Ezagutza eta teknologia transferentzian espezializatutako Zentro Teknologikoa, osasuna, elikadura eta garraio jasangarria arloetan.
Irakurriena
- 1. BATZek WEC enpresa aeroespazialaren %60a erostea onartu du Ezohiko Batzarrean
- 2. Ategi, 2026ko Gipuzkoako Zerbitzu Enpresa gisa aitortua
- 3. Berdintasuna, MONDRAGONeko kooperatiben izatean
- 4. C'Mon Guys, BKI BOX eta NCLIC Shakespeare txapeldun FLL Euskadi-MONDRAGONen
- 5. Laboral Kutxak 305 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2025ean
- 6. Mondragon Assemblyk ATP erosi du, packaging sektorean hazteko
Leartikerrek arrantza jasangarria bultzatuko duten gailu berritzaileak garatu ditu TICS-BONITO proiektuan
Leartikerrek arrakastaz amaitu ditu TICS-BONITO proiektuaren baliozkotze-fasea eta azken transferentzia-jardunaldiak. Pleamar programaren barruan kokatzen den ekimen honen helburua da hegaluzearen eta beste tunido batzuen arrantza jasangarria sustatzea, berrikuntza teknologikoaren bitartez ingurumen-inpaktua nabarmen murriztuz eta eraginkortasuna hobetuz.
Ia bi urteko lankidetza estuaren ondoren, Leartikerrek eta Vigoko Unibertsitateko EN.EDI ikerketa-taldeak soluzio aurreratuak aurkeztu dituzte. Proiektu honek arrantza-sektorearen (baxurako zein alturako arrantzaren) gaur egungo eskakizun nagusietako bati erantzuten dio: itsasoko biodibertsitatearen babesa eta arrantza-jardueraren jasangarritasuna bermatzea.
Proiektuaren mugarri nagusiak
TICS-BONITO egitasmoaren barruan, bi berrikuntza teknologiko nagusi garatu dira:
-
Material biodegradagarriekin garatutako AKG-ak (Arrainak Kontzentratzeko Gailuak): Blanca Lekube ikertzailea buru duen Leartikerreko lantaldeak alturako arrantzarako gailu berriak diseinatu ditu. Sarean katigatzea saihesteko eta plastiko konbentzionalak ordezkatzeko, itsas inguruneetan biodegradagarriak diren polimeroak erabili dituzte, ozeano irekian exijitzen den errendimendua mantenduz.
-
Kanabera-euskarri sistema ergonomiko automatizatuak: Vigoko Unibertsitateko taldeak baxurako arrantza-prozesuak hobetzeko sistemak sortu ditu. Euskarri berri hauek tripulazioaren ahalegin fisikoa murrizten dute, eragiketan zehar segurtasuna handitzen dute eta harrapaketa-prozesua optimizatzen dute.
Prototipoen ebaluazioak Getariako portuan.
Baliozkotzea eta ezagutzaren transferentzia
Garatutako gailu berritzaileak ez dira laborategian soilik geratu. Atun-enpresekin, Getariako kofradiarekin eta itsas sektorearekin izandako lankidetza estuari esker, prototipoen ebaluazioak hasi dira dagoeneko Getariako portuan eta Mutrikuko batean. Portuko ebaluazioak arrakastatsuak izan ondoren, hurrengo urratsa ekaineko kosteran baldintza errealetan probatzea izango da.
Proiektuaren itxierarekin batera, emaitzen transferentzia jardunaldiak antolatu dira Markina-Xemeinen eta Vigon. Leartikerren egoitzan egindako saioan, kofradietako, atunontzietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek gertutik ezagutu ahal izan zuten AKG prototipo berria, sektorearen etorkizunaren inguruko hartu-eman aberasgarria sortuz eta gure kooperatibak berrikuntza jasangarriarekiko duen konpromisoa berretsiz.