Energia positibo dosi handiak banatu dituzte Ilusio Ponpak jardunaldiaren 10. edizioan

Ibon Oregi surf egokituko munduko txapeldunordea, Mar Romera adimen emozionalean aditua eta Emilio Duró enpresaburua eta irakaslea izan dira edizio honetako gonbidatuak.
2024/02/23

Ilusio Ponpak jardunaldiaren edizio berria egin zen ortsailaren 22an Lea Artibai Ikastetxearen eskutik. Goizeko 9:30etik 14:00ak arte nazioarteko hiru hizlari igo ziren Lea Artibai Ikastetxeko auditorioko oholtzara beraien ezagutzak eta esperientziak kontatzera. 10. edizio honetan, hizlariek transmititu duten energia positiboa nabarmendu da, bertaratutakoen artean zabaldu dena.

Arazoen aurrean ikuspegi baikorra transmititu eta motibazioa sustatzeko helburua duen Ilusio Ponpak ekimenak nazioarteko hizlari ospetsu ugari erakarri ditu eskualdera azken urteotan, haien ikuspegi eraikitzaile eta baikorraz gozatzeko. Horregatik, jardunaldi honen arrakasta handituz joan da urtez urte eta aurten ere auditorioa jendez gainezka egotea lortu du.

Edizio honetan argiz betetako hizlariak izan dira gonbidatuak eta energia positibo dosi handiak banatu dituzte bertaratu diren eskualdeko profesionalen artean. Ibon Oregi izan da lehen hizlaria, surf egokituko munduko txapeldunordea den Markina-Xemeindarra. Ondoren, Mar Romerak, adimen emozionalean adituak, hartu du txanda, eta, amaitzeko, Emilio Duró enpresaburua eta irakaslearen hitzak entzuteko aukera egon da, nork azken orduko ezusteko baten ondorioz, online parte hartu duen.

Argiz betetako hizlariak izan dira gonbidatuak eta energia positibo dosi handiak banatu dituzte bertaratu diren eskualdeko profesionalen artean

Gorputz Hezkuntzako irakaslea eta kirolari petoa zen Ibon Oregiren bizitza zapuztuta geratu zen entrenatzen ari zela auto batek harrapatuta hanka bat galdu zuenean. Ezbeharrari aurre egiteko surfean babestea erabaki zuen, bere kirol gogokoenetako batean.

Oregi borrokaren eta gainditzearen adibide bat da, eta beste pertsona batzuk inspiratzeko asmoz, bere bizitzari eta esperientziei buruzko hitzaldiak ematen ditu Aparretan Bizi proiektuaren barruan.

Ilusio_Ponpak.jpg

Hitzaldian etorkizuna zalantzazkoa dela nabarmendu du, eta aurrera jarraitzeko garrantzitsuena jarrera dela: "Patua ezin dugu aukeratu, baina beti aukeratu dezakegu gure jarrera". Gelditzeko, pentsatzeko eta, batez ere, erlatibizatzeko beharra aipatu du. Ezbeharrei aurre egiteko gakoa, bere hitzetan, ilusioak eta motibazioak bilatzea da, positibotasunaz kutsatuz: "Era berean, positibotasun hori gainerako pertsonei transmititu behar diegu, eta komunikabideetatik transmititzen diguten negatibotasuna saihestu".

Mar Romera erreferente nazionala da hezkuntzaren adimen emozionalean, Francesco Tonucci Elkarte Pedagogikoko presidentea eta "Educar con tres Cs: capacidades, competencias y corazón" eredu pedagogikoaren sortzailea da, hezkuntza ulertzeko beste modu bat aldarrikatzen duena.

Mar-Romera.JPG

"Ilusioa eta motibazioa uneak dira, ez dira egoteko tokiak" aipatu du Romerak aurkezpena hasi bezain laster; izan ere, bizi garen mundu aldakorrean garrantzitsuena da "bideaz gozatzea, ez olatuaren gailurrean gauden une iragankorraz". Haren arabera, egungo egoerei aurre egiteko gakoa "Balio-eskala on batetik aukeratzea" da, emozio egokia une egokian aukeratuta. Harentzat ezinbestekoa da gure pentsamenduen kalitatea kontrolatzea, unean uneko egoerarekin eta testuinguruarekin bat etor daitezen, eta denbora hartzea premiazkoena eta garrantzitsuena dena pentsatzeko eta aukeratzeko eta gainerakoekin mozteko.

Emilio Duró, irakasle, enpresaburu eta hizlari espainiarra, ezaguna da baikortasunari eta ilusioari buruzko mintegi motibatzaileengatik. Irmoki sinesten du bizitza pertsonalean eta profesionalean jarrera eta balio proaktiboek duten garrantzian, eta, horregatik, bere hitzaldiak gizakiarengan jarrera mental positiboaren garapena sustatzera bideratuta daude.

"Bizitza aldatu nahi baduzu, aldatu begiratzen duzuna"

Hori ahoa zabaldu bezain laster lortu du, izan ere, bertaratutakoek une batez alde batera utzi dituzte eguneroko kezkak, beren burutazioekin behin eta berriz barre egiteko. Durok gogoeta egin du bizi dugun bizitza "benetakoa ala faltsua" den, eta guztia pentsatzeko moduaren araberakoa dela aipatu du. Konponbidea gelditzea eta pentsatzea dela esan du, gauza onetan pentsatzea begirada aldatu ahal izateko. "Bizitza aldatu nahi baduzu, aldatu begiratzen duzuna", amaitu du.

Irakaskuntza teknikoa