Danobatgroup protagonista Enpresarean TBn

Danobatgroup-eko Komunikazio eta Marketin arduradun, Idoia Bustinduyk, eta Goimek-eko Finantza zuzendari, Eneritz Muguruzak, euskararen erabilera sustatzeko euskara planek duten balio estrategikoa azpimarratu zuten.
2023/09/07

Euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana sustatzea du helburu Enpresarean proiektuak, 2010etik. Bi urtean behin antolatzen den Enpresarean azoka, Enpresarean Foroa eta Enpresarean.eus webgunea dira egitasmoaren ardatz. Gipuzkoako Foru Aldundia proiektuaren babesle nagusia delarik.

Enpresarean-ek helburu nagusi hauek ditu: euskaraz lan egiten duten edo-eta zerbitzuak eta produktuak euskaraz eskaini nahi dituzten profesionalen eta organizazioen elkargunea izatea; Enpresarean Azoka eta Foroa sustatzea eta Enpresarean proiektua esparru berrietara zabaltzea eta ezagutaraztea; enpresen/profesionalen artean baliabideak, esperientziak edo jakintzak partekatzea eta elkarlana sustatzea; euskaraz lan egin nahi duten edo-eta zerbitzua euskaraz eskaini nahi duten organizazioei/profesionalei erraztasunak ematea, eta euskarazko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dituzten entitateei/profesionalei negozio-aukerak handitzea eta salmentarako gune bat eskaintzea. Proiektu/zerbitzu berriak sustatzea euskaraz eta, azkenik, euskararen prestigio soziala areagotzea.

"Euskararekin historikoki erabat inplikatuta dauden enpresak dira Danobatgroup eta Goimek"

Bai Euskarari Elkartearen proiektua da Enpresarean, euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan sustatzea helburu nagusi izanik.

Enpresarean sareak Euskal Herriko sektore ezberdinetako enpresak batzen ditu eta sareak kudeatzen duen telebistan izan dira Idoia Bustinduy eta Eneritz Muguruza. Euskarak Danobatgroup eta Goimek-en duen garrantziaz eta presentziaz aritu dira. "Euskararekin historikoki erabat inplikatuta dauden enpresak dira Danobatgroup eta Goimek" adierazi zuten biek ala biek. "Euskaraz izango gara" da taldearen leloetako bat eta argi erakusten du hizkuntzaren ikuspegitik zein den jarrera eta etorkizuna. "Gure kolektiboari euskaraz lan egiteko aukera eskaintzea estrategikoa da", adierazi du Muguruzak.

"Gure kolektiboari euskaraz lan egiteko aukera eskaintzea estrategikoa da"

Goimek-ek 23 urte daramatza euskara planak sustatzen eta dinamika ezberdinak abian jartzen. Entzute prozesutik abiatuta, langileen iritziak jasota, euskara planen beharrezkotasuna atzeman zuten eta gaur egun erreferente bilakatu dira hizkuntzaren erabileran. Barne komunikazio kanalei dagokienez, kolektiboaren %80ak euskaraz jasotzen ditu komunikazio ohar guztiak, Batzar Orokorrak euskaraz egiten dira %80an, baita barne bilerak ere eta kanpo harremanak, gertuko hornitzaile sarearekin ere, euskara hutsez egiten dituzte. 

Barne komunikazio kanalei dagokienez, kolektiboaren %80ak euskaraz hutsean jasotzen ditu komunikazio ohar guztiak

Erantzukizun soziala

Sozialki jasangarriak, konprometituak dira biak ala biak, eta euskararen arloa ere testuinguru horretan kokatzen du Danobatgroup-ek. "Gure helburua gure inguruan eragitea da eta arlo honetan ere, euskal kultura eta hizkuntza sustatzea dagokigu, naturala baita", adierazi du Idoia Bustinduyk. Euskara planen onurak azaltzerakoan ere, lau azpimarratu dituzte: langileen gogobetetasun maila handitzen du, enpresarekiko atxikimendua indartzen du, talentua erakartzeko oso baliagarria da eta euskara planek eskatzen dituzten berme eta prozesuek enpresaren berme orokorrean ere eragina dute. 

MONDRAGON taldeko makina-erreminta dibisioa

Doitasun handiko mekanizatua