Irakurriena
- 1. Arizmendiarrietaren jaiotzaren urteurrena
- 2. Ikerlanek elektronika aurreratuko laborategi aitzindaria inauguratu du Arrasaten
- 3. MONDRAGONek Remolonasen inbertitu du
- 4. Laboral Kutxa, Estatuko bost banku onenen artean
- 5. Maria Jose Rodriguezek Lagun Aro Aseguruen zuzendaritza nagusiaren ardura hartu du
- 6. LagunAroren Batzar Nagusia: 2025 ekitaldi bikaina; 2026 zalantzati hasi da testuinguru ekonomikoan
Birziklanet proiektua bertatik bertara ezagutu du Fronte Polisarioko Euskadiko ordezkariak
Bisitaren helburua ‘Birziklanet’ proiektuaren funtzionamendua ezagutzea eta Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan hezkuntza digitala sustatzeko elkarlana estutzea izan da.
Harrera ofiziala eta instalazioen bisita
Bisitari hasiera emateko, Arizmendi Ikastolako zuzendari nagusiek, Mireia Muruamendiarazek eta Illart Azkaratek, harrera ofiziala egin diote ordezkariari. Topaketa honetan proiektuaren sustatzaile nagusiak ere izan dira: Gaizka Eraña (Birziklanet proiektuko arduraduna) eta Beñat Irazabal (Lanbide Heziketako zuzendaria).
Harreraren ostean, lan-bilera bat burutu dute proiektuaren egoera eta etorkizuneko erronkak aztertzeko. Jarraian, Birziklanet proiektua gauzatzen den instalazioak bisitatu dituzte. Ordezkariek bertatik bertara ikusi dute Arizmendiko ikasleek nola berreskuratzen dituzten gailu teknologikoak, ekonomia zirkularra eta elkartasuna uztartuz.

Bigarren fasea: Irakasleen ahalduntzea eta curriculumaren eraldaketa
Gaur egun, Birziklanet proiektua bere bigarren fase erabakigarrian murgilduta dago. Lehen urratsa kanpamenduetara ordenagailuak bidaltzea eta instalatzea izan zen, baina orain muina hezkuntza-proiektua bera da.
Erronka nagusia irakasleen prestakuntzan datza. Izan ere, Saharako eskoletako irakasle askok ez zuten ordenagailuak erabiltzeko aurrezagutzarik. Mujtar Saleh Salehek paper garrantzitsua izan du honetan: aurten bi bidaia egin ditu kanpamenduetara gailuak eramateko eta, batez ere, irakasleei formakuntza saioetan esku bat botatzeko. Lanketa honi esker, datorren ikasturtetik aurrera informatika irakasgaia Saharako hezkuntza proiektuan ofizialki txertatuko da eta irakasgai gisa eskainiko da Lehen Hezkuntzako eskoletan.
Elkartasun datuak: 152 ordenagailu eta 15 inpresora joan den ikasturtean
Proiektuaren dimentsioa ez da soilik asmoetan geratzen, datuek babesten baitute. Joan den ikasturtean, esaterako, 152 unitate bidali ziren Saharara, eta asmoa da bidalketa horiekin jarraitzea eskolen digitalizazioan lanean jarraitzeko. Birziklanetek erakusten du nola teknologia tresna boteretsua izan daitekeen herrien arteko zubiak eraikitzeko.
Hitzordua herritarrekin: Maiatzaren 12an Kulturaten
Proiektuaren xehetasun guztiak eta Saharan bizitako esperientzia herritarrekin partekatzeko, Arizmendi Ikastolak hitzordu ireki bat antolatu du:
- Ekitaldia: "Birziklanet Sahara, bidai baten kontakizuna"
- Eguna: Maiatzak 12, asteartea
- Ordua: 18:00etan
- Tokia: Arrasateko Kulturateko areto nagusia
- Hizlariak: Mujtar Lebohi, Mujtar Saleh Saleh, Gaizka Eraña eta Beñat Irazabal.
Ekitaldi honetan, proiektuak hezkuntzan eta elkartasunean ireki dituen bideak xehetuko dira, eta herritarrek gertutik ezagutu ahal izango dute gure ikasleen lanak Saharan duen eragin erreala.
Birziklanet: Proiektu baten dimentsio globala eta lokala
Saharako proiektua ekimenaren bihotza bada ere, Birziklanetek muga asko zeharkatu ditu jada. Atzerrian, Brasilera eta Senegalera ere iritsi dira proiektuaren dohaintzak, Mundukide eta Yaakar elkarteekin egindako lankidetzari esker.
Baina atzerrira begiratzeaz gain, Euskal Herrian ere jarri du bere alea Arizmendi Ikastolako proiektu honek, ordenagailuei bizi berri bat emanez eta behar handiena duten elkarteei lagunduz. Horren adibide dira Seaska Ikastolei, Zehar Errefuxiatuei, Euskara Elkarteei edota Zaporeak elkarteari egindako emariak.