TUlankide MONDRAGON

Fagor Arrasatek berriz ekin die Txinako bi lantegietako lanei

2020/04/03

Etenaldiaren ondoren, plantilla pixkanaka taldeka sartzen joan da, eta ia erabat martxan dago. Gainera, bezeroei laguntza eta babesa ematen jarraitzeko aukera ematen du Txinako filialak.
Fagor Arrasatek berriz ekin die Txinako bi lantegietako lanei

Prebentzio, instalazioen desinfekzio eta material sanitarioaren erabilgarritasun arloan Txinako gobernuak ezartzen dituen neurri zorrotzak betetzen dituela ziurtatu ondoren, Fagor Arrasatek Txinan dituen bi lantegiek berriz operatzeko baimena jaso dute. Lan taldeak pixkanaka sartu dira tokiko agintarien jarraibideei jarraituz, eta, gaur egun, %97ko ahalmen operatiboa lortu dute.

"Gure lehentasuna beti izan da pertsonen segurtasuna eta ongizatea, eta gure esku dauden neurri guztiak hartu ditugu horiek bermatzeko", nabarmendu du Fagor Arrasatek Txinan duen lantegiko gerente Alberto Sarasquetak.

Deformazio eta konformazio bidezko makina-erreminten diseinuan eta fabrikazioan espezializatua, euskal enpresak bi instalazio ditu Kunshanen, Shanghaitik 50 kilometrora. Lantegiak itxita egon ziren urtarrilaren 24tik otsailaren 10era, gobernuak Txinako Urte Berriko oporrak luzatu zituen arte. Egun horretatik aurrera enpresek jarduera berriz irekitzeko baimena eskatu ahal izan zuten, eta plantilla lanera itzultzekoa ere bai. Behin tramitea eginda, otsailaren 12tik 19ra bitartean, langileak euren lanpostuetara itzuli ziren, 3 taldetan banatuta. Baimen horiek lortzeko, agintariek ezarritako baldintzak bete behar izan dituzte lantegiek, instalazioak ez kutsatzeko eta garbitzeko prebentzio-neurriak hartuz, bai eta osasun-materialaren inbentarioa edukiz ere. Eskakizun horiek betetzen direla ziurtatzeko, dagozkion auditoretzak egin behar izan dira.

Fagor Arrasateren Txinako filialetik bertako hornitzaileen egoeraren jarraipena egiten aritu dira, eta egun batzuk gehiago behar izan dituzte jarduera berreskuratzeko, gobernuak atzerriko enpresak berriz irekitzea lehenetsi baitzuen. Hala ere, gaur egun hornikuntza-katea eta enpresaren barne-operatiba martxan daude.

Fagor Arrasate-Txina

Nazioartekotzearen garrantzia

Gaur egungo pandemiak agerian utzi du zein erabakigarria den nazioartekotzea eta zein egokia den ekoizpen-ahalmena duen Asiako herrialde erraldoian ezartzea. Euskal enpresaren kasuan, Txinako filiala oso paper garrantzitsua jokatzen ari da, taldearen industria eta zerbitzu jarduerei laguntzeko. Multilokalizazio horri esker, adibidez, Txinako lantegietatik Mexikora pieza mekanizatu bat bidali daiteke, une honetan euskal instalazioetatik hornitu ezin dena. Horrela, Fagor Arrasatek bere bezeroei laguntza teknikoko zerbitzuak eskaintzen jarrai dezake.

Filial txinatarraren zeregina indartu egiten da, enpresaren hiru negozio-arloak hartzen dituen diziplina anitzeko planta delako, hala nola automobilgintza, siderurgia eta etxetresna elektrikoak. Gainera, munduko beste leku batzuetan laguntza teknikoko zerbitzu-euskarria eskaintzeko gaitasuna du.

Tokiko ekoizpen-ahalmen horrek indarra ematen dio Fagor Arrasateri lehiakideen aurrean, txapa mozteko eta prozesatzeko lineen sektorean Txinan presentzia duten bakarrak baitira. "Gaur egun proiekturen bat sortuko balitz, gure lehiakide gehienek ez bezala, posizio pribilegiatua izango genuke, bezeroari konfiantzazko irtenbide bat eskaini ahal izango geniokeelako gure filialaren bidez. Zerbitzu bermeekin eskaintza egin ahalko lukeen atzerriko fabrikatzaile bakanetako bat izango ginateke", nabarmendu du Sarasquetak.

Haren hitzetan, Txinan automobilgintza edo siderurgia bezalako sektoreen bilakaera ekonomikoa, gobernuak martxan jarriko dituen kontsumoa suspertzeko neurrien eta inbertsioaren araberakoa izango da neurri handi batean. Nolanahi ere, nabarmendu du maniobra-tarte handia duela, azken hamarkadako merkataritza-balantza oso positiboa izan delako eta horrek likidezia-ugaritasunari sortu duelako.

Fagor Arrasatek Kunshanen duen lehen lantegia 2008an ireki zen, eta bigarrena 2012an, "Diseinu europarra, tokiko fabrikazioa" premisarekin. Helburua Txinako merkatuaren beharrei hurbiletik eta zuzenean erantzutea da, Europako lantegien ekoizpenaren ezaugarri diren teknologia eta kalitate-estandar berberekin. Tokiko merkatuaren hornikuntzan, enpresako gainerako instalazioetarako azpimultzoen fabrikazioan eta taldearentzako erosketa-plataforma izatean zentratzen dira. Herrialde horretan, gainera, bulegoak ditu Pekinen eta Shanghain.

Fagor Arrasateri buruz

Fagor Arrasate munduko liderra da altzairuzko, aluminiozko eta herdoilgaitzezko konformaziorako neurriko soluzioen diseinuan eta fabrikazioan, prentsetatik, bobinak ebakitzeko eta prozesatzeko lerroetatik eta metalezko pieza konplexuak fabrikatzeko sistema osoetatik abiatuta. Konpositeen konformazioan, beroko eta hotzeko forja-sistemetan eta Press Hardening-ean ere adituak gara.

Globalki jarduten du, eta bere bezeroak automobilgintzaren eta sektore aeroespazialaren OEMak eta Tier-1ak dira. Baita, zerbitzu-zentroak, forja, siderurgia, etxetresna elektriko eta metalezko altzarien industrietako konpainiak ere.

60 urte baino gehiagoko esperientziarekin, Fagor Arrasatek 6 ekoizpen-planta ditu, laguntza teknikoko 4 zerbitzu-zentro eta I+G+b zentro bat, baita merkataritza-ordezkaritza ugari ere munduan zehar. MONDRAGON Corporation Europako industria talde handienetako baten sortzailea da, 80.000 profesional baino gehiagorekin.

Eguraldia
Astelehena 1 Min: 16
Max: 29
Asteartea 2 Min: 15
Max: 28
Asteazkena 3 Min: 15
Max: 24
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak