Lanbidea duintzea, Mundukideren eta Kolonbiako ofiziozko birziklatzaileen helburua

Legeak babestu arren, errealitateak, egunerokoak, behin eta berriz zaplaztekoa ematen die. Kolonbiako birziklatzaileak dira. Umetatik. Ofizioa, kalea eta lanbidearen gogortasuna txikitatik bizi izan dute. Haien amak ere birziklatzaileak ziren, eta haiek ez dute beste aukerarik izan.
Card image cap
2025/11/21

Jenny Marcela Chachinoy, Yineth Mendoza eta Alexandra Uni Rosero duela gutxi Euskal Herrian izan ziren, Mundukidek gonbidatuta, birziklapenari eta ekonomia zirkularrari buruzko hainbat esperientzia ezagutzeko. Helburua, ideiez blaitzea, beren herrialdean birziklatzaile lanbidea duintzen jarraitzeko, bakoitzak bere erakundean duen posiziotik.

Esperientzia kooperatiboa eta MONDRAGONen eredua bertatik bertara ezagutzeaz gain, Jennyk, Yinethek eta Alexandrak materialak birziklatzeko eta berrerabiltzeko hainbat instalazio espezifiko bisitatu zituzten.

Iruñean Traperos de Emaúsen hasi zuten bisita, eta Kooperaren Mungiako, Bilboko eta Gasteizko instalazioetan izan ziren. Erakunde horiek ingurumen-zerbitzuen, berrerabileraren eta birziklapenaren (ehungintzan espezialistak) arloko enpresa-jarduerak garatzen dituzte, baita kontsumo jasangarria (Koopera Store dendak), pertsonei arreta ematea eta bestelako zerbitzuak ere, gizarte ekologikoago, inklusiboago eta solidarioago bat bultzatzeko. Eroski ere bisitatu zuten, Hiruatxeko kideekin eta Aretxabaletako Udaleko ordezkariekin elkartu ziren eta Otalorako Kooperatiba Formazio Zentroan egon ziren. Bertan, TU Lankidek haiekin hitz egiteko aukera izan zuen, Kolonbiako birziklatzaileen egoerari eta Mundukide haien elkarteekin garatzen ari den proiektuari buruz.

Zer da Kolonbian birziklatzaile izatea?

Kolonbian materialen %15 baino ez da birziklatzen, eta birziklatze-sistemak ez du zerikusirik hemen ezarritako sistemarekin. Kolonbiako birziklatzaileok eskua poltsan sartzen dugu. Ez da jatorrian sailkatzen. Bizirauteko birziklapenaren menpe soilik gauden pertsonak eta erakundeak gara. ARSOCen (Kolonbiako Hego-mendebaldeko Birziklatzaileen Elkartea) zazpi erakunde gara, lau eskualdetan ia 500 ofiziozko birziklatzaile ditugunak. Kolonbian, birziklatzaileak (%76 emakumeak dira) zabortegietan sortu ziren, zaborra azkenik uzten den lekuan. Zabortegi horiek ixtearekin batera, birziklatzaileok hirira joan ginen, eta gure eguneroko lana kaleetan egiten dugu. Gobernuak ofiziozko birziklatzaile gisa aitortzen gaitu. Estatuak babestuta gaude. Bizirauteko gutxieneko bat dugu, baina askoz ere laguntza handiagoa behar dugu lanbidean aritzen jarraitu ahal izateko.

Nolakoa da birziklatzaile baten eguna?

(Alexandra Uni Rosero, ARSOCeko lehen legezko ordezkaria eta Girasoles Elkarteko kidea). Nik duela zazpi urte ezagutu nuen lan hau. Nire amak kartoia biltzen zuen, beste emakume batzuek bezala, eta ni berarekin joaten nintzen bilketara. Bildu ondoren, kartoia biltegizainei saltzera joaten ginen (kartoia nahi duten prezioan ordainduta erosten duten biltegizain independenteak), ez prezioari buruz ez baldintzei buruz gehiegi jakin gabe. Eta horrela egunero, inolako babesik gabe eta nahiko estigmatizatuta. Jendea gutaz baliatzen da, eta askotan engainatuta sentitzen gara.

Kolonbiako birziklatzaileen kolektiboak 10.000 pertsona baino gehiago ditu, eta behar duguna da Administrazioak gu aitor gaitzala eta industria honetan lan egiteko esklusibotasuna eman diezagula, salmenta bermatuko duten baldintzekin.

Nola ezagutu zenuten Mundukide eta noiz hasi zineten antolatzen eta gauzak aldatzen saiatzen?

Denbora honetan antolatzen saiatu gara, askotan bildu gara denon artean lanbidea duintzen saiatzeko, administrazioari presioa egiteko eta kolektiboaren aldaketaren buru izateko. Fase horretan Mundukide ezagutu genuen, zehazkiago Mauricio Rasero, Mundukideko langilea Kolonbian. Berak prestakuntza eman zigun, hainbat esperientzia erakutsi zizkigun eta gure eskubideak zeintzuk ziren adierazi zigun. Orain, elkarteetatik nahi dugu gure jendeak prestakuntza jaso dezala eta bere lana ezagutza eta berme handiagoz kudea dezala. Bildutakoaren arabera kobratzen dugu. 30.000 peso kolonbiar (eguneko lau euro, gutxi gorabehera).

Prestakuntza, beraz, funtsezkoa da zuentzat.

Zalantzarik gabe. Zentzu guztietan zaurgarriak gara, baina ulertzen dugu gure tresnarik onena prestakuntza dela. Mundukideren eta ARSOCen arteko harremanaren bidez, eta José Luis Lejardiren (Mundukide) koordinazioarekin, gero eta hobeto antolatzen ari gara. Batzorde ekonomiko-finantzarioa sortu dugu eta finantza-kontua askoz hobeto kudeatzen dugu. Sistema, birziklapenaren industria, oso konplexua da. Bitartekariak daude eta merkatua oso maiz aldatzen da. Ekonomia zirkularra birziklatzaileen eskuetan hasten da eta industrian amaitzen da. Era berean, arau-esparru oso zabala dugu. Birziklatzailearen babesa dugu, Birziklatzaileen Elkarte Nazionala, baina azkenak izaten jarraitzen dugu. Operadoreak zatirik handiena jasotzen du materiala lurperatzeagatik, eta guk gutxienekoa materiala berreskuratzeagatik.

Kolonbian edukiontzien sarea jartzeak zuen lanbidea desagertzea edo berrantolatzea ekarriko luke.

Birziklapena bai, baina ofiziozko birziklatzaileekin. Ez dugu onartuko edukiontziak jartzea. Aurka gaude. Edukiontziak jartzen badituzte, lanik gabe eta bizitzeko gutxienekorik gabe geratuko gara. Kartoia eta plastikozko botilak dira gehien birziklatzen direnak. Kolonbiako birziklatzaileen kolektiboak 10.000 pertsona baino gehiago ditu, eta behar duguna da Administrazioak gu aitor gaitzala eta industria honetan lan egiteko esklusibotasuna eman diezagula, salmenta bermatuko duten baldintzekin. Sektoreko erakundeek bakarrik izan beharko genuke lanbide honetan aritzeko baimena. Gobernuak dekretu bat onartu zuen hala izan zedin, baina enpresa handiek dekretua salatu zuten esklusibotasunaren gaiagatik. Oposizio handia dago.

Nola hobetu daiteke?

Proiektuak aurkezten ditugu. Prestakuntza bultzatzen dugu. Politika publikoetan parte hartu nahi dugu. Mundukide honetan guztian laguntzen ari zaigu. Taldea txikia da, baina gure presioa eta lana egiten jarraitu behar dugu, prestakuntza eta baliabide gehiago bultzatuz. Ez dago trinkogailurik, ez kamioi edo ordenagailu egokirik. Material falta dugu eta hobeto hornituta egon behar dugu. Oso eskertuta gaude Mundukiderekin, lanean ari dira gure baldintzak hobe daitezen eta geu izan gaitezen gure etorkizunaren hobekuntzaren protagonista.

Kooperazio kooperatiboa