LABORAL Kutxak 150 milioiko irabazi gordina lortu du 2022an

LABORAL Kutxa lider absolutua da kaudimenari dagokionez, eta % 22,24ko CET1 ratioa lortu du.
Card image cap
2023/03/02

2022ko ekitaldia ziurtasunik gabeko ingurune makroekonomiko aldakor batean gauzatu da. Pandemiaren ondorio nagusiak gainditurik zirenean, Ukrainako gerrak eta horrek inflazioan izaniko inpaktuak baldintzatu dute banku zentralen diru politika, eta urtearen azken zatian erreferentzia-tasak igotzea ekarri dute.

Emaitzei dagokienez, LABORAL Kutxaren jarduna egokia izan da, eta ekarpen orekatua izan dute negozio-arlo nagusiek. Emaitza garbi bateratuak berreskuratu egin du pandemiaren aurreko irabazien bilakaera, eta 150,5 milioi eurora iritsi da. Hauxe izan da arrazoi nagusia: batetik, merkataritza-jarduera gero eta biziagoak eta, bestetik, ohiko banku-negozioaren marjinak pixkanaka normalizatu izanak urtearen bigarren erdian sortutako diru-sarrerak.

Emaitza garbi bateratuak berreskuratu egin du pandemiaren aurreko irabazien bilakaera, eta 150,5 milioi eurora iritsi da

Duela urte batzuetatik hona, LABORAL Kutxaren finantza-posizio nabarmenak agerian uzten du indarrean jarraitzen duela haren eredu kooperatiboak, eta hori oinarri sendoa da datozen ekitaldietako emaitzak eraikitzeko. Halaxe islatzen da ratio eta adierazle nagusietan: kaudimenenean, % 22,24ko CET1 ratioa izan du ekitaldiaren amaieran, eta, horrenbestez, LABORAL Kutxak lider absolutu izaten jarraitzen du bere erreferentziazko merkatuan; LTD likideziak diferentzia nabarmena ageri du, oraindik ere, gordailuen alde, % 64,72ko ehunekoarekin, eta, errentagarritasunean, kreditu-kooperatibak ia erabat berreskuratu ditu pandemiaren aurreko mailak —% 7,67an kokatu da ROEa—.

Emaitza-kontua

Ohiko banku-jarduera da ekitaldiko emaitzen oinarri nagusietakoa. Interes-marjina % 17,13 hazi da, 280,8 milioira iritsi arte; izan ere, kreditu-zorroak ekarpen handiagoa egin du, interes-tasen kurban erregistratu den aldakuntzaren ondorioz, eta diru-sarrerak ere mardulagoak izan dira, handizkako jardueragatik. Komisioen ondoriozko sarrera garbiak ere % 4,3 igo dira, batez ere aurreikuspen eta pentsio-planek eta inbertsio-funtsek (+% 5,3) eta ordainbideek (+% 12) bultzatuta. Laburbilduz, oinarrizko marjina 406,9 milioikoa izan da; hau da, urtetik urtera % 12,8ko hazkundea gertatu da. Bestalde, marjina gordina 448,2 milioira iritsi da, 2021eko ekitaldian baino % 9,2 gorago —nahiz eta finantza-eragiketen ekarpena txikiagoa izan den, merkatuen egoera negatiboa dela eta—.

LK (Sede).jpg
LABORAL Kutxa egoitza nagusia

Gastu eta amortizazioen urteko zenbaketa % 7,5 handitu da: pertsonaleko gastuak % 4 hazi dira eta administrazio-gastuak % 13, alde batetik, inflazioak kostuetan izaniko inpaktuagatik eta, bestetik, jardueraren igoera nabarmenagatik —eta, bereziki, esparru digitalean eta teknologikoan proiektu eraldatzaileen agenda estrategikoak izaniko anbizio handiagatik eta entitateak bulego-eredu berria ezartzearen alde eginiko apustuagatik—.

LABORAL Kutxaren kreditu-zorroak ez du agertu narriadura-zantzurik; aitzitik, pandemiak izan ditzakeen eraginengatik aparteko zuzkidura erregistratu ondoren 2021an, 14,75 milioitan zenbatu da 2022an horniduretara, saneamenduetara eta bestelako narriaduretara egindako ekarpena.

Aurreko partida guztiak kontuan hartu ondoren, 168,9 milioi eurokoa izan da 2022ko ekitaldiko zerga aurreko irabazia. Dagozkion zergak deskontatu ondoren, 150,5 milioi eurokoa da kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsetarako zuzkiduraren aurreko irabazi garbi bateratua; hau da, aurreko ekitaldikoa baino % 38,4 handiagoa.

Lider absolutua kaudimenean

Kapitala organikoki sortzen jarraitu du LABORAL Kutxak, emaitzetatik abiatuta. Ekitaldiaren bukaeran, entitateak % 22,24ra igo du CET1 kapital-ratioa. Portzentaje hori bat dator kaudimen osoaren mailarekin, eta esan nahi du oinarrizko 43 puntu hazi dela 2022an.

Kooperatibaren funts propioen —denak kategoriarik handienekoak— eta arriskuaren arabera haztaturiko aktiboen arteko erlazio horri esker, LABORAL Kutxa lider absolutua da kaudimenari dagokionez, eta aise gainditzen ditu arauzko eskakizunak.

Entitateak % 22,24ra igo du CET1 kapital-ratioa

Likidezia-maila oso erosoa

Bestalde, kredituen eta gordailuen arteko proportzioa kontuan hartuta, % 64,72koa da entitatearen LTD (Loan to Deposits) likidezia-ratioa. Epe laburreko likideziari dagokionez, berriz, % 414,63koa da LCR (Liquidity Coverage Ratio) ratioa.

Zalantzagarritasuna beherantz

LABORAL Kutxak kreditu-zorroaren kalitatea hobetzea lortu du hondatutako zorroak saltzeko eragiketarik egin beharrik gabe. Berankortasun-tasa oinarrizko 10 puntu jaitsi da 2021eko abendutik, eta % 2,70ean kokatu. Ratio hori oso positiboa da, banku-sektore osoak erregistratu duenarekin alderatzen badugu (% 3,45ekoa izan da, abenduko azken datuaren arabera).

Aurrezkiaren bilakaera eta inbertsio-zerbitzuak

LABORAL Kutxaren baliabide bitartekotuak 28.436 milioi eurora iritsi dira urtearen amaieran, eta 132 milioi euro hazi dira 2022ko ekitaldian: % 0,47, alegia.

Balantzearen barruan —ageriko kontuak, aurrezki-kontuak eta eperako gordailuak—, zenbatekoek nahiko egonkor jarraitu dute, eta % 0,23 hazi dira.

Bestalde, balantzetik kanpoko baliabideek hazkunde handiagoa izan dute, % 1,27koa, nahiz eta finantza-merkatuek bilakaera negatiboa izan ekitaldian zehar. Inbertsio-funtsei erreparaturik, berretsi egin da azken urteetako jarduera ona; izan ere, bezeroek aurrezki- eta inbertsio-posizioen parte bat figura horretara bideratzea erabaki dute. Hori horrela, LABORAL Kutxak % 7,8 areagotu du bere gestiopeko ondarea urtetik urtera, nahiz eta sektoreak % 3,6ko beherakada izan duen. Horretaz gainera, % 20,78 ugaritu dira erakundeak kudeatutako inbertsio funtsetako partaideak: datu hori nabarmendu egiten da sektoreak oro har izan duen % 1,8ko hazkundearen ondoan —Inverco elkarteak argitaratutako azken datuen arabera—.


Familien eta enpresen kreditu-inbertsioa

LABORAL Kutxaren kreditu-inbertsioaren bolumen osoak egonkor jarraitu du 2022an, eta 15.200 milioi euroan kokatu da. Horrek esan nahi du % 0,28ko aldakuntza positibo txikia erregistratu duela.

Pandemian erakutsitako jokabidearen ondotik —kontuan izanik entitatea gehiago hazi zela sektorea baino—, LABORAL Kutxak inplikaturik jarraitzen du industria ehunarekin. Horrela, azken hirurteko epealdian izandako % 39ko hazkunde metatuarekin aise betetzen ditu helburu estrategikoak bere merkatu geografiko guztietan

Portaera desberdina izan da enpresei eta partikularrei dagokienez. Familien kreditu saldoak % 1,5 murriztu dira, hipoteka-kredituen saldoen bilakaerarekin bat etorriz, zeinak % 1,8 txikitu baitira. Alabaina, etxeko kontsumorako finantzaketaren esparruan, saldo garbia % 4,4 handitu da, kreditu pertsonalen formalizazio berrien igoerak bultzatuta; izan ere, % 11,3 ugaritu dira kreditu horiek, 2021eko datuekin alderatuta.

Pandemian erakutsitako jokabidearen ondotik —kontuan izanik entitatea gehiago hazi zela sektorea baino—, LABORAL Kutxak inplikaturik jarraitzen du industria ehunarekin. Horrela, azken hirurteko epealdian izandako % 39ko hazkunde metatuarekin aise betetzen ditu helburu estrategikoak bere merkatu geografiko guztietan. Ildo horretan, merkataritza-segmentu osoak formalizatutako kredituen eta maileguen bolumenak izaniko urteko hazkundea % 28koa izan da eta, ondorioz, merkataritzako kreditu-inbertsioaren saldo garbia % 5 handitu da, 2021ean erregistratutakoaren aldean.

Next Generation EU funtsen atalean, aholkularitza espezializatuko LABORALNEXT unitateak berretsi duenez, gero eta lankidetza-eskaera gehiago jasotzen ditu, laguntza-lerro nagusiak eskuratu ahal izateko. 70.000 bisitatik gora erregistratu dira aholkularitza-plataforman eta 2.000 inguru enpresak gaiaren inguruko web- mintegietan hartu dute parte.

Aseguruen negozioa

Aseguruen negozioak 43,1 milioi euroko emaitzak izan ditu 2022an.

Produktu estrategikoen artean, hauek nabarmendu behar dira: auto-aseguruak, 64,3 milioi euroko prima metatuekin eta urtetik urterako % 4,1eko hazkundearekin; etxe aseguruak, 45,4 milioi euroko prima metatuekin eta urtetik urterako % 3,8ko hazkundearekin, eta arrisku indibidualeko bizitza-aseguruak, zeinek 35,1 milioi euroko prima-bolumenarekin amaitu baitute urtea —hau da, 2021eko ekitaldian baino % 1,5 beherago—.

LABORAL Kutxaren aseguru-negozioaren ratio konbinatua % 86,7koa izan da bizitzakoak ez diren aseguruetan, eta bizitzakoak ez diren aseguruetako negozio atxikiaren ezbehar-tasa, berriz, % 55,1ekoa. Auto- eta etxe-aseguruen barruko ezbehar-tasa pandemia aurreko mailara iritsi da maiztasunari dagokionez.

Alabaina, 2022an konponketen prezioetan izandako igoerak asko garestitu ditu kostuak.

Eraldaketa digitala

LABORAL Kutxak zerbitzu omnikanala proposatzen jarraitzen du, eta bateragarri egiten ditu arreta digitala eta aurrez aurrekoa bulegoetan. Horrela, errespetatu egiten ditu bezeroak gestio edo eragiketa bakoitzerako dituen hobespenak, eta, era berean, koherentea da entitatearen estrategia hibridoarekin.

LABORAL Kutxan, dagoeneko gehiengoa dira profil digitala duten bezeroak (% 58), eta bezero digital horien % 34k MEET tresna digitaletara jotzen dute bere bulegoarekin edo gestorearekin aritzeko (hau da, hormara, dokumentu- kudeatzailera edo bideokonferentziara—.

Entitatearekin digitalki harremanetan jartzeko gailuei dagokienez, bezeroen % 90 gailu mugikorraren bidez sartzen da Online Bankara (tableta edo smartphonea erabilita), dela mugikorrerako aplikazioaren bidez, dela webgunearen bidez. Sarbide hori hazi da gehien azken urteotan.

Kontratazio digitalen bilakaerari erreparaturik, urtean erregistratutako salmenten % 22 ematen ditu, dagoeneko, kanal digitalak, hala gestoreek urrunetik lagunduta, nola autonomia osoz.

LABORAL Kutxan, dagoeneko gehiengoa dira profil digitala duten bezeroak

Alderdi kualitatiboan, 2022ak aurreko plataforman zeuden ia funtzionalitate guztien migrazio teknologikoa ekarri du. Horren ondorioz, jauzi handia egin da azpiegituraren aldetik, eta, horri esker, nabarmen hobetuko da enpresentzako Online Bankaren zerbitzua. Esparru digitalean beste garapen batzuk ere egin dira, hala nola inbertsio-funtsak online gestionatzeko emandako urratsak — kudeaketa atari berria ireki da Banka Pertsonaleko eta Premium Bankako bezeroentzat— eta aseguruei lotutako funtzionalitateen garapena — Multiaseguru Kontu digitala, adibidez—.

Ordainketa digitalizatuen esparruan, aipagarria da Google Pay eta Garmin Pay merkaturatu izana; mugikor bidezko aurreko eskaintzarekin (LK Pay eta Apple Pay) bat egin dute eta mugikordainketarako soluzio-sorta osatu dute.

Jasangarritasunarekiko konpromisoa

Hipoteka-maileguetara bideratuta dago kreditu-kooperatibaren merkataritza- jarduera nagusia. Horrela, entitateak berak kudeatutako higiezinen sustapenen kasuan, mailarik handieneko kalifikazio energetikoak (A eta B mailakoak, alegia) soilik sustatzeko erabakia hartu du.

Horrekin batera, etxebizitzen eta eraikinen energia-efizientzia hobetzen laguntzeko jarduera-ildo garrantzitsu bat ari da garatzen, berotegi-efektuko gas-isuriak murriztearren.

Enpresei emaniko maileguei dagokienez, inbertsioaren % 14k lotura zuzena du ingurumen-helburuekin —energia berriztagarriak, garraio eta nekazaritza jasangarriak eta etxebizitzen birgaitze-lanak eta efizientzia energetikoa—, eta % 72 xede sozialetara bideratu da; esate baterako, ETE-etara, kooperatibetara, erakunde publikoetara eta gizarteratzera.

Etxebizitzen eta eraikinen energia-efizientzia hobetzen laguntzeko jarduera-ildo garrantzitsu bat ari da garatzen, berotegi-efektuko gas-isuriak murriztearren

Inbertsio-funtsen arloan, Konpromiso funtsa indartu da: bikoiztu egin ditu saldoen eta partaideen kopurua. Partaideei sei GKEren artean hautatzeko aukera eman zaie, gestio-komisioaren zati bat haietara bideratzeko (Medicus Mundi, Mundukide, Cáritas, Gurutze Gorria, UNICEF eta Intermon-Oxfam).

Banketxea