2024an gako izango diren 6 joera teknologiko

Mundu mailako tendentziak abiapuntu, euskal industrian hainbat aurrerapen teknologiko espero dira aurten.
Card image cap
2024/01/03

Urte berri, teknologia berri. 2023an ikusi dugu hori, hainbat teknologia agertu baitira bai alor enpresarialean, bai gizartean oro har, eta 2024ean ere ikusiko ditugu. Besteak beste, super ordenagailu kuantikoak, zibersegurtasuna, energia berriztagarriak eta errealitate birtuala izango dira hasi berri den urtearen protagonistetako batzuk. Erronkak ere berriak al dira? Adimen artifizialaren kasuan, adibidez, ez; egokitzeko eta erregulatzeko erronka dira mahai gainean, lagungarria izateko eta ez arrisku berri bat.

1. Zibersegurtasuna

Dena dago Internetera eta sarera konektatuta garai honetan. Horregatik, enpresa, erakunde edo gobernu bati egin dakizkiokeen erasorik handiena dira, seguru asko, zibererasoak. Izan ere, ez dira zientzia fikzio, egunean 40.000 zibereraso inguru izaten dira espainiar estatuan bakarrik. Irailean Basque Cybersecurity Centrerren egoitzan tokia egin du Cyberzaintza-Basque Cybersecurity Agency delakoak. Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuetan, 2 milioi euroko partida bat aurreikusten da Cyberzaintzarako. Hala helburua da EAEn Interneten erabileraren ondoriozko mehatxuetatik babestea, baita euskal erakundeen azpiegiturak eta enpresak babestea ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo diren urte honetan.

Nafarroaren kasuan, Navarra Cybersecurity Center delakoa martxan jartzeko koordinatzailea kontratatu zela iragarri zuen foru gobernuak urrian, baita INCIBE Espainiako zibersegurtasun institutuarekin hitzarmen berria sinatu izana. Zentro berria NASERTIC enpresa publikoak koordinatuko du, eta enpresen zein herritarren zibersegurtasuna bermatzea izango du helburu.

Ipar Euskal Herrian, azkenik, Pays Basque Digital klusterrak enpresen zibersegurtasuna lantzen jarraitu nahi du enpresekin, eta ikastaroa antolatu du apirilera begira.

2. Hodeian biltegiratzea

Zibereraso batetik babestu beharreko datu asko hodeian egon daitezke. 2024an, "hodeia" izeneko urruneko zerbitzarien bidez ordeztu ditzakegu tokiko zerbitzariak edo biltegiratze-diskoak. Gehienetan, zerbitzu horiek gugandik milaka kilometrora daude, datuen subiranotasuna eta datuen pribatutasuna arriskuan jartzen duten teknologiko handienetan gordeta.

Datuak hodeian biltegiratzeari dagokionez eta subiranotasuna irabazteko asmoz, 2024an ADI Data Center Euskadi abian jarriko da. Hodeiko datu-biltegi berri hori Euskaltel, Dominion eta Teknei enpresek sustatuko dute, eta Ezkerraldea-Meatzaldea Parke Teknologikoan kokatuko da.

Nafarroan, 2023a amaitzear zenean onartu zuen Gobernuan CPD Datuen Prozesamendurako Zentroa handitu eta berritzea, eta Naserticek "interes foraleko" izendatu zuen.

Ipar Euskal Herrian ez dago aparteko berririk. Data Center delakoa 2020an eraiki zuen Izarralde Taldeak, IzarHost izenarekin, Bidarten kokatzen dena.

3. Adimen artifiziala

Adimen artifiziala hamarkada honetako aurrerapen teknologiko garrantzitzuenetariko bat da. 2024az geroztik, erabiltzaileok haien funtzioetako batzurekin esperimentuak egiteko aukera izan ditugu, baina interesgarrienak ikusteko daude oraindik ere. Urtero, adimen artifizialak esponentzialki egiten du aurrera, eta badirudi aurtengoa funtsezkoa izango dela egunero erabiltzen ditugun sistema eragileetan eta lan-tresnetan. ChatGPT, Microsoften Copilot edo Google Tensor txip potentea jarraitu beharreko bidea markatzen ari dira, eta hurrengo 12 hilabeteetan garapen teknologikoan izango diren joerak zeintzuk izango diren zehaztuko dira. Era berean, Europa guztian begirada jarrita dago AI Act delakoan, adimen artifizialaren erabilera erregulatu nahi duena.

4. Energia garbiak

Gizartean dugun erronka handienetako bat energia kutsatzaileak atzean uztea eta energia garbien alde egitea da. 2023an Europar Batasunak eguneratu egin du Energia Berriztagarrien Europako Zuzentaraua, eta COP28an ere protagonista izan da beharrezkoa dela energia berriztagarrien erabilera azkartzea. Iaz jarri zuen martxan Petronorrek hidrogeno berdea ekoizteko lehen planta, datozen urteetan haziz joango dena, eta Bizkaia energia mota horren aldeko apustua egiten duten lurraldeen nazioarteko mapan jarri nahi duena. Horrekin batera, Zangozan (Nafarroan) AccionaPlug hidrogeno berdea ekoizteko planta eraikitzen ari dira, eta 2024 bukaerarako erabilgarri izatea aurreikusten dena. Acciona Energía eta Power Plugek parte hartuko dute proiektuan, eta Valle H2V Navarra proiektuaren baitan 25 MWko elektrolizadorea egingo dute.

Hidrogenoaren aldeko apustua bezala, azken urteotan energia eolikoaren aldeko apustu sendoa egin da gure lurraldean. Gaur egun, hogeita hamar proiektu eoliko baino gehiago izapidetzen ari dira EAEn, horietako batzuk polemikoak ekosistemetan izan dezaketen eraginagatik. Nafarroan, berriz, datozen urteetan egun dagoen energia fotovoltaiko eta eolikoa bikoiztea aurreikusten da.

5. Errealitate areagotua

Zalantzarik gabe, badirudi 2024an ikusiko dugula azkenean errealitate areagotua lan-tresnetara iristen. Iaz, Applek iragarri zuen aurten "ordenagailu espazial" berria merkaturatuko duela, Apple Vision Pro izenekoa. Sagarraren konpainiaren errealitate areagotuaren bisoreak teknologia horrek gaur egun dituen aukerak irekiko ditu, eta 4.0 industria berrian lagunduko duten produktu eta tresna berriak garatzeko lehia bultzatuko du.

6. Konputazio kuantikoa

Urteak igaro dira konputazio kuantikoaz hitz egiten hasi ginenetik, eta gaur egun oraindik ere urrun dagoela iruditzen zaigu. Donostia superordenagailu berria hartzeko hiririk erakargarrienetako bat bihurtu da Basque Quantum proiektuari esker. 2024 honetan oraindik ez dugu superordenagailua martxan ikusiko, datorren urtean izango dela aurreikusten baita, baina IBM erraldoia Ikerbasqueko zentrora iristeko aurrerapauso garrantzitsuak ikusiko ditugu.

Iturria: Enpresabidea