Huhezinema 17, ate joka

Urtarrilaren 24, 25 eta 26an izango da aurtengo Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia Aretxabaletako Arkupe aretoan. Film laburrak aurkezteko epea berriz, urriaren 16tik azaroaren 27ra egongo da zabalik.
Card image cap
2023/10/19

Urtero bezala, Aretxabaletako Arkupen izango da Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia, urtarrilaren 24, 25 eta 26an zehazki. Jaialdiaren helburua, Euskal Herriko sortzaileen laburmetrai eta bideoklipak plazaratzea da eta bide batez, lanik onenak saritzea, euskal zinemagintzari bultzada emanez.

Inaugurazio ekitalditik hasi eta Huhezinema saria banatu arte, jaialdiak esperientzia aberasgarria eskainiko du ikusleentzat. Hiru egunez, ikusleak hunkitu, inspiratu eta entretenitzeko moduko laburmetraiak ikusgai jartzeaz gain, beste hainbat ekimen antolatuko dira; zinemarekiko grina ospakizun kolektibo bihurtuz. Urtero indartu da ekitaldia eta gaur egun, zinemazaleentzat ezinbesteko hitzordua da Huhezenima.

Jaialdiaren helburua, Euskal Herriko sortzaileen laburmetrai eta bideoklipak plazaratzea da eta bide batez, lanik onenak saritzea, euskal zinemagintzari bultzada emanez

Sariak

Jaialditik ahalegin berezia egiten dugu aurrekontuko diru gehiena sarietara bideratzeko. Azken urteetan, sail ofizialeko 10 finalisten artean dirua banatzen dugu, jaialdia euskal zinemagileen arteko topagunea izan dadin. Aurtengo ikasle antolatzaileen taldetik jasotako ideia zaparradaren ondoren, berrikuntza berri bat gehitzea erabaki dugu, eta Aktore Onenaren Saria emango dugu”, azpimarratu du jaialdiaren koordinatzailea den Iban Del Campok. Azken uneko berrikuntza bat ere aurreratu dute. Hala, azken urteetan kolaboratzaile izan den HAZI (https://hazi.eus) erakundearekin lankidetza sendotuko du Huhezinemak eta sari berri bat emango da. 

4.000 euro baino gehiago banatuko dira saritan:

* Sail ofiziala:

  • Huhezinema saria: 800€ Euskarazko film onenari. Saria epaimahi ofizialak emango du.

  • Laguntza publikorik gabeko film onenaren saria: 500€ Mondragon Unibertsitateko ikasleek osatutako epaimahaiak emango du. Sari hau diru laguntza publikorik gabe ekoiztutako eta banatutako film bati emango zaio.

  • Ikusleen saria: 100€-tan baloratutako oparia.

- Finalista guztiek 150€ jasoko dituzte.

* Ikasleen saila:

  • Ikasle film onenaren saria: 300€

  • MU saria: 200€ Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako ikus-entzunezko lan onenari.

  • Ikusleen saria: 100€tan baloratutako oparia  

  • Bideoklip onenaren saria: 300€

  • Ikusleen saria: 100€tan baloratutako oparia.

* Mundukide saria: 700 euro. Aurkeztutako film laburren artean Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onena sarituko da. Saria epaimahai ofizialak emango du Mundukideko ordezkari batekin batera. 

*Aktore onenaren saria: 150€

Izen ematea

Film laburrak zein bideoklipak aurkezteko izen-ematea imprimaki honen bidez egin beharko da, azaroaren 28a baino lehen. Parte hartzen dutenen artean, Huhezinemako lantaldeak onenak aukeratuko ditu jaialdian zehar pantaila handian erakusteko.

Batzorde antolatzaileak zinegile eta sortzaile guztiak gonbidatzen ditu jaialdiaren edizio honetan parte hartzera eta beraien ikuspegia ikus-entzunezko hizkuntzaren bidez partekatzera. Hautatutako finalisten lanak zinema adituz osatutako epaimahai batek ebaluatuko ditu, eta ekitaldian zehar erakutsiko dira, sortzaileei beren lana zabaltzeko aukera paregabea eskainiz.

Mondragon Unibertsitateak antolatutako jaialdia

Ekitaldia Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen ekimena da euskal zinemagileek beren sormena jendaurrean aurkezteko plataforma bat eskaintzeko helburuz sortutakoa. Iban Del Campo jaialdiko koordinatzailearen esanetan, “ekitaldi hau garrantzitsua dela uste dugu Euskal Herriko kultura, sormena eta hezkuntza sustatzeko. Lanean jarraitu behar dugu orain artekoa hobetzeko, zinema ekitaldietan erreferentzia izaten jarraitzeko eta bertako gazteen eta ikasleen sormena sustatzeko”.

Ikasleentzat ezagutza

2008an sortu zenetik, jaialdi hau besteengandik bereizten duen ezaugarri nagusienetakoa da, urtero, ikasle talde berri batek jaialdiaren antolakuntzan parte hartzen duela, Fakultateko beste irakasle batzuen gidaritzapean. Iban Del Campok gaineratu duenez, “ikasleek inplikazio, gogo eta mimo handiz parte hartzen dute Huhezinema jaialdiaren antolakuntzan, eta aurten ere sekulako lana egiten ari gara denon artean hau haurrera ateratzeko”. Helburua da, modu praktiko eta erreal batean, ikasleek bertatik bertara ezagutzea zinema jaialdi baten antolaketa prozesua. Taldean lanean aritzeak ahalbideratzen du graduan ikasitakoak praktikan jartzea, eta aldi berean, mundu profesionalarekin harremanak sustatzea.

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea

Irakaskuntza unibertsitate zentroa