TUlankide MONDRAGON

Antton Tomasena: "ERREKAk Gipuzkoan erreferente sozioekonomikoa izaten jarraitu behar du"

2020/02/04

Antton Tomasena 2019ko urritik da ERREKAko zuzendari nagusi. Karguan ehun egun igarota, TUlankiderentzat aztertu du kooperatibaren aktualitatea, etorkizuna eta gaur egun ERREKAk merkatuan duen presentzia. 

ERREKAk gaur egun 250 langile enpleatzen ditu Gipuakoan eta beste horrenbeste Euskal Herritik kanpo. Egoera osansuntsua bizi du Antzuolako kooperatibak, eta berrikuntzan zein dibertsifikazioan oinarritutako etorkizuna irudikatzen du. 

Antton Tomasena

Hiru negozio-unitate ditu ERREKAk gaur egun, eta oso bestelako merkatuetan zerbitzu eta produktuak eskaintzen dituzue. Nolakoa da, gaur, hiru negozio-unitate horien egoera?

Hiru negozio-unitate baditugu ere, esan daiteke lau negozio dituela gaur egun ERREKAk. Finkapenaren negozioa da aspaldikoena. Unitate honek sekulako bilakaera izan du eta ahalmen handia du produktu eta zerbitzu berriak garatzeko. Esan daiteke, gaur egun, finkapen soluzio adimentsuak eskaintzen ditugula. Oso une gozoa igarotzen ari da finkapenaren negozioa eta produktu dibertsifikazio zein eraldaketa prozesu betean aurkitzen da. Sektore eolikoan, itsasoan, komunikazio azpiegituretan, aeronautikan... pausu garrantzitsuak ematen ari gara.

Access Automationen ere lidertzaren bila gabiltza burubelarri. Produktuaren kate guztia kudeatzen dugu, produktutik hasi, salmenta ondorengo zerbitzu eta mantenuraino. 2019 urte amaiera oso ona izan dugu, ekonomikoki bikain, eta lidertza dugu Estatuan zein Portugalen. Mexikon, Europa Ekialdean eta Ekialde Ertainean ere bidea egiten ari gara.

Plastics negozioan fokoa automozioan jarria dugu, gure bezeroei laguntza eskainiz haiek dauden tokian. Alegia, zerbitzuak eskaintzen dizkiegu Mexikon, Txekian eta Txinan. Moldeak diseinatzen ditugu eta pieza gero eta kritikoagoak egiten ditugu. 2019 urtea ona izan da, bereziki Mexikon.

Pertsonen mugikortasunak ere arduratzen gaitu eta arlo horretan negozio unitate berria dugu, Adom-Autonomia izenekoa. Pertsonen etxe barruko mugikortasuna kudeatzea da negozioaren helburua. Produktu eta zerbitzu berria eskainiz eraikin barneko edo eta etxe barruko mugikortasuna errazten duen produktua eskainiz.

Edonork ERREKAn lan egitea desiatuko lukeen enpresa-mota sortzea da gure bisioa, eta horren alde egin behar dugu

Laster hasiko zarete ERREKA 2020-2024 Plan Estrategikoa lantzen. ¿Zeintzuk dira ERREKAren erronka nagusiak epealdi estrategiko berrirako?

Prozesu estrategikoa aurreratu dugu eta laster plan berria lantzen hasiko gara. Aurrekoa 2020an amaitzen bada ere, prozesua aurreratzea erabaki dugu, oso kooperatiba bizia garelako eta etorkizunari aurre hartu nahi diogulako. Era berean, zuzendaritza taldean aldaketa asko egon dira eta sartu garenok plan estrategiko berria egitea ezinbestekoa dela deritzogu. 

Erronka nagusiak honako hauek izango dira: soluzio berriak eskaintzeko negozioak digitalizatu behar ditugu, berrikuntza izan behar da gure hazkundearen palanka, kalitatezko enplegua sortzen jarraitu behar dugu, berdintasunean, euskararen bidetik... beti MONDRAGON Korporazioaren proiektu sozioekonomikoaren eredutik. 

Hemendik zortzi urtera nolako organizazioa irudikatzen duzu?

ERREKAk Gipuzkoan erreferente sozioekonomikoa izaten jarraitu behar du. Baina era berean, gustatuko litzaidake etorkizunean, zortzi urteko epe hurbil-ertain horretan, ERREKA izatea edonork lan egin gurako lukeen enpresa. Edonork hemen lan egitea desiatuko lukeen enpresa sortzea da gure bisioa, eta horren alde egin behar dugu.

Zerbait gehiago gaineratu nahi duzu?

Bai, eskertu nahi diet, urte hauetan guztietan ERREKA proiektuan, lanean, aritu diren gauztiei. Haiek egindakoari esker gaude une honetan egoera osasuntsu eta onean. Ni orain hamabost urte atera nintzen ERREKAtik, eta itzuli naizenean organizazio erabat kohesionatua aurkitu dut, sekulako lan-giroarekin, eta emaitza bikainak lortzen. Enpresa arloan, negozio berrien alde egin zuten, nazioartera proiektua irekiz, eta produktu zein zerbitzuak egoera berrietara egokituz. Asmatu egin zuten apustuarekin eta estrategiarekin. Horrexegatik eskerrak eman behar dizkiegu. 

Elkarrizketa, bere osotasunean, TUlankide aldizkariaren martxoko zenbakian argitaratuko da. 

Eguraldia
Asteazkena 1 Min: 6
Max: 16
Osteguna 2 Min: 6
Max: 16
Ostirala 3 Min: 3
Max: 14
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak