Irakurriena
- 1. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 2. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 3. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 4. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 5. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 6. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 7. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 8. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 9. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 10. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
60.000 erreferentzia kudeatzeko gaitasuna duen biltegia inauguratu du Sareteknikak
Sareteknikak, etxetresna elektrikoen sektoreko salmenta osteko soluzioen enpresak, bere biltegi berria inauguratu du otsailaren 8an. Biltegi berriarekin jatorrizko 60.000 erreferentzia gorde ahal izango ditu, bai eta bere ahalmen logistikoa hobetu eta laguntza teknikorako duen sareari eta gainerako bezeroei zerbitzu azkarragoa eta eraginkorragoa eman ere.
Biltegiaren inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak, MONDRAGON Korporazioaren Kontseilu Nagusiko lehendakari Javier Sotilek, CEVA Iberiako zuzendari nagusi Marco Galbuserak, Sareteknikako lehendakari Gonzalo Fernandezek eta Sareteknikako gerente Kepa Unzillak
Sareteknikaren biltegi berria, zeina CEVA Logisticsek kudeatzen duen, Etxebarriko Lezama Leguizamon industrialdean dago (Bilbo Metropolia), eta 60.000 metro kubiko gordetzeko ahalmena dauka, 5.000 metro karratuko azaleran.
Instalazio berriak erabat martxan daude 2015eko uztailez geroztik
Sareteknikaren espezialitatea da lerro zuriko eta konforteko etxetresna elektrikoak etxean bertan konpontzea. Sareteknikaren barruan dago laguntza teknikoa etxean bertan ematen esperientziarik handiena duen eta Espainiako merkatuan hoberen baloratuta dagoen sarea.
Instalazio berriak erabat martxan daude 2015eko uztailez geroztik, eta haiei esker Sareteknikak 24 orduko epean zerbitzatu ditzake laguntza teknikorako duen sareak eta gainerako bezeroak eskatzen dizkioten lerro zuriko eta konforteko etxetresna elektrikoen jatorrizko ordezko pieza guztiak.
Instalazio guztiak eta langileen lan prozesua sistema informatiko propio batek kudeatzen ditu erabat. Sistema informatiko horrek ordezko piezak biltegiratzeko eta bidaltzeko lan guztiak bizkortzen ditu. Sistema horri esker, Sareteknikak 2.500-3.000 eskari lerro kudeatzen ditu egunero. Gaur egun biltegian 30 lagun daude lanean.
Gonzalo Fernández Iraizoz: “Enpresa gazte eta esperientziaduna”
Biltegiaren aurkezpen ekitaldian, Sareteknikako lehendakari Gonzalo Fernandez Iraizozek esan du “enpresa gaztea gara, baina esperientzia ere badugu, izan ere, Espainiako merkatuan Salmenta Osteko Zerbitzu liderra kudeatu dugu 15 urte baino gehiagotan”. Era berean, Fernandez Iraizozek Sareteknikaren sorrera azaldu du: “2014an, Fagor Electrodomesticos Taldearen marken salmenta osteko zerbitzua mundu osoan gidatzen aritutako profesional taldea osatzen genuenok erabaki genuen proiektu kooperatibo berri bati ekitea, 1.000 profesional baino gehiagori lanpostua ziurtatzeko asmoarekin. Proiektua, halaber, merkatuko premia bati erantzuteko ere jaio zen, ordura arte ez baitzegoen inolako zerbitzu soluzio globalik, merkatu osoari eta kalitate estandar berberarekin erantzuteko.
Sareteknikako lehendakari Gonzalo Fernandez Iraizozek adierazi duenez, “biltegia gure enpresaren birika da. Salmenta osteko soluzio globala azkar eta eraginkortasunez eskaintzen uzten digun funtsezko elementua da; izan ere, konponketak ahalik eta denborarik laburrenean egin nahi badugu ezinbestekoa da jatorrizko ordezko pieza guztiak ondo antolatuta eta kontrolatuta edukitzea, gure laguntza teknikorako sareari eta gure bezeroei garaiz helarazteko”
Arantza Tapia: “Bezeroei konfiantza ematen dien enpresa da Sareteknika”
Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, pozik agertu da bereziki zailak diren une hauetan enpresa berri bat sortu eta abian jartzeagatik. Sailburuak azpimarratu duenez, gaur egun "ohitzen joan behar dugu zalantzarekin bizitzera, eta hori ez da ez ona ez txarra; horri esker aktiboagoak izan gaitezke eta aukerak baliatu ditzakegu, merkatuak eskatzen duenerako egokiago den modu batez kudeatuta.”
Tapiak adierazi du Sareteknika zerbitzua baino gehiago dela, enplegua sortu ez ezik bezeroei eta pertsonei ere beraien bizilekuetan konfiantza ematen dien enpresa bat ere badela. Sailburuak azpimarratu du, gainera, Sareteknikak industriarako lan egiten dutela. Horrek esan nahi du oso garrantzitsua den eta adierazle positiboak erakusten hazi den sektore baterako egiten duela lan, pasa den urtean, 2015ean, Industri Produkzioaren indizeak izan zuen %3,5eko gorakadak hala erakusten digu eta.
Javier Sotil: “Guk, kooperatibok, hemen erabakitzen dugu”
MONDRAGON Korporazioaren Kontseilu Nagusiko lehendakari Javier Sotilek azpimarratu duenez, “une honetan enpresa asko inbertsio fondoetan sartuta daude eta ez da jakiten non eta nork hartzen dituen haien erabakiak, baina guk, kooperatibok, hemen erabakitzen dugu”. MONDRAGON Korporazioaren Kontseilu Nagusiko lehendakariarentzat, Sareteknika da laguntza teknikoaren kontzeptu tradizionala gainditu eta “berritzen eta bezeroengan pentsatutako salmenta osteko soluzioak imajinatzen jakin izan duen” enpresa baten adibidea. Bukatzeko, Sotilek Sareteknika animatu du berritzen jarraitzera eta zerbitzuaren pertsonalizaziora jotzera, sarea handituz eta zerbitzu zentroen sarea eta Contact Centerra hobetuz.
2015eko ekainean eta uztailean egokitu zituen Sareteknikak bere instalazio berriak, sei astetan baino ez; instalazioak abian jartzeko, berriz, milioi erdi euro baino gehiago inbertitu ditu biltegia egokitzeko lanetan eta beste bi milioi euro gehiago jatorrizko osagaiak erosten.