Kiro Robotics-en eta Onkologikoa-ren aliantzak munduko teknologiarik aurreratuena lortu du ospitaleko farmaziarako

Kimioterapiako tratamendua ematerakoan, oso tarte txikia dago sendatzen duen dosiaren eta gaixoari arazoak sor diezazkiokeen dosiaren artean. Kimioterapia administratzea arrisku handi-handiko prozesua da, baina orain funtsezko laguntzaile bat aurkitu du: robota da, eta hainbat hilabetetako probaren ondoren, "lanean" ari da banako kimioterapia-dosiak prestatzen Onkologikoan, Euskadin minbizia tratatzeko dagoen zentro monografiko bakarrean.
Card image cap
Ezkerretik eskubira; Borja Lizari, Kiro Robotics-eko zuzendaria; Almudena Moreno, Onkologikoko zuzendaria; eta Gerardo Cajaraville, Onkologikoko ospitale farmaziako arduraduna..
2014/01/24

KIRO ONCOLOGY

Robota Kiro Robotics-ek egin du; enpresa hau MONDRAGON Korporazioak Aretxabaletan (Gipuzkoa) sorturiko eta MONDRAGON Health-ek, Korporazioan osasun-arlora bideratutako unitate estrategikoak, bultzatua da. Kiro Oncology gisa bataiatua, Onkologikoa-ko profesionalekin elkarlanean diseinatu da, eta gaur egun munduan dagoen teknologiarik aurreratuena da kimioterapia prestatzeko ospitaleko farmazian. Hainbat herrialdetako ospitaleek interesa azaldu dute Kiro Robotics prototipoan, laster merkaturatuko baita.

Zehaztasuna eta doitasuna

Onkologikoako Farmazia-zerbitzuburu den Gerardo Cajaraville doktoreak azpimarratzen duenez, robotari esleituriko eginkizuna “ikaragarri konplexua” da. “Kimioterapiaren zirkuituaren konplexutasuna eta gaixo bakoitzari banan-banan dosifikatu beharra kontuan izanda, erraza da akatsak egitea. Arrisku hori minimizatzeko laguntza ematen du robotak”, dio Cajaraville doktoreak.

IMG_0799

Kimioterapia-dosiak prestatzeko funtsezkoa da zehaztasuna eta doitasuna, eta gainera prozedura konplexuak inplementatu behar dira zeregin horretan ari diren langileen beraien segurtasunerako. Kiro Oncology robotaren parte-hartzeak aukera ematen du produktu farmakologikoekiko langileen esposizioa nabarmen murrizteko.

Hilabete hauetan prototipoaz egin diren probak erabat gogobetegarriak izan dira, Onkologikoan prozesu honen berme den sistema informatiko sofistikatuari esker neurri handi batean, baina baita lehendik erabiltzen ziren eskuz prestatzeko metodo aurreratuei esker ere.

Kiro Oncology gaur aurkeztu dute Onkologikoan, eta bertan izan dira Borja Lizari, Kiro Robotics-eko zuzendari nagusia; Almudena Moreno, Onkologikoako ordezkari nagusia; eta Gerardo Cajaraville doktorea. Ekitaldian izan da ere Mikel Álvarez, MONDRAGON Health-eko zuzendari nagusia (argazkian ezkerretik lehena, kazetarien artean).

Kiro Robotics-i buruz

Kiro Robotics oinarri teknologikoa duen enpresa da, Ospitaleko Farmaziarako ekipamendu automatikoak garatu eta ekoizten dituena. Ospitaleko Farmazia eta Ingeniaritzako profesionalen jakintza-alor anitzeko lantaldea du eremu honetan aplikazio berriak garatzeko.

Kiro 2011ko uztailean ezarri zen, kimioterapia-tratamenduen eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzeko teknologien garapen eta inplementazioan munduan erreferentzia bihurtzeko. Lehenengo Kiro makina 2012ko ekainean instalatu zen Onkologikoako Farmazia Zerbitzuan.

Mondragon Health-i buruz

MONDRAGON Health MONDRAGON Korporazioaren unitate estrategikoa da, osasun-arloaren garapena gidatzeko xedeaz sortua, lankidetzaren bidez konponbide integralak sortzea bilatzen duena. Jakintza-alor anitzeko unitate hau MONDRAGONek osasun-eremuan dituen gaitasun edo ahalmenen motor korporatibo gisa indartu da.

Onkologikoari buruz

Minbiziari dagokionez erreferentziazko zentroa da Europa hegoaldean; Onkologikoak azken belaunaldiko teknologia du minbiziaren tratamendurako, bere estrategia berrikuntzaren sustapenera eta ikerketa kliniko onkologikora bideratzen du eta bere gaixoei tratamendurik aurreratuenak eskaintzen dizkie medikuntza pertsonalizatuaren eremuan bere Terapia Aurreratuen Unitatearen bidez.

Kutxaren Onkologia Institutua 1933an sortu zen Donostian zentro monografiko gisa herritarren ekimenez; eta 1952az geroztik Kutxaren gizarte-ekintza da, eta Kutxak 60 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu 2009an ireki zen ospitale moderno hau eraikitzeko.