Historia bizia omendu du Soralucek jubilatuei eskerrak emanez

Kooperatibaren sortzaileetako bost kide izan ziren joan den ostiralean, uztailaren 18an, Mekolalde eta Osintxuko plantetara egindako bisita gidatuan, eta enpresaren oraina eta etorkizuna bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, emozioz eta esker onez beteriko giroan.
Card image cap
2025/07/21

Joan den ostiralean, uztailaren 18an, Soraluce kooperatibak belaunaldien arteko lotura sendotu zuen bere ibilbidean funtsezkoak izan diren 69 bazkide jubilatuei omenaldi hunkigarria eginez. Giro ezin hobean, kooperatibak Bergarako Mekolalden eta Osintxun dituen instalazioak bisitatu, talde argazki batean bildu eta bazkari batekin ospatu zuten eguna. Bereziki nabarmentzekoa izan zen kooperatibaren bost sortzaileren presentzia, enpresaren hazia landatu zutenen lekukotza bizia.

Autobusez, autoz edo oinez bertaratuta, parte-hartzaileak gogotsu agertu ziren kooperatibaren azken berrikuntzak ezagutzeko. Gaur egungo bazkideen azalpenak arretaz entzun zituzten, galdera zorrotzak eginez eta aspaldiko lankideekin berriketan arituz.

IMG_3002.JPG

Iragana eta oraina, harrotasunez lotuta

Bisitarien artean zegoen Rafael Barrenetxea, 1987tik aurrera Soraluceko zuzendari eta ondoren Danobatgroupeko zuzendari izandakoa. "Etengabe berritzen ari den enpresa da, bai teknologian, baita ondo prestatutako jendea erakartzen ere. Oso ondo kokatuta dago", adierazi zuen, kooperatibak bizi izandako eraldaketa handiak ondo gogoratuz.

IMG_3034.JPG

Mari Carmen Perez eibartarra ere pozarren agertu zen. 2014ra arte Atzerrirako departamentu komertzialean eta Finantzetan lan egin zuen, eta kooperatibara itzultzeak alaitasun handia sortzen ziola aitortu zuen. "Oso oroitzapen onak ditut, lagun bikainak egin nituen eta, gainera, Soraluce nirea bezala sentitzen dut", azaldu zuen. Harrotasunez kontatzen die bilobei bertan lan egin zuela, eta enpresa "hain sasoitsu" ikusteak eta auzoari egiten dion ekarpenak are gehiago betetzen duela gaineratu zuen.

IMG_3006.JPG

Esker ona, norabide bikoitzeko zubia

Andres Mazkiaran Soraluceko presidentearen hitzetan, jubilatuak egunarekin pozik bazeuden ere, esker ona alderantzizkoa zen: "Gaur egungo bazkideok egon behar dugu eskertuta. Haien lanari esker jaso dugu guk enpresa hau, eta argi izan behar dugu gure ondorengoei enpresa hobe bat utzi behar diegula".

IMG_3055.JPG

Lotura hori ez da egun bakarrera mugatzen. Kooperatibak urtero antolatzen duen familia egunean ere parte hartzen dute jubilatuek. Mazkiaranek zioen moduan, "ez dira inoiz guztiz desengantxatzen. Kalean ikusten gaituztenean, interes handiz galdetzen digute enpresaren martxaz".

Bisita teknikoaren ostean, Osintxun, jantoki berriaren eta azken plantaren artean eraikitako plaza eta harmailak estreinatu zituzten belaunaldi desberdinak elkartu zituen talde argazki batekin. Eguna, nola ez, elkarrekin bazkalduz amaitu zuten, iraganeko lanak eta etorkizuneko erronkak mahai baten inguruan partekatuz.

IMG_3044.JPG

Makina erreminta