TUlankide MONDRAGON

Euskadi berreraikitzeko prozesuan parte hartzeko borondatea eta konpromisoa eskatu ditu KONFEKOOPek

2020/10/14

Batzar Nagusia egin du gaur Gasteizen.
Euskadi berreraikitzeko prozesuan parte hartzeko borondatea eta konpromisoa eskatu ditu KONFEKOOPek

Iñigo Urkullu, Euskadiko Lehendakaria eta Rosa Lavín, KONFEKOOPeko presidentea.

Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak bere Batzar Nagusian egin du Gasteizen, eta bertan 2019ko jarduerari errepasoa egiteaz gain, bere berregituraketa azaldu du, euskal esparru ekonomikoan kooperatiben interesen defentsan duen papera nabarmenduz.

2020ko Batzar Nagusia KONFEKOOP izendapenarekin antolatutako lehena izan da, 2019an Erkide eta Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioaren artean izandako fusioaren ondorioz sortua, eta lehen aldiz jarduera ekonomiko guztietako Kooperatibak erakunde berean batzen dituena.

KONFEKOOP Batzar Nagusia

Ekitaldia arabar hiriburuko Europa Jauregian egin da, eta bertan desberdintasunak ezabatu eta enpresa demokratikoagoak eta parte-hartzaileagoak eraikitzeko Euskal Eredu Kooperatiboak duen eginkizuna azpimarratu da.

Kooperatiben erresilientzia

Rosa Lavin KONFEKOOPeko Presidenteak 2019an, eta bereziki COVID-19aren pandemiak kolpaturiko 2020. urtean euskal Kooperatibek izan duten papera nabarmendu nahi izan du. COVID-19aren pandemiak kooperatiba guztiak kolpatu ditu modu batera edo bestera. Gauzak horrela, testuinguru honetan Kooperatiben jarduerak eragindako inpaktu positiboak gora egiten jarraitzen du, eta aurreko krisialdietan bezala, Cooperatiben erresilienteagoak dira, egoera konplexuetatik ateratzeko gaitasun handia erakusten dutelarik.

Rosa Lavinek azpimarratu duenez, "Enpresa Kooperatibak ezinbesteko eredua bihurtu da lanpostuak sortzeko, hazkunde jasangarria lortzeko eta enpresa-barruan gizarte-balioak sustatzeko". Horregatik, KONFEKOOPek susperraldi ekonomiko eta sozialerako eragile nabarmen gisa, bere burua eskaintzen die beharrizana izan dezaketen erakunde ezberdinei. 

Errealitate berria eta urteko balantzea

Agustin Mendiola, KONFEKOOPeko Zuzendariak, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren 2019ko balantzea azaldu du. 2019a Kooperatiben Lege berriaren onarpenarekin itxi zen, eta testuinguru honetan, KONFEKOOPek lege berri hori ezagutu eta erakundeen estatutu sozialak 2020ra eta 2021era begira egokitu ahal izateko formazio prozesu bat abiatu du.

Aurreko sasoiaren balantzea eginez, oro har, 2019a positiboa izan da: 2018an baino 111 kooperatiba gehiago bildu dira Konfederaziora, urtea 1.233 kooperatibarekin bukatuz. Gainera, joan den sasoian, orotara kide diren kooperatibek 2.193 lanpostu berri sortu zituzten. KONFEKOOPeko kide diren enpresek 56.362 pertsona enplegatu zituzten urtean zehar, euskal jarduera ekonomikoan ezinbesteko kolektibo gisa aldarrikatzen direlarik.

Jardunaldi borobila

Gaurko Batzar Orokorra Agustin Mendiolak KONFEKOOPeko zuzendari gisa erretiroa hartu aurretik parte hartu duen azkena izan da. Horregatik, merezitako omenaldia egin zaio kooperatiben arloan egindako ibilbide luzeagatik, kooperatibagintzako zenbait bidelagunek begirunea erakusten zioten bideo bat proiektatuz. Horrez gain, Agustinek Rosa Lavinen eskutik oroimenezko plaka bat jaso du. 

Omenaldiaren ondoren, Iñigo Urkullu lehendakaria izan da Batzar Nagusiaren itxiera emateko arduraduna. Bere hitzetan, KONFEKOOPi erreferentzia zuzena eginez, "Hazkunde ekonomikoa eta hazkunde pertsonalak bat egin behar dute, beraz, bat gatoz hazkunde ekonomiko jasangarri eta kalitatekoan lan egiteko helburuarekin".

Gainera, ekitaldia bukatzerakoan, bertaratutakoek eta jardunaldia streaming bitartez jarraitu dutenek “Kooperatiba ereduaren abantailak gizarte eta enpresa ingurune berrian” ponentziaz gozatu ahal izan dute, Luis Miguel Jurado, Lan Elkartuko Kooperatiben Espainiako Konfederazioko (COCETA) -ko Presidentearen eskutik.

Bere hitzaldian, Juradok azpimarratu nahi izan du COVID-19aren birusaz gain, gure gizarteak beste birus batekin bizi behar duela, beldurrarekin hain zuzen ere, "eta horregatik, egoera horren aurrean, inoiz baino gehiago sendotu behar ditugu balio kooperatiboak, beldurra geldiarazteko eta paralisira ez iristeko".

Eguraldia
Larunbata 24 Min: 8
Max: 19
Igandea 25 Min: 9
Max: 17
Astelehena 26 Min: 5
Max: 14
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak