Irakurriena
- 1. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 2. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 3. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 4. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 5. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 6. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 7. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 8. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 9. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 10. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
Basque Culinary Centerreko graduko 400 bat ikasle praktiketan ari dira 26 herrialdetako jatetxeetan
Basque Culinary Centerreko Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako Graduko ikasle guztiak (389) uda honetan 26 herrialdetako jatetxe edo sektoreko enpresetan praktikak egiten ari dira.
Horietatik 307 praktikak Espainiako erkidegoetan egiten ari dira, eta gainerako 82ek atzerriko herrialdeetara bidaiatu dute, adibidez: Argentinara, Norvegiara, Hego Koreara, Taiwanera, Txilera, Ameriketako Estatu Batuetara, etab. Fakultate honetako –Mondragon Unibertsitatearen barruan dago– graduko ikasle guztiek, lehen mailatik laugarrenera, jatetxe edo sektoreko enpresaren batean praktikak egiten dituzte, hori baita Basque Culinary Centerren hezkuntza-eredua.
Ikasturtez ikasturte
Hezkuntza-eredu horrek prestakuntza-aldian ikasitakoa eta orduan jasotako gaitasunak benetako munduarekin alderatzeko bidea ematen du, eta esperientzia hori ikasleei lagungarria izango zaie gero gastronomia-sektorean egingo duten ibilbidean.
Graduak irauten duen bitartean, ikasleek benetako praktiken lau esperientzia izaten dituzte. Lehen mailakoak, 93 ikasle guztira, kanpoko prestakuntza Espainia osoko jatetxeetan egiten ari dira, sukaldean eta jantokian oinarrizko funtzioak betez. Ikasleek, praktikak egiteko, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko (46), Madrilgo (16) eta Kataluniako (8) jatetxeak aukeratu dituzte.
Bigarren mailako ikasleek Espainiako Michelin izar bateko eta biko jatetxeetan egiten dituzte praktikak, sukaldean eta jantokian ardurazko lanak betez. Kasu honetan, praktikak egiteko eskaera gehien jaso dituen autonomia-erkidegoa Katalunia izan da (31), eta, gero, Euskal Autonomia Erkidegoa (19) eta Madril (13).
Hirugarren mailan, praktikak nazioartean egiteko aukera dago, ostalaritza-kateetan, mota guztietako jatetxeetan, kudeaketa-lanetan, jantokiko zuzendaritzan, jatetxeetako partidaburu-lanetan, eta abar. Ikasturte honetako 105 ikasleetatik 55ek praktikak atzerrian egitea erabaki dute; Taiwanen, Thailandian, Faroe Uharteetan, Danimarkan, Italian eta Mexikon, besteak beste. Gainerako 50ak Espainiako hainbat autonomia-erkidegotan ari dira egiten.
Azkenik, laugarren mailako ikasleek (guztira 94), Espainian ez ezik, Bolivian, Kanadan, Kolonbian, Ekuadorren, Perun edo Suedian izan dute beren esperientzia, besteak beste. Gainera, laugarren mailako ikasleak, Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako Graduko laugarren promoziokoak jada graduatu dira, hautatutako espezializazioan sakontzera bideratutako gradu amaierako proiektua egin ondoren.
Ikastaldiko lau mailetan, ikasleek sukaldeko abangoardiarekin, elikagaien industriarekin eta berrikuntza, negozio eta ekintzailetzarekin lotutako irakasgaiak jasotzen dituzte, gastronomiako, sukaldeko eta sukaldaritzako unibertsitateko irakasleen eta profesionalen eskutik.
Enplegagarritasuna
Itxura guztien arabera, laugarren promozio honen eta ondorengoen etorkizuna oparoa izango da; izan ere, Basque Culinary Centerreko lehen hiru promozioen enplegagarritasun-datuak ezin hobeak dira Estatuko lehen Gastronomia Zientzien Fakultatearen historian.
Hain zuzen ere, Basque Culinary Centerrek lehen hiru promozioei buruz –2015, 2016 eta 2017– egin duen «Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako Graduko titulatuen garapen profesionala» azterlanak erakusten duenez, gradudunen laneratzea ia % 100ekoa da. Azterlanak islatzen duenaren arabera, gradudun horien artean zuzendaritza-postuetan edo bitarteko postuetan daudenen kopurua % 68ra igo da azken promozioan. Ikusi denez, 2017ko promozioan, ikerketa-enpresetan lan egiten duten tituludunen kopuruak gora egin du. Gainera, azken promozioko gradudunen % 20 gestoreak dira eta % 5 gerenteak.