Irakurriena
- 1. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
- 2. LagunAroren etorkizuneko erronkak aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian
- 3. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 4. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
- 5. MONDRAGON, konpromisoaren indar eraldatzailea
- 6. "MONDRAGON proiektu kooperatiboa, gertukoa, berrikuntzan oinarritua, eraldatzailea eta irekia da"
Fabrikazio aurreratua, energia eta osasuna/biozientzia arloetan lidertza teknologikoaren bila

Berrikuntza eta teknologia arloko erronkak identifikatzeko helburuarekin jardunaldia burutzen ari da gaur Donostiako Kursaal Jauregian. Bertan aztertu dira euskal gizartearen datozen urteotako erronkak zeintzuk izango diren. Era berean, Euskadik dituen indarguneak identifikatu dira Europako berrikuntza polo gisa aritzeko.
Mondragon Unibertsitateko errektore ohi eta Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu ohi Javier Retegik irakurri du manifestua. Ekitaldian, besteak beste, Euskadiko Lehendakari Iñigo Urkulluk eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak parte hartu dute.
Iñigo Urkullu, Euskadiko Lehendakaria.
Manifestua
Euskadi herrialde txikia da eta baliabide mugatuak ditu, baina aspalditik asmatu izan du Zientzia- eta Teknologia-gaiak euskal enpresa-sistemaren beharren arabera lehenesten eta horiekin bat egiten. Egia da Europako eskualde gehienekin alderatuta Euskadik posizionamendu nabarmena duela enpresen arloan eta zientzia eta teknologian, baina liderren trena galtzeko arriskua dago. Euskadik epe luzerako estrategia landu behar du, alderdi sendoak eta itzulkin ekonomiko eta sozialik handiena ahalbidetu dezaketen teknologiak ardatz hartuta. ‘Espezializazio Adimendunaren Estrategia' edo ‘Research and Innovation Smart Specialisation Strategy (RIS3)’ esaten zaiona, alegia. Euskadiren kasuan, hiru lehentasun estrategiko zehaztu dira: Fabrikazio aurreratua, Energia eta Biozeintziak/Osasuna. Gaur egun, hain zuzen, oinarrizko teknologia batzuk RIS3 estrategiaren hiru lehentasunen garapen-eragile dira: Digitalizazioa, Robotika, Adimen artifiziala, Datuen analisia, Zibersegurtasuna, Gauzen Interneta edota Pertsonen eta makinen arteko elkarreragina. Baina badira beste teknologia batzuk Erronka bakoitzari berariaz dagozkionak, adibidez, potentzia-elektronika eta energia baterietan biltegiratzea –energiaren eta garraioaren sektoreen kasuan–, gehitze-fabrikazioa produkzio-sistema banatuan edo medikuntza prediktiboaren sustatzaile den genomika.
Negozio-eredu berrietan lehiakorrak izateko giltzarri dira lankidetza eta aliantzak finkatzea, sektore eta teknologia guztietan
Egungo egoeran ez da nahikoa teknologia edukitzea; izan ere, negozio-eredu berrietan lehiakorrak izateko giltzarri dira lankidetza eta aliantzak finkatzea, sektore eta teknologia guztietan. Kontuan hartuta bezeroek produktuak baino gehiago irtenbideak/zerbitzuak eskatzen dituztela, teknologia berriak erritmo bizian garatzen ari direla, enpresen tamaina eta merkatuen globalizazioa, mundu mailan balio-proposamen bat eskaintzeko ezinbestekoa da enpresa multzo batek ahalmenak batzea markari, teknologiari edota merkatu-baliabideei dagokienez, bakoitzak bere ezagutza espezializatua ekartzea balio-katera.
Erronka Teknologikoei aurre egiteko hirugarren oinarrizko balioa talentua da. Ingurune aldakor eta zalantzazko honetan, gure industria bideratuko duten pertsonek, ezagutzaz eta teknologia berriak menderatzeaz gain, bestelako gaitasunak izan behar dituzte, besteak beste, jarrera berritzailea eta ekintzailea, merkatuaren eta kudeaketaren inguruko ezagutzak edota diziplina eta kultura anitzeko lantaldeetan jarduteko trebetasunak. Horren guztiaren euskarri izan behar dira, batetik, prestakuntza-plan berriak eta, bestetik, garatzeko bidean dauden teknologien aldeko apustu iraunkorra sektore publikoaren eta pribatuaren aldetik.