Irakurriena
- 1. Komunikazioa, marka, estrategia eta kontakizuna, K-FOROA 2025aren osagai nagusiak
- 2. Pepe Mujica MONDRAGONen izan zen
- 3. Orbeak emaitza onekin ziurtatu du bere urrats sendoa
- 4. Bexen Cardiok bat egin du MONDRAGON Hospitality egitasmoarekin
- 5. Eroskik 81,7 milioi euroko etekina lortu du 2024an
- 6. Berener Bergarako energia komunitateko bazkide laguntzaile bihurtu da Fagor
ArabaK0 kolektiboa jaio da, Arabako sukaldaritza sustatzeko

ArabaK0 kolektiboa sortu da, Mantala Basque Gastronomy ekimenari lotutako 14 jatetxe erreferentzialetako sukaldariek osatua, Arabako gastronomia sustatzeko, lurraldean errotutako eta tokiko produktuarekin konprometitutako sukaldaritza jasangarriaren bidez.
Edorta Lamo (Arrea), Aitor Etxenike (Kromatiko), Jabi Sarasua (Karmine), Maria Laskibar eta Iván Sancho (Kea), Luis Hernani (Mano Lenta), Cristian Solana (El Puntido), Juan Antón (Zaldiaran), Gorka Arrieta (Sua), Beatriz Pascual (Almazen), Aitor Ocio (Bodeguilla), Jon Gil (Bideko), Belén Sandrin eta Jokin Loma (Añanako Jauregia), Koldobika Galán eta Asier Moreira (Bode), Luis Angel Pérez (144), Eneko Ochoa (Ballarín), Juan García (El García) sukaldariek osatzen dute kolektiboa.
ArabaK0 dekalogo batean oinarritzen da, lehentasuna ematen diena iraunkortasunari, ingurunearekiko errespetuari, tokiko produktuaren defentsari eta sektoreko profesionalen arteko lankidetzari. Taldeak Arabako nortasun gastronomikoa indartu nahi du, eta gaur egungo sukaldaritzaren panoraman kokatu.
Arabako Errioxako ardoak, adibidez, leku nabarmena du. Kolektiboak lurraldeko ekoizle eta artisauen lana aldarrikatzen du, garaian garaikoaren eta hurbiltasunaren aldeko apustua eginez, eta inguruko ardoak ikur identitario eta gastronomiko gisa jarriz.
Mantala
Euskal gastronomia sustatzea eta garatzea da Mantala Basque Gastronomy ekimenaren xedea, eta Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatzen du.
Ezagutza- eta interakzio-espazio bat osatzen du Mantalak, eta bertan, ikerketan, hedapenean eta lankidetza gastronomikoan oinarritutako hainbat eduki eta proiektu elkartzen dira. Euskal gastronomiaren identitate-balio nagusiak garatzea eta nabarmentzea sustatzen duen ekimena da, etorkizuneko ikuspegiarekin, kalitatezko eduki digitalak zabalduz eta ikusaraziz.