KONFEKOOP 2022an hazi egin da

KONFEKOOP Euskadin ordezkaritza handiena eta pisu handiena duen sektorearteko enpresa-elkarteetako bat da.
Card image cap
2023/05/10

2022 ezohiko urtea izan zen, pandemiak ekarri zuen anomaliari, Ukrainaren inbasioa gehitu zitzaion garraioen grebarekin eta lehortearekin batera, eta guztiak ziurgabetasun eta ezegonkortasun handia sortu zuen; horrek ekoizpen-ereduak, hornidura-kateak eta ondasunen eta elikagaien banaketa berriro definitu beharra ekarri du. Hala ere, KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioarentzat urte ona izan da: 2022an gora egin du jardueran, eraginean, kooperatibetan eta baita enpleguetan ere.

2022ko abenduaren 31n, 1.391 kooperatiba ziren KONFEKOOPen barne zeudenak, 2021ean baino 41 kooperatiba gehiago. Enplegu kopuruari dagokionez, 56.762 dira. Oro har, enpleguaren arloko bilakaera positiboa da, kooperatibismoaren ezaugarri antiziklikoa berretsiz, kontrako testuinguruetan hazten baita.

2021-2024 Plan Estrategikoaren bigarren urtea da, bertan, funtsezko ardatz gisa, ordezkaritza eta eragina handitzea, lankidetza biderkatzea eta kooperatibismo handiagoa eta hobea babestea jasotzen dira, Iñaki Nubla KONFEKOOPeko zuzendariak Bilbon emandako prentsaurrekoan azaldu duenez.

Herritar guztiei eta enpresa kooperatiboei eragiten dien inflazioaren eraginak kostuen egoera berri bati aurre egiteko eta, aldi berean, enpresa lehiakorrak izaten jarraitzeko erronka aurkeztu du. Ildo horretan, KONFEKOOPek ziurtatzen du euskal eredu kooperatiboaren berezko ezaugarriek — parte-hartzailea, solidarioa eta lurraldean errotua — produkzio-ehunaren sektore anitzek aurre egin behar dieten aldaketa-beharrak arin identifikatzea ahalbidetzen dutela.

Rosa Lavín KONFEKOOPeko presidenteak adierazi duenez, “kooperatiba ereduaren funtsa lehiakorrak izaten jarraitzea da”. Azpimarratu du, enpresen deslokalizazioa kezka den garai honetan, lurraldean errotuta dauden enpresa kooperatiboek enplegua sortzen eta gizarte-kohesioa sustatzen jarraitzen dutela. Euskal kooperatibismoak heldutasun-maila handia lortu du, 2022ko hazkunde-datuek islatzen duten bezala, neurri batean sektore publikoarekiko lankidetzari esker. Horren harira, Lavín presidenteak aste honetan Eusko Jaurlaritzak, Kooperatiben Kontseiluak eta KONFEKOOPek sinatutako Asmoen eta Lankidetzaren Akordioa aipatu du. «Akordio honek Euskadiko Kooperatiben Mugimenduaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetza sendotzen du, gure herriaren garapen ekonomikoari laguntzeko, eta gure helburu estrategikoetan aurrera egitea ahalbidetzen digu, baita euskal kooperatibismoaren ordezkaritza eta eragina zabaltzea eta sendotzea ere», azaldu du.

2023 urtea erronkaz eta ziurgabetasunez betea

Euskadiko kooperatiben enpresa-elkarteak 2023rako dituen helburuen artean, honako hauek daude: enpresa kooperatibo elkartuen kopurua eta enplegu kopurua handitzea, eta baita erakundeekiko lankidetza sendotzea, batez ere Eusko Jaurlaritzarekin eta foru-aldundiekin. Era berean, KONFEKOOPen beste helburuetako bat, aurtengo urterako, eredu kooperatiboaren hedapenean aurrera egiten jarraitzea da, arin eta azkar egokituz eta berrituz, sortzen ari diren beharrei erantzuna emango dieten konponbideak eskainiz.

Enpresa kooperatiboetatik irtenbide berritzaileak ematen ari dira trantsizio ekologiko eta energetikoari, digitalizazioari, zainketei eta enpleguari. “Euskadi ez dago aldaketa horietatik kanpo, eta enpresa kooperatiboak protagonista gara garai berri honetan” -adierazi zuen Lavinek. Bestalde, Konfederazioak lanean jarraitzen du Lanbideren Administrazio Kontseiluan sartzeko aldarrikapen historikoaren alde, horrela, Euskal Enplegu Zerbitzuak bultzatzen dituen enplegu-politika aktiboetan eragiteko. Lavinek ziurtatu du Enpleguaren Euskal Legea Eusko Legebiltzarrean izapidetzeak esparru egokia eskaintzen duela enplegu duin eta kalitatezkoa lortzeko bidean, Lanbide eraginkorrago batekin, enplegu-politika aktiboen ardatz izango den Lanbide batekin alegia.

Enpleguaren Euskal Legearen proiektua onartzeko izapide parlamentarioan dago, eta lehen aldiz jasotzen du KONFEKOOPek Lanbideren Administrazio Kontseiluko kide izateko eskubidea duela, baina ez du aipaturiko eskubide hori bermatzen. «Lanean jarraituko dugu enpresa kooperatiboek Lanbiden parte hartzea bermatua izan dadin eta, parte-hartze horretatik abiatuta, Euskadirentzat enplegu gehiago eta hobea sortzen lagun dezagun», zehaztu du Lavínek.