Fagor Ederlan Taldeak Ipar Amerikako Regen Aluminum enpresaren %51 eskuratu du

Operazio horrek indartu egiten du taldeak ekonomia zirkularraren eta iraunkortasunaren esparruan duen posizionamendu estrategikoa, eta, aldi berean, sendotu egiten du Ipar Amerikako merkatuan duen presentzia industriala. Etapa berri honetan, konpainiak Fagor Regen Aluminum izena hartuko du, Fagor Ederlan Taldean integratuz.
Card image cap
Bi konpainietako zuzendariak, erosteko akordioa sinatu ondoren.
2025/06/03

Regen Aluminum (York, Pennsylvania) bigarren mailako aluminioaren balorizazioan ibilbide sendoa duen enpresa da. 2024an 20 milioi dolar inguruko fakturazioa izan zuen eta konpainiak aluminiozko lingoteak fabrikatzen ditu metalezko hondakinetatik abiatuta, sektore oso exigenteetan (aeroespazialean, elektrikoan, ontzigintzan, berunezkoan eta automotrizean) lan egiten duten galdaketetarako. Bere produktuak, purutasun handikoak, ingurumen inpaktu txikiagatik nabarmentzen dira: ekoizpen prozesuak karbono aztarna %90 baino gehiago murriztea ahalbidetzen du, aluminio primarioarekin alderatuta. Era berean, lagungarria da Fagor Ederlanen produktuak bateragarriak izan daitezen Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunaren (USMCA) tokiko edukia duten arauekin.

Ekoizpen prozesuak karbono aztarna %90 baino gehiago murriztea ahalbidetzen du, aluminio primarioarekin alderatuta.

Etapa berri honetan, konpainiak Fagor Regen Aluminum izena hartuko du, Fagor Ederlan Taldean integratuta egongo da eta jasangarritasunaren, berrikuntzaren eta tokiko garapenaren aldeko apustu partekatua egingo du.

Joan den ekainaren 2an, Jon Zuazo Fagor Ederlan Taldeko zuzendari nagusiak eta Mikel Uribetxebarria Kontseilu Errektoreko presidenteak York-eko instalazioetan egindako bisita instituzional baten bidez formalizatu zuten operazioa. Jardunaldian, Fagor Ederlaneko ordezkariek instalazioak bisitatu, Fagor Regen Aluminumeko taldea bertatik bertara ezagutu eta Lorne Kaliskyrekin bildu ahal izan ziren, Regen Recycling enpresa kanadarreko akziodun nagusia eta etapa berri honetako bazkide estrategikoarekin.

Jon Zuazok, Fagor Ederlan Taldeko zuzendari nagusiak, zera azpimarratu du eragiketaz: "erosketa hau funtsezko urratsa da balio kate osoan irtenbide jasangarriak integratzeko dugun estrategian. Birziklatutako materialaren trazabilitatea indartzeko, Ipar Amerikako gure bezeroentzako zerbitzua hobetzeko eta ingurumenarekin konprometitutako negozio eredu bat finkatzeko aukera ematen digu. Jasangarritasuneranzko eraldaketa sakona eskatzen duen testuinguru global batean, eragiketa horrek indartu egiten ditu gure gaitasun industriala eta sektorean eragile garrantzitsu gisa dugun erantzukizuna”.

"Erosketa hau funtsezko urratsa da balio kate osoan irtenbide jasangarriak integratzeko dugun estrategian"

Fagor Ederlan enpresa liderra da automobilgintzaren sektorerako osagaien fabrikazioan. 60 urte baino gehiagoko ibilbidea du kooperatibak, eta txasis sistemarako (balaztatzea eta esekidura), tren eragilerako (Powertrain) eta ibilgailuaren egiturazko beste osagai batzuetarako funtsezko piezak ekoizten espezializatuta dago. 2024an 570 milioi euroko salmentak izan zituen, 3.400 pertsonako lan-taldearekin.

Bere bezeroen artean mundu mailako auto fabrikatzaile nagusiak daude, eta horrek aukera ematen dio haiekin lankidetza estuan aritzeko sektorearen egungo eraldaketak planteatzen dituen erronka handiei aurre egiteko.

2024an 570 milioi euroko salmentak izan zituen Fagor Ederlan Taldeak, 3.400 pertsonako lan-taldearekin

Kooperatibatik adierazi dutenez, Fagor Ederlanek konpromiso irmoa du merkatutik gertu egotearekin, bezeroei behar dituzten osagaiak eskainiz, behar dituzten lekuetan. Horregatik, Europan, Txinan, Hego Amerikan eta Ipar Amerikan estrategikoki banatutako ekoizpen lantegiak ditu.

Bereziki baloratu ditu kooperatibak Fagor Regen Aluminumeko giza taldea eta esperientzia teknikoa, "funtsezko elementuak baitira trantsizio arina eta hazkunde jarraitua bermatzeko. Operazio honek etorkizuneko lankidetza industrial eta teknologikoen oinarriak ezartzen ditu, galdaketa-prozesuen trantsizio ekologikoa bizkortzeko, bai Ipar Amerikan, bai taldeak jarduten duen gainerako merkatuetan", gaineratu dute.

Automozio osagaiak