakarpen eta hautaketa-prozesuen kudeaketa hobetzen duena. Garai hartan erabiltzen zen ATSa Talent Clue zen, baina gaur egun kooperatiben artean beste software batzuen erabilera orokortu da. Orain, MONDRAGON People horretara egokituta dago.

MPeople04_upscale.jpg

Eduki, gaurkotasun eta interakzio gehiago
Webgune berriak talentuarekin lotutako albisteak azkar nabarmentzeko eta eguneratzeko aukera ematen du, bai korporazioarenak, bai kooperatibenak. Albisteei ikusgarritasuna eman nahi zaie talentua erakartzeko. Gainera, MONDRAGON Peoplek loturak ditu beste eduki batzuekin eta irudi komuna partekatzen du MONDRAGONen etorkizuneko webgune orokorrarekin. Bilatzaileen ikusgarritasuna hobetzeko (SEO), webgune berriak lan eskaintzen eduki osoa biltzen du. Horretarako, nazioarteko praktika onenetan oinarritutako lan eskaintzen formatu bat garatu da.

Sistema berritua
Enplegu-alerten sistema erabiltzaileek gehien baloratzen duten zerbitzuetako bat da. Astelehenero, 5.000 pertsonak baino gehiagok mezu elektroniko bat jasotzen bakoitzari interesatzem zaizkion lan-arloetako eskaintza espezifikoekin. ATS desberdinekin koordinatzeaz gain, enplegu-alerten sistema berriak harpidetutako pertsonak hobeto ezagutzea eta segmentatzea ahalbidetzen du. Denboraldi berri honetarako hazkunde bat espero da; 2025 amaierarako, 180.000 bisita eta 7.000 harpidetza aurreikusi dira. 2028rako nork daki... 200.000 bisita eta 10.000 harpidetza izatearekin amesten dugu.

Hautagaien iturri nagusiak eta lan eskaintzen izen emate kopurua 2024an

  • LinkedIn, 12.944
  • Infojobs, 10.197
  • MONDRAGON People, 8.172
  • Kooperatiben webguneak, 3.958
  • Indeed, 3.119
  • Gainontzeko enplegu atariak, 1.638
  • Izen emateak GUZTIRA, 40.028