Leintz Bailarako Ekiolak eguzki-parke fotovoltaiko bat instalatuko du Arrasaten

Instalazio honek hurbileko energia sortuko du, eta bederatzi hilabeteko epean 450 familiari zerbitzua eman ahal izatea espero da.
2021/10/15

Ekiola sustatzen duten erakundeek, Energiaren Euskal Erakundeak eta Krean ingeniaritza-sustatzaileak Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako alkateen eskutik aurkeztu dute kooperatibaren eguzki-parkea, Garaia Parke Teknologikoan kokatuko dena.

51588547145_757ff9a684_k.jpg

Iñigo Ansola, (EVE) Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Amagoia Barandiaran Ekiola kooperatibako zuzendariak Ekiola Leintz Bailara ekimena aurkeztu zuten atzo, urriak 14. Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz-Gatzagako alkateek ekitaldian parte hartu dute, 0 kilometroko energia berriztagarria sortuko duen proiektu kooperatiboarekiko konpromisoa erakusteko. José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru-diputatua ere bertaratu da ekitaldira, baita Aritz Otxandiano Fagor  taldeko ordezkaria, Idurre Albizu Garaia Parke Teknologikoko ordezkaria eta Elena Herrarte Debagoiena 2030 sareko koordinatzailea ere.

Ekiola bezalako kooperatiba sortzea guztiz bat dator herrialdeko balioekin eta egitura ekonomikoarekin, eta, horrez gain, tamaina handiagoko proiektuak eratzea ere ahalbidetzen du, herritar kopuru handi bat tartean sartzeko modukoak.

Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak adierazi du oso pozgarria dela Leintz Bailarako Ekiola laster errealitate bat izateko behar diren pausoak ematen ikustea: "formula horri esker, dimentsio esanguratsuko energia-azpiegiturak sortzeko aukera izango da (MW 1etik 5 MW-ra bitarteko potentziako eguzki-parkeak), hurbileko energia sortuko dutenak (0 kilometroa)". 

Azken helburua da kooperatiba osatzen duten pertsona edo familiek instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiak aprobetxatzea, instalazio horiek bereak direla ohartzea eta, instalazio horietan, beren kontsumo elektrikoaren pareko energia-bolumen bat sortzea. "Proiektu horien kudeaketa eta bideragarritasuna diseinatzeko erabili den sistematikaren arabera, kontsumitzaileek kooperatibaren jabetzaren zati bat erosi behar dute, beren etxebizitzaren energia-kontsumoaren pareko kostu batekin", azaldu du Amagoia Barandiaran Ekiolako zuzendariak. 

51588549160_9725329e6a_k.jpg
Proiektu hori Europar Batasunaren politiken ildo beretik doa, 2030erako helburu gisa ezarri baitu kontsumitzen den energiaren % 32 jatorri berriztagarrikoa izatea, eta autokontsumoak zein energia-komunitateen sorkuntzak eredugarri izan behar dute, beste energia-eredu baterako trantsizioan. Esparru horretan Ekiola sortu da, energia sustatzeko sozietate gisa. Erakunde horren bitartez, energia-komunitate kooperatiboak sortuko dira. Proiektu horren bitartez, kooperatibistak sortzen duten energiaren jabe izango dira, eta herritarrek beren energia sortuko, sustatuko eta kontsumituko dute.

Bai Ekiolak bai lau udalek partekatzen dute teknologia fotovoltaikoa erabiliz argindarra sortzeko proiektuak bultzatzeko beharra, tokiko/eskualdeko herritar kontsumitzaileek partaidetutako kontsumo-kooperatibek kudeatuak, eta ekimen horiek berehala aktibatzeko eta hedatzeko behar diren baliabideak inplementatzeko konpromisoa hartzen dute.

Ingeniaritza eta arkitektura