Irakurriena
- 1. Arizmendiarrieta Gunea zabalik da Otaloran
- 2. LKS Next-ek 85 milioi euroko langa gainditu du 2025ean eta % 19ko bilakaera izan du 2026ko hasieran
- 3. "Kooperatibismoari kontakizuna falta zaio. Ez istorio faltagatik, baizik eta kodeak ez direlako gaur egungoekin bat etortzen"
- 4. Batzek 69 milioi euroko finantzaketa sindikatua itxi du 2032ra arteko hazkundea sustatzeko
- 5. MONDRAGONek 11.322 milioiko salmentak lortu zituen 2025ean, eta 1.346 enplegu berri sortu
- 6. Fagor Taldeak 1.735 milioi euroko salmentekin itxi du 2025eko ekitaldia
LABORAL Kutxak bere Dokumentazio Zentroko 17.000 ale eman dizkio Mondragon Unibertsitateari
Agiri gehienak Caja Laboraleko Ikerketa Departamentuak eta lehengo Enpresa Dibisioak, gaur egungo LKSk, erabilitako material bibliografikoari dagozkio.
Mondragon Unibertsitatea erakunde oso gaztea da, nahiz eta fakultate batzuen sorrera 1950eko hamarkadakoa izan. Beraz, bere liburutegiko oinarri bibliografikoetarako oso baliotsua izango da LABORAL Kutxak emandako funtsen antzinatasuna, batez ere 1990eko hamarkadaren aurreko urteetako aldizkari eta argitalpenen kasuan.
Dohaintza osatzen duten agirien artean honako hauek aipa ditzakegu: ikerketa ekonomikoak, estatistikoak eta sektorialak; merkatu-ikerketak; nazioarteko merkataritzari buruzko argitalpenak eta estatistikak, eta merkaturatze-planetarako erabilitako beste informazio-iturri batzuk; produktu-zundaketak edo bideragarritasun-ikerketak, Enpresa Dibisioak egindakoak; eta Ikerketa Departamentuak bere ekonomia-txostenak egiteko erabilitako oinarrizko informazioa.
Azpimarratzekoa da euskal ekonomiari eta bere industria-sektoreei buruzko informazio-iturrien ugaritasuna.
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatearekin egindako hitzarmenenari esker, agiri horiek guztiak Oñatin egongo dira eskuragarri ikasle eta ikertzaile guztientzat. Izan ere, Enpresagintzako agiri-oinarrietan sartuko dira eta ez da horiek eskuratzeko inolako murrizketarik izango. Halere, katalogazio-prozesua pixkanaka egingo da, aldizkako argitalpenetatik hasita.
LABORAL Kutxak gaur egun MONDRAGON osatzen duten hainbat kooperatibaren bideragarritasun-planei, eraketari eta abian jartzeari buruzko agiriak jasotzen dituzten 488 kaxa ere (transfer) laga dizkio Mondragon Unibertsitateari. Alabaina, bigarren informazio-bloke hori ez da eskuragarri egongo mundu guztiarentzat, MUk baimendutako ikertzaileek baino ezin izango baitute informazio hori erabili.
Bestalde, espezializatu gabeko literaturako 386 kilo liburu eman dizkio Emaúsi, berrerabiltzeko.