Irakurriena
- 1. KIDEk Berriatuan elkartuko ditu bere produkzio lantoki guztiak 2022 urterako
- 2. Nola egin aurre krisialdi bati kooperatibismotik?
- 3. Mondragon Goi Eskolak diruz lagundutako 70 ikastaro baino gehiago emango ditu profesionalak prestatzeko
- 4. LABORAL Kutxak 87 milioi euroko irabaziak lortu ditu 2020an, eta kaudimen-lidergoa indartu du
- 5. Euspot lehiaketak “Nekazaritzatik bizi nahi dugu!” izango du hizpide
- 6. IKERLANek “garun” pertsonalizatu bat diseinatu du Pasaban Taldeko makinetarako
- 7. Energia berriztagarria sortzeko kooperatibak sustatuko dituzte KREANek eta Energiaren Euskal Erakundeak
- 8. Rosa Carabel, Eroskiko zuzendari nagusia
- 9. Fagor Ederlanek 1,5 milioi euro bideratu ditu gizarte egitasmoak laguntzera
- 10. Urssa negozioari eusteko ahaleginetan
Danobatgroupeko "Elkarrekin eragin" programak erronkak bete ditu eta edizio berriari ekin dio

Zelula amak abiapuntu hartuta leukodistrofiaren aurkako terapiak garatzeko ikerketa proiektu bat, prostatako minbizia diagnostikatzeko sistema ez inbaditzaile bat eta gizarte inklusibo bat eraikitzeko erronkei heltzen dien dokuweb bat dira gizarte eraldaketarako Danobatgroupek 2018an abiarazi zuen Elkarrekin Eragin ekimenaren emaitza.
Taldea osatzen duten kooperatibetako langileek prozesu parte hartzaile baten bitartez aukeratutako hiru lankidetza proiektu finantzatzea ahalbidetu du programak.
Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak (AECC) sustatutako ekimen bat izan da finantzatutako lehen proiektua, eta prostatako minbizia garaiz eta modu ez inbaditzailean detektatzeko gailu bat garatzea ahalbidetu du.
Zehazki, gernu lagin baten bitartez tumore bat gaiztoa den antzematen uzten duen irtenbide bat diseinatu da. Orain, Europako beste herrialde batzuetan baliozkotu behar da sistema. Proiektuak Norvegian, Holandan eta Letonian dituen partnerrak pazienteen laginak prestatzen ari dira irtenbidearen balioa egiaztatzen jarraitzeko.
The Walk On Project (WOP) fundazioa izan zen langileek Elkarrekin Eragin ekimenaren parte izateko aukeratu zuten bigarren erakundea, eta erakunde hori gaixotasun neurodegeratiboen aurkako terapiak garatzeko eta kontzientziazio soziala bultzatzeko ikerketa programak finantzatzeaz arduratzen da.
Danobatgroupek egindako diru ekarpenari esker, zelula amak erabiliz haurren leukodistrofiaren aurkako terapiak garatzeko ikerketa proiektu batean lagundu ahal izango du erakunde horrek.
Azkenik, dokumental bat eta dokuweb bat finantzatzeko balio izan du programak. Bizipoza irabazi asmorik gabeko erakundeak gizarte inklusiboago bat eraiki eta desgaitasun, genero edo jatorriengatik diskriminaziorik ez egoteko egiten duena ezagutarazteko dokumental bat eta dokuweb bat dira.
“Oso harro gaude Elkarrekin Eragin proiektuaren emaitzaz. Balio sozial eta zientifiko handiko hiru proiektu gauzatzen lagundu dugu, eta Danobatgroup osatzen duten pertsonen inplikazioarekin eta partaidetzarekin egin ahal izan dugu hori. Horrek, halaber, indartu egiten gaitu erakunde gisa eta giza kapitalarekin, aukera berdintasunarekin eta gure inguruneko kohesio sozioekonomikoarekin dugun konpromisoa erakusten du”, ziurtatu du Cesar Arriolak, Danobatgroupeko lehendakariak
Proiektu parte hartzailea, etorkizunean jarraipena izango duena
Elkarrekin Eragin 2018an jaio zen taldeko kooperatibetako (Danobat, Soraluce, Latz, Goimek, Goiti, IDEKO, eta Danobatgroup) langileen parte hartze aktiboaren bitartez gizarte eraldaketarako proiektuak garatzeko.
Lehenik, proposamenen fase bat ireki zen, eta fase horretan langileek beraien ustez laguntza jasotzea merezi zuten proiektuen hautagaitzak aurkeztu zituzten. Proposamenak baloratu ondoren, hamar proiektu finalista aukeratu ziren eta horiekin zerrenda bat prestatu zen, langile guztiek modu irekian bozkatzeko. Prozesu horretan, erakundeak aurrez ezarritako irizpide batzuen arabera gehien baloratutako hiru proiektuak aukeratu ziren, eta hiru urtean 552.000 euro bideratu dira hiru proiektu horietara.
“Elkarrekin Eragin ekimenaren lehen edizio honetako esperientzia oso pozgarria izan da eta, horregatik, etorkizunean jarraipena izatea nahi dugu eta ildo horretan lanean jarraitu nahi dugu. Programaren edizio berri bat abiaraziko dugu, beste prozesu parte hartzaile bat irekiz, gure langileek datozen urteetan lagundu ahal izango ditugun izaera sozialeko ekimen berriak proposatu ahal diezazkiguten”, esan du bukatzeko Arriolak.