Irakurriena
- 1. Niche Mobilityk 1,6 milioi euroko inbertsio erronda itxi du Copreci eta MONDRAGONekin
- 2. Auzitegi Gorenak ere atzera bota du Fagor Etxetresnakeko eta Edesako bazkide talde batek MONDRAGONen aurka jarritako erreklamazioa
- 3. MONDRAGONen Komunikazio Foroaren 7. edizioa, maiatzaren 8an Huhezin
- 4. Ekoizpen linea fotovoltaiko berriak fabrikatu ditu Mondragon Assemblyk Aljeriarako
- 5. Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomia ministroa Coprecin egon da
- 6. MSI Taldeak urteko ETE industrial onenaren saria jaso du
Eroski 81,7 milioi euroko etekinera iritsi da 2024an, eta sendotu egin du egoera finantzario eta kooperatiboa

Salmenta gordinak %2,7 igo ziren, eragin inflazionario txikiagoko aldian; hala, 5.885 milioi euroak iritsi ditu, bereziki elikaduraren arloan izan den %3,3ko hazkundeagatik.
Emaitza mardulak
Iazko ekitaldian, sendo eutsi zaio taldearen etekin operatiboari 259 milioi eurotan, 2023aren ildo beretik; nahiz eta soldatak eta gastu operatiboak igo egin diren. Aurrekoa baino zertxobait goragoa izan da Ebitda, 332 milioi euroraino igo baitzen. Jarduera arruntaren sendotasuna erakusten du horrek, eta kudeaketa efizientea izan dela, taldeak gaitasuna izan baitu errendimendu operatiboari eusteko.
2024an, 59 milioi euroko zorra amortizatu zuen taldeak, hitzemandakoa baino 15 milioi euro gehiago. Hala, 948 milioi euro dauzka amortizatzekoak ekitaldia amaituta, Mendeko Obligazioak aintzat hartuta. Horri esker, indartu egin du bere finantza egitura, eta horrek lagundu egingo dio etorkizuneko finantzaketaren kostua optimizatzen. Zorraren kudeaketa sendoari esker, gainera, era efektiboan apaldu dira taldearen finantza gastuak; 2024an ere ez zien erasan berrantolaketa gastuak aurreko ekitaldian bezala.
Efizientzia, teknologia eta aurrezpena
2024ko ekitaldian, Eroski taldeak jarraitu du era nabarian aurrera egiten gastu operatiboen kontrolean eta optimizazioan, aurreko ekitaldietako efizientzia ildoari jarraituz. Aurrezteko eta hobetzeko ekimenek, bai berriek eta bai lehendik finkatuta daudenek, modua eman dute gastuen igoerak ekarritako inpaktu indartsua mugatzeko, batik bat soldata gastuak. Jarduketa nagusien artean, nabarmentzekoa da nola hobetu den produktibitatea salmenta puntuetako operazioetan, nola handitu den efizientzia plataforma logistikoetan eta horniketan, eta zeharkako gastuak nola optimizatu diren.
Aurrerapen horretan, giltzarri izan da teknologiari emandako bultzada, balio kate osoan efizientzia hobetzeko palanka gisa, eta aldi berean kontsumitzaileen erosketa esperientzia aberasteko orduan. Ildo horretan, taldeak 10 milioi euro bideratuko ditu oraingo plan estrategikoan. Horrela, aurrera jarraituko du prozesuak automatizatzen eta digitalizatzen, eskaria iragartzeko algoritmo aurreratuak garatzen, proposamen komertzialak pertsonalizatzen eta prezioaren, sortaren eta sustapenaren mixa optimizatzeko adimen artifizialeko ereduak aplikatzen.
Hobekuntza horiekin, indartu egin du prezioen arloko jarrera lehiakorra eta bere denden erakarmen komertziala. Hala, taldeak, iaz, ia 408 milioi euroren aurrezkia transferitu zuen merkatura ekimen komertzial askotarikoen bitartez, hala nola eskaintzak, fidelizazio klubera lotutako deskontu pertsonalizatuak eta esklusiboak, eta familientzako aurrezki planak eta onura espezifikoak. Neurrion artean, nabarmentzekoa da, besteak beste, "Beti Prezio Ona" kanpaina, zeinak modua eman baitzuen, 2024an, 2.000 produkturen prezioa apaltzeko, eta 2025ean oraindik jarraitzen du aktibo, beheraldiak beste 700 produktutara hedatu baititu. Hala, sendotu egin du etxeko ekonomiarekin duen konpromisoa.
"Egoera gorabeheratsuan egonik ere, erresilientzia bikaina erakutsi dugu, eta sendotu egin dugu gure posizioa, hazten ari den talde sendoa baikara. Kopuruak kopuru, ikusten da gestioan eraginkorrak garela, eta asmatu dugula ikuspegi estrategiko batetik. Alde horretatik, harro nago orekatuz eraman ditugulako errendimendu ekonomikoa eta gizartearekiko konpromisoa", adierazi du Eroskiko CEOak, Rosa Carabelek. Emaitzen aurkezpenean, hauxe ere azpimarratu du Carabelek: "Asko inbertitu dugu berrikuntzan, erosketa esperientzia hobetzeko eta gure operazioak optimizatzeko. Era berean, familiei aurrezteko ahalmen handiagoa eman diegu, eta operatzen dugun erkidegoei lagundu diegu. Eroski osatzen dugun guztiona da arrakastaren meritua, eta horrek bultzada ematen digu jarraitzeko etorkizun emankorrago eta iraunkorrago bat eraikitzen".
Eraldaketa komertziala eta elkartasuna
2024an, Eroski taldeak jarraitu zuen sare komertziala eraldatzen: 36 denda berritu zituen belaunaldi berriko eredura, eredu ekoefizienteagoa, tokiko produktuan eta freskoetan zentratzen dena eta kontsumitzaileen esperientzia hobetzen duena. Orobat ireki zituen beste 60 saltoki ere —7 propioak eta 53 frankiziatuak—; hala, berretsi du liderra dela hurbiltasunean.
Epe horretan, gizarteari egindako ekarpenak 26,4 milioi eurorenak izan ziren, kontsumitzaile bazkideen eginahalari eta instituzioen eta administrazioen kolaborazioari esker (elkartasun txartelaren bitartez), bai eta Eroskiren eta Eroski Fundazioaren ekarpenari esker ere.
Kooperatibaren emaitzak
Eroski Sozietate Kooperatiboaren, hau da, kooperatiba nagusiaren salmenta gordinak 2.227 milioi euroraino iritsi ziren, 2023an baino %2,7 gehiago. 2024a 133 milioi euroko etekinarekin amaitu zuen. Datorren Batzar Nagusian, Kontseilu Errektoreak proposatuko du gaindikin guztia bideratzea (EMFEen interesak ordaindu ondoren) kooperatibaren funts propioak indartzera.