TUlankide MONDRAGON

Julian Elorzak ‘Matemáticas Básicas’ liburua aurkeztu du

2019/10/17

Goi Eskola Politeknikoko irakasle, 1999an erretiroa hartu zuenean, matematika-liburu bat idazten hasi zen, eta 20 urtez jardun du eginkizun horretan.
Julian Elorzak ‘Matemáticas Básicas’ liburua aurkeztu du

Guztira 2.000 ariketa, ingeniaritzako ikasleei eta matematikako irakasleei erantzunak emateko helburuz. Mondragon Goi Eskola Politeknikoko irakasle Julian Elorzak egindako 20 urteko lan nekaezinaren emaitza da. Duela 20 urte erretiroa hartu ondoren, egunero liburutegira joaten eta matematiketan sakontzen hasi zen Elorza, bere grina nagusia baita alor hori. ‘Matemáticas Básicas’ liburuaren lehen edizioa udaren aurretik salgai jarri eta agortu egin zen; orain, bigarren edizioa plazaratu da. Uriaren 23an, asteazkenean, 18:30ean aurkeztuko du Julian Elorzak bere lana. Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren instalazioetan izango da aurkezpena, 7006 ikasgelan.

Julian Elorza Mondragon Goi Eskola Politeknikoko bazkidea da 1960az geroztik. 1999an hartu zuen erretiroa, 64 urte zituela. Bere bizitza profesionalean zehar, gaur egun ingeniariak diren ikasle ohi askok euren enpresen egunerokoan konpontzerik ez zuten hainbat arazo eta kontsultari irtenbidea eman zien. Ingeniari horiek unibertsitatera jotzen zuten, Juliani laguntza eta aholkularitza eskatzera. Beraz, gaur egun ingeniariak diren ikasle ohiei emandako aholkularitzatik eta 40 urteko irakaskuntzatik jasotako esperientziari esker landu ditu Elorzak aritmetikako, geometriako eta kalkuluko 2.000 ariketa horiek.

Matematika tradizionala vs digitala

Julian Elorza irakaslearen liburua aurkezteko ekitaldian hitzaldi bat eskainiko du Luis Vegak, Elorzak jorratutako matematika tradizionalari kontrajarritako aro digitaleko matematikei buruz.

Luis Vega BCAMeko (Basque Center for Applied Mathematics) zuzendaria izan zen. Eusko Jaurlaritzaren laguntzaren bidez sortutako matematika aplikatuari buruzko ikerketa-zentroa da BCAM, eta haren helburua da Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sarea sendotzea, talentudun zientzialarien diziplinarteko ikerketaren bidez. Gaur egun, BCAMi lotuta jarraitzen du Vegak, ikertzaile eta Zientzia Batzordeko kide gisa. 2012an, Euskadiko Ikerkuntza Saria eman zion Iñigo Urkullu lehendakariak, Vegaren «ahalegin dibulgatzaile eta pedagogikoa» azpimarratu ondoren. Luis Vega (Madril, 1960) Analisi Matematikoan katedraduna da EHUn, eta ezaguna da nazioartean deribatu partzialetako ekuazioei buruz eta Fourier-en analisiari buruz egindako lanengatik.

 ‘Matemáticas Básicas’ liburuaren aurkezpena

18:30 Ekitaldirako ongietorria. Carlos García, MGEPko zuzendaria.

18:40. Luis Vegaren hitzaldia. Galderak.

19:15. Julian Elorzaren ‘Matemáticas Básicas’ liburuaren aurkezpena.

 

Eguraldia
Ostirala 22 Min: 7
Max: 12
Larunbata 23 Min: 6
Max: 11
Igandea 24 Min: 7
Max: 13
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak