Eroskik salmentak eta merkatu kuota hobetu ditu 2020an

Salmentak guztira 5.376 milioi eurokoak izan dira, %2,1 haziz. Era berean, Espainia iparraldean bere merkatu kuota %13 igo zuen.
Card image cap
2021/04/29

Eroski taldeak %2,1 hobetu zituen iaz bere salmenta gordinak, 5.376 milioi eurotaraino, COVID-19ak elikaduraren arlokoak ez diren negozioetan kalteak eragin bazituen ere —hipermerkatuetako elikaduratik kanpoko atalak, bidaiak, kirol dendak eta gasolindegiak—. Batez ere sektore horietan erasan zuen pandemia garaian, mugitzeko eta irekitzeko murriztapenak zirela medio. Nabarmentzekoa da, ordea, taldearen elikadura negozioak eboluzionatu egin zuela, eta 5.067 milioi euroren salmenta gordinak izan zituela, %8,6ko hazkundearekin. Gainera, salmentaren azalera 40.000 metro koadro garbitan murriztuta —gehiena iparraldeko eremutik kanpo— lortu zuen fakturazioaren hazkunde hori.

Eroskik bere posizioa indartu du Espainia iparraldean duen merkatu kuota %0,3 igota %13,3raino

Era berean, Eroskik bere posizioa indartu du Espainia iparraldean duen merkatu kuota %0,3 igota %13,3raino, eta elikagaien arloan bigarren banatzaile gisa jarrita eremu horretan (Galiziatik Balearretaraino). Hor kontzentratu du orain arte 'Zurekin' eredurantz egindako eraldaketa, eta eremu hori indartzea erabaki du Eroskik bere hedapenerako lehentasunezkotzat jota. 

Salmentetan izan duen erantzun on hori bera ikusi du online kanalean ere, bere operatibitatea uneoro eduki baitzuen martxan pandemiak iraun bitartean eta lau bider handitu baitzuen bere gaitasuna urteko lehen seihilekoan. Hala, %82ko salmenta hazkundearekin itxi zuen 2020a, eta %20tik gorako merkatu kuotarekin. Taldearen kanal digitalak, EROSKI Onlinek eta Capraboacasak lau bider handitu zuten beren zerbitzu kopurua 2020ko ekitaldian. Kontsumitzaileek EROSKIren Interneteko denda aukeratu zuten Espainiako online supermerkaturik onena laugarren urtez jarraian.

Online kanalean ere %82ko salmenta hazkundearekin itxi zuen 2020a

Iaz, Eroskik frankizia erako 52 denda ireki zituen, eta 20 denda propio elikagaien eremuan. Gainera, 92 saltoki eraldatu zituen belaunaldi berriko 'Zurekin' denda eredura.

Gizartean duen inpaktu ekonomikoa handitu zen

Tokiko ekoizleen erosketak %13 igo dira, eta 995 milioi eurotara igo da kopurua. Nekazaritzako ekoizleen 2.400 ekoizle txiki baino gehiagoren 20.692 erreferentzia merkaturatu zituen tokiko produktuaren aldeko politikaren barruan. Pandemiak markatutako ekitaldian, Eroskik hitzarmenak egin zituen bere jarduera gauzatzen duen eskualdeetan, nekazaritzako ehunka ekoizle txikiri eta kooperatibari lagundu zietenak. Ekoizleok beren ohiko salmentak kanalak galdu zituzten (errestaurazioa, kolektiboak...) osasun alerta zela medio, eta bere ekoizpen sailak merkaturatzen laguntzea izan da helburua. Alde horretatik, lehen sektoreari laguntzeko lankidetza sistema bat garatu zuen, haien soberakinak bere denda sarean saltzeko.

Enpleguari dagokionez, 900 lanpostu inguru sorrarazi zituen taldeak 2020an

Enpleguari dagokionez, 900 lanpostu inguru sorrarazi zituen taldeak 2020an, eta 29.806 lagunetara igo du bere lantaldea, aurreko urtean baino %3 gehiago. Horietatik 259 sartu dira kooperatibara bazkide langile gisa; hala, 8.954 lagun dira orain, 2019an baino %3 gehiago.

Iraunkortasunarekin duen konpromisoa ardatz estrategikoetako bat da Eroskirentzat, eta iaz mugarri garrantzitsuak erdietsi zituen lerro horretan. Besteak beste, lehen izarra eskuratu zuen Lean & Green proiektuan CO2 emisioak %20 gutxitzeko helburua gainditzeagatik logistika eta garraio prozesuetan; gainera, animalia ongizatearen ziurtagiria lortu zuen, eta ingurumen gehiago errespetatzen duen ontzi bat atera EAEn, Nafarroan, Galizian eta Balearretan saltzen duen tokiko esne markarako. 2020an, marka propioko produktu freskoen eta elikagaien gama ekologiko berria ateratzen hasi zen. Bestalde, bere markako produktuetan ingurumen arloko adierazpen bat ezarri izanak aitorpena jaso du, 2020an nabarmendu diren hogei berrikuntzetako bat izan dela adierazi baitu Espainiako Kontsumo Handiko Berrikuntza Behatokiak.

Bezeroen laguntzaz, 2020an 12 milioi euro baino gehiago banatu zituen askotariko ekimenentzat

Elkartasuna ere handitu egin zen 2020an

COVID-19ak eragindako krisi soziosanitarioa dela medio, jende zaurgarrienaren beharrak areagotu ditu. Bezeroen laguntzaz, 2020an 12 milioi euro baino gehiago banatu zituen askotariko kausetarako, nabarmentzekoak direlarik COVID-19ak jotako kolektiboei lotutakoak. Zenbateko horretatik %70 berak eman zuen. Gauzaturiko ekintzen artean, dirua bildu zen krisi honetako kolektiborik zaurgarrienetako baten elikaduran eta higienean laguntzeko, hala nola adingabeak zaintzen dituzten eta gizarte bazterketa jasateko arriskuan diren familiak, pandemiak krisia areagotu baitie; horien bitartez, 850.000 euro gehiago biltzea lortu zuten; arropa eman zuen dohaintzan etxerik ez dutenentzat, eta milioi bat maskara baino gehiago adinekoentzat eta behartsuenentzat, zeinak zahar etxeen, udalen eta gizarte erakundeen bitartez banatu baitziren. Ekimen horiek gauzatzeko, elkarlanean jardun zen Cáritasekin, Gurutze Gorriarekin eta tokian-tokian ongintzan aritzen diren beste 200 pasa erakunderekin.

Gainera, lehen mailako beharretarako produktuen eskuragarritasuna erraztu zuen 15.000tik gora "elkartasun txartelen" bitartez. Txartela erakunde publikoen esku jarri eta 6,5 milioi otordu baino gehiagoren adinako elikagaiak eman zituen dohaintzan Elikagai Bankuentzat. Era berean, "Elkartasun Zentimoen" programa ezarri zuen; horren bitartez, bezeroek hala nahi badute, lagundu dezakete aldika berritzen diren elkartasun kausen alde, eta bezeroenari Eroskik ekarpen gehigarri bat egiten dio. Azarotik hona, 9,8 milioi pasaren mikrodohaintzei eta ekarpenei esker, 1,5 milioi euro baino gehiago bideratu dira 85 gizarte erakunde baino gehiagotara, familia zaurgarrientzat, minbizia duten haurrentzat, indarkeriaren biktima emakume eta haurrentzat, gaitz neurodegeneratiboek jotako pertsonentzat eta garapen bidean diren haurrak txertatzeko.

Erosketa ingurune seguruan

Pandemia hasi zenetik, Eroskiren lehentasuna izan da bezeroei eta langileei ingurune seguruak bermatzea. Clean Site zigilua lortzearekin, saltoki guzti-guztiak ingurune seguru gisa identifikatu ditu. Bureau Veritasek ematen du zigilua, hirugarren alde edo alde independente gisa; horrek jardunbide onak eta ildo horretan egindako eginahalak berresten ditu. Eroskik segurtasun eta prebentzio neurriak indartu zituen, baita saltokien garbitasuna ere. Hala berean, indartu egin dira arreta pertsonalak, edukieraren kontrola, segurtasun distantzien kudeaketa eta norbera babesteko ekipamenduen eskuragarritasuna eta babes neurriak. Era berean, garbitasuna eta desinfekzioa indartu eta maiztu egin ziren. Gaur egun oraindik eusten die neurri horietako gehienei.

Gainera, eginahal bat egin zuen bezerorik zaurgarrienen alde, hala nola adinduak, desgaituak eta haurdunak, baita osasun langileen alde ere. Alde horretatik, lehentasunezko ordutegiak eta ordainlekuak ezarri zituen haientzat; etxera doan bidaltzeko sistema ere indartu zuen telefono eta online bidez milaka adinekorentzat, eta segurtasun protokoloak garatu zituen muturreko prebentzio neurriak ezartzeko.

Banaketa komertziala