Irakurriena
- 1. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 2. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 3. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 4. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 5. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 6. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 7. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 8. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
- 9. Gerodanek MONDRAGONen egoitza nagusiko ekipamendu proiektu berria garatu du
- 10. "Jaguar Land Roverrek funtsezko laguntzaile teknologikotzat hartzen gaitu"
EROSKI eta Lantegi Batuak lankidetzan ariko dira garapen soziala eta jasangarritasuna sustatzeko
EROSKI eta Lantegi Batuak erakundea elkarrekin ariko dira Naia proiektuan, eta entsalada eta berdura freskoak merkaturatuko dituzte, %100 ekologikoak, kooperatibak erabateko konpromisoa baitu gizarte garapenaren eta jasangarritasunaren alde. Bihartik aurrera, uztailak 13, Euskal Autonomia Erkidegoan dituen 29 saltokitan eskainiko ditu produktu horietako bi: Batavia entsalada eta entsalada nahasia.
Produktu sorta hori %100 jasangarria da hasi jatorritik eta saltokietara iristen den arte.
Lantegi Batuak erakundeak kudeatzen du proiektu hau, eta entsaladen eta berdura fresko eta ekologikoen marka berri bat eskaintzen du; jateko prest datozen denak, eta Bizkaiko zenbait etxalde ekologikorekin lankidetzan ekoitzi dira. Produktu sorta hori %100 jasangarria da hasi jatorritik eta saltokietara iristen den arte: ur kontsumo txikiarekin hazten dituzte, energia modu eraginkorrean darabilten instalazioetan, bioplastiko konpostagarriarekin ontziratuak daude eta garraio jasangarria erabiltzen dute saltokietara eramateko.
EROSKIk oraintsu berritu ditu osasun eta iraunkortasun arloko konpromisoak, non elikadura arduratsuaren eta jasangarriaren alde egiten duen. "EROSKIn lanean ari gara produktu ekologikoak merkaturatzeko, gure nahia delako elikadura jasangarria eskaintzea eta gure prozesuek, dendek eta produktuek ingurumenaren gain daukaten eragina murriztea. Gaur egun 1.500 produktu ekologiko ditugu, eta ildo horretan lan egin nahi dugu, beharrizan guztietarako aukera ekologiko bat gutxienez eduki arte", adierazi du Alejandro Martinez Berriochoak, EROSKI Fundazioko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak.
Lantegi Batuak erakundeak, bestalde, oso garrantzitsua deritzo EROSKIk eskaini dion aukerari, bere produktuak haren dendetan saltzeko modua izango baitu. "Lantegi Batuetan ilusio berezia daukagu proiektu honetan, bereziki Eroskiren eskutik joango garelako. Naia proiektuan lan aukerak sortzen ditugu ezgaitasunak dituzten pertsonentzat, bai gure baratzeetan eta bai gure prozesatze plantan ere; horrekin, lan egonkortasuna sustatzen dugu pertsona horientzat eta inguru osasungarri bat sortzen dugu, haien ongizatearen onerako", azaldu du Txema Francok, Lantegi Batuak erakundeko zuzendari nagusiak.
Inguruaren garapen sozial eta ekonomikoa
Elikadura jasangarriagoa sustatzeko arrazoiak ez dira ingurumen arlokoak bakarrik, arrazoi sozialak ere badira tartean.
Inguru hurbileko garapen sozial eta ekonomikoaren aldeko apustua ere egiten du EROSKIk, baita tokiko enplegua eta aberastasuna sustatzearen aldekoa ere. "Banaketa enpresa gisa, harreman hurbila dugu tokian-tokian nekazaritzako elikagaiak ekoizten dituzten hornitzaileekin, haiei babesa emateko gaude, eta gizarte eragileak garen heinean, inplikatu egiten gara gure jardun eremuko gizartearekin, kulturarekin eta elkartasunarekin, eta sortu zenetik bideratzen dugu enpresa gisa ditugun irabazien zati bat inguru hurbilera", adierazi du EROSKI Fundazioko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak.
Naia proiektuak bete-betean bat egiten du kooperatibak darabilen filosofia horrekin. "Gure lurra da gure inspirazioa. Gurekin lankidetzan ari diren ustiategiekin batean, arreta handiz ekoizten ditugu elementu %100 ekologikoak, ENEEK erakundeak egiaztatuak. Prozesatzeko garaian, ekoizpen teknikarik jasangarrienak erabiltzen ditugu eta zaindu egiten ditugu gure berduren zaporeak eta testurak", azaldu du Txema Francok.
Berrikuntza soziala
Ezgaitasunak dituzten langileak gizarteratzearen aldeko apustua egiten du EROSKIk, eta lan aukerak eskaini nahi dizkie egoera txarrenean dauden kolektiboei. Horren adibide da Lantegi Batuak erakundearekin berriki abiatu duen lankidetza hau.
Era berean, GUREAK erakundearekin ere badu beste hitzarmen bat kooperatibak, eta ildo horretan, ezgaitasuna duten pertsonek osorik kudeatzen dituzten 3 supermerkatu ditu egun, eta esan liteke proiektu guztiz eredugarria dela horrako hori berrikuntza sozialaren arloan eta pertsonak lan munduan txertatzeko ekimenetan. Horrekin batean, beste erakunde batzuekin ere ari da lankidetzan EROSKI, adibidez Once Fundazioarekin, Gurutze Gorriarekin eta Ijitoen Idazkaritzarekin, egoera txarrenean dauden kolektiboak gizarteratzeko helburuz. 2017. urtean, gizarte bazterketa pairatzeko arriskua zuten 200 gazte inguruk praktikak egin zituzten EROSKIn, eta horien arteko %24k lan kontratu bat lortu zuten gero dendetan.