Irakurriena
- 1. Dikar-ek Ternua erosi du, kooperatibaren hazkundea bultzatzeko eta marka Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko
- 2. Kidek 50. urteurrena ospatu du
- 3. Kooperatibak eta ekonomia soziala: gertutik eraldatzen
- 4. Eusko Jaurlaritzak eta Konfekoopek euskal industria-kooperatibismoarekin kontrastatu dute Euskadi 2030 Industria Plana
- 5. Arizmendi Ikastola, Mondragon Mexiko Unibertsitatean
- 6. Fagor Taldeak Tokixan egitasmoa babestuko du, elikadura burujabetzan sakontzeko
Eusko Jaurlaritzak eta Eroskik hitzarmena berritu dute, Euskadin tokiko nekazaritzako elikagaien sektore jasangarriago eta lehiakorragoa bultzatzeko
Euskadiko 368 hornitzaile komertzialekin egiten du lan EROSKIk. Horietatik % 70 inguru nekazaritzako elikagaien ekoizle txikiak dira, eta tokiko produktuen 2.400 erreferentzia baino gehiago eskaintzen ditu dendetan.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Eroskik 2013tik duten lankidetza-hitzarmena berritu dute, hiru euskal lurraldeetako nekazaritzako elikagaien industria indartzeko eta garatzeko. Hitzarmenak hiru urteko indarraldia izango du, eta nekazaritzako elikagaien sektore jasangarri, berritzaile eta Euskadin aberastasuna sortuko duenaren aldeko apustu partekatua sendotzen du. Hala, 2013an lehenengo hitzarmena sinatu zenetik, Euskadin tokiko produktuen salmentak % 217 igo dira produktu freskoetan eta % 133 elikagaietan. Bereziki aipagarria da zenbat hazi diren barazkien, haragiaren, gaztaren, esnearen eta Eusko Label zigiluaren babesean egindako produktu guztien salmentak.
Hitzarmena ‘Lurraldea, produktua eta konpromisoa’ topaketaren esparruan sinatu da. Kooperatibak Jundizen duen freskoen plataforma logistikoan egin da, eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektore osoak parte hartu du. Ekitaldiaren buru izan dira Amaia Barredo sailburua eta Rosa Carabel Eroskiren CEOa, eta bertan izan dira, baita ere, Raúl Pérez de Iratxeta Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordea, Asun Bastida Eroskiren tokiko produktuen zuzendari komertziala, foru-aldundietako ordezkariak, HAZIren arduradunak eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien elkarte nagusietako ordezkariak.
Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, akordio hau Jaurlaritzaren beraren estrategiaren barruan sartzen da, hau da, Euskadiko lehen sektoreari eta nekazaritzako elikagaien industriari laguntzeko estrategiaren barruan, ekonomiaren, lurralde-kohesioaren eta trantsizio ekologikoaren funtsezko zutabeak baitira
Rosa Carabel Eroskiren zuzendari nagusiak hitzaldian azpimarratu duenez, “hitzarmen hau berritzeak berretsi egiten du Eroskiren baliabide guztiak Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen hazkundearen zerbitzura jartzeko dugun borondatea. Bertakoa sustatzea komunitatea eraikitzeko eta gure inguruan benetako eragina sortzeko modua da. Kooperatiba gisa, gure konpromisoa da ekoizleekin eta kontsumitzaileekin balio partekatua sortzea, landa-ingurunearekiko lotura indartuta”.
Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, akordio hau Jaurlaritzaren beraren estrategiaren barruan sartzen da, hau da, Euskadiko lehen sektoreari eta nekazaritzako elikagaien industriari laguntzeko estrategiaren barruan, ekonomiaren, lurralde-kohesioaren eta trantsizio ekologikoaren funtsezko zutabeak baitira. Alde biek konpromiso bera dute: Euskadin egindako kalitatezko produktuen komertzializazioa bultzatzea, landa-ekintzailetza sustatzea eta elikadura osasuntsuago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea.
Hala ziurtatu du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak hitzarmena sinatzeko ekitaldian: “EROSKI funtsezko eragilea da Euskadiko elikaduraren balio-katean. Tokiko produktuak eta produktu jasangarriak komertzializatzeko konpromisoa du, eta horrek eragin erabakigarria du nekazaritzako elikagaien sektorearen garapen ekonomikoan eta gure ekoizleen balorizazioan”.

Hitzarmenaren konpromisoak
Hitzarmenaren baitan, EROSKIk gain hartutako konpromisoen muinean daude jasangarritasuna eta tokiko ekoizleentzako laguntza zuzena. 2022az geroztik, kooperatibak laguntza-programa bat bultzatzen du, sektoreko eragile txikiei hazten, profesionalizatzen eta merkatu gero eta zorrotzagoaren erronkei aurre egiten laguntzen diena, berrikuntzan eta gobernantzan hobekuntzak sustatuta. Gaur egun, tokiko ehun ekoizle baino gehiagok hartzen dute parte programa horretan Euskadin eta elikagaien freskotasuna eta kalitatea ziurtatzen dituen, garraio-kilometroak minimizatzean karbono-aztarna murrizten duen eta sektorea indartzen duen eredua hedatzen laguntzen dute.
Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du nekazaritzako elikagaien sektorearen inguruko lankidetza instituzionala dinamizatzeko konpromisoa, Eroskirekin komunikazio arina eta etengabea bermatzeko
Beste jarduteko ildo bat da tokiko produktua Eroskiren dendetan sustatzea eta ikusaraztea, kontsumitzaileek errazago identifika ditzaten seinaleztapenaren eta gune nabarmenen bidez. Horrez gain, nekazaritzako elikagaien sektorearekin eta administrazio publikoekin harreman egonkorrak eta baliagarriak sortzeko xedea du, Euskadirentzat etorkizun jasangarriagoa eraikitzeko konpromiso partekatuan oinarrituta.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du nekazaritzako elikagaien sektorearen inguruko lankidetza instituzionala dinamizatzeko konpromisoa, Eroskirekin komunikazio arina eta etengabea bermatzeko. Hitzarmenaren arabera, proiektu bateratuak sustatuko dira erreferentziazko zentro teknologikoekin, hala nola Azti, Neiker, Elika eta Basque Culinary Centerrekin, berrikuntzan, elikagaien segurtasunean eta produktu berrien garapenean aurrera egiteko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak lehen sektorearen ekoizpena sustatuko du, ekintzailetza-ekimenak babestuko ditu, eta, aldi berean, Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigintza-kateko eragileen lana aintzatetsiko du.