Errezilgo San Martin Herri Eskolako ikasleak Domusa Teknik-en bisitari

Ez zen bezerorik, ezta hornitzaile nagusirik ere bisitarien artean. Agian etorkizuneko talentua, Domusaren geroa eraikiko duten gazteak. Herritarrak, bertakoak, gertukoak denak. Bisitariek erakutsitako interesak eta eskainitako iritziek aho zabalik eta irrifartsu utzi zituen bat baino gehiago Domusa Teknik-en. Azaroan enpresan izandako bisitarik desberdinena, zalantzarik gabe, San Martin Herri Eskolako ikasleena izan zen.
2025/12/18
Domusa Teknik-ek eskaintza zabala du gaur. Hala nola bero ponpa aerotermikoak; etxeko ur beroa ekoizteko eguzki sistemak; burdinurtuzko eta altzairuzko galdarak, gasa, gasolioa edo biomasa erregai gisa erabiltzen dutenak; ur beroko intermetagailuak; galdara elektrikoak; hormako gas galdarak; termo elektrikoak, eta gasoliozko erregailuak. Gainera, bere produktuekin batera beste zerbitzu batzuk eskaintzen ditu, hala nola bermearen kudeaketa, zerbitzu teknikoa, prestakuntza, produktua norentzat den kontuan hartuta.

Domusak herrigintza sustatzea zer den badaki eta Errezilgo eskolakoekin harremana aspaldikoa da

Punta-puntako enpresa bilakatu da eta 2026an 50 urte beteko ditu. Errezil eta Azpeitia artean dago kokatuta, mendiari eta inguruari lotua, modu literalean gainera. Eta badu izaera soziala. Hala, kooperatibaren 50. urteurrena ospatzen hasteko, iragan hilabetean bisita oso interesgarri eta berezia jaso zuten. Errezilgo San Martin Herri Eskolako ikasleak gerturatu ziren instalazioak ezagutzera. Askok etxean dute kooperatibarekin lotura zuzena. Ama, aita edo senideren bat Domusa Tekniken ari baita lanean. Gehienentzat, beraz, ez zen guztiz ezezaguna izan lantokian aurkitu zutena.

Domusak herrigintza sustatzea zer den badaki eta Errezilgo eskolakoekin harremana aspaldikoa da, "urtero bidaltzen dizkiegu opariren batzuk (kuadernoak, boligrafoak eta holakoak), ipuin lehiaketaren bat ere antolatu izan da beraiekin. Eta bertara ere behin baino gehiagotan etorri izan dira. Gainera, etortzen diren asko Domusako langileen seme-alabak dira", esan digute.

Datorren urtea berezia izango da Domusa Teknik-en. Mende erdira iritsi da Errezilgo kooperatiba, Teofilo Dominguez eta Josefina Usabiagak enpresa sortu zutenetik 50 urte oparo igaro dira, krisiak eta momentu goxoagoak bizi izan dituzte

Eta oraingoan ere halaxe izan da. Pentsatu eta egin. Euskara Batzordeak sustatuta eta 50.urteurrenaren aitzakiarekin, Errezilgo eskolako umeen bixita aprobetxatzea pentsatu zen, batetik 'etxea erakusteko' eta bestetik haiek enpresaren inguruan duten pertzepzioaz galdetzeko. "Domusaren inguruko galdera batzuk egiteko eta hori grabatzea pentsatu genuen, Azpeitiko GUKA-koekin (Urolako herri aldizkaria) ere badaukagu hartu-emana eta haiekin hitzegin genuen bideoa grabatzeko".
large.png
Datorren urtea berezia izango da Domusa Teknik-en. Mende erdira iritsi da Errezilgo kooperatiba, Teofilo Dominguez eta Josefina Usabiagak enpresa sortu zutenetik 50 urte oparo igaro dira, krisiak eta momentu goxoagoak bizi izan dituzte. Urteurreneko logoa ere estreinatu dute. Lehiaketa abiatu, eta dagoeneko badute irabazlea. Hala, 2026an alderik alde ikusi ahal izango da urteurreneko marka.

Aurten, 230 langile ditu kooperatibak eta erreferente da soluzioak eskaintzen klimatizazioan. Edozein teknologia garatzeko gaitasuna du Domusa Teknik-ek eta soluzioak eskanitzen dizkie berezoei. "Beharrak beti dira desberdinak eta soluzio egokituak egiten ditugu. Kaldera berdina izan daiteke, baina soluzioa desberdina da. Instaladoreari soluzio ezberdinetarako aukera emateak gure proposamena erakargarriago bilakatzen du", adierazi digute.

Klimatizazio eta ongizaterako irtenbideak