Irakurriena
- 1. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 2. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 3. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 4. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 5. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 6. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 7. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 8. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 9. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 10. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
"Nazioartekotzen diren kooperatibek enplegu gehiago sortzen dute etxean"
Nazio Batuen Erakundearen erabakiz, 2012a Nazioarteko Kooperatiben Urtea da eta ospakizun horren baitan antolatu da ikastaroa Kantabriako ikastaroa. Kooperatibek aberastasuna eta lana sortzeko duten gaitasunaz hitz egiteko aditu asko eta askotarikoak bildu dira Santanderren. Besteak beste, Pauline Green, Nazioarteko Batasun Kooperatiboaren presidentea; Jose Eugenio Azpiroz Villar, Diputatuen Kongresuko Lan Batzordearen presidentea; Jose Luis Monzon, Ekonomia Publiko, Sozial eta Kooperatiboari Buruzko Nazioarteko Ikerketa Zentroaren presidentea; Miguel Angel Garcia Martin, Lan Autonomoaren, Gizarte-ekonomiaren eta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren Zuzendari Nagusia; eta, haiekin batera, MONDRAGON Korporazioa zein Espainiako Estatuko beste kooperatiba batzuetako ordezkari ugari.
Kontutan hartzeko errealitatea
2010ean, munduko 300 kooperatiba handienek 1,6 bilio dolarretik gorako etekinak eman zituzten. Kooperatibak, beraz, kalitatezko enplegu egonkorra sortzen duten enpresak dira eta kontutan hartzeko moduko eragin ekonomikoa daukate. MONDRAGON Korporazioa da mundu mailan, errealitate horren adibide nagusietakoa. Orain, gainera, krisi garaian bete-betean gaudenean, kooperatibak bestelako enpresak baino sendoagoak direla erakutsi dute, maila handian, lanari hobeto eusten diotelako.
Enpleguaren aldeko apustu horretan, nazioartekotuta dauden kooperatibak gailendu dira. Josu Ugartek, MONDRAGON Korporazioaren nazioarteko negozioen arduradunak, halaxe esan eta frogatu zuen Santanderren, MONDRAGONek bere enpresen artean egindako txostena eskuan. Zera dio txosten horrek: kooperatiba bat nazioartekotu denean, jatorrizko lantokiko enplegu-tasa % 25 igo da; jauzi hori eman ez dutenen enpresetan, ostera, % 11 jeitsi da. Ugarteren hitzetan “multilokalizazioa da geure herrialdean lana sortu eta mantentzeko bermea”. Antzera hitz egin zuen Jose Eugenio Azpirozek ere, Diputatuen Kongresuko Lan Batzordeko presidenteak. “MONDRAGONen esperientziak nazioartekotze-estrategiaren arrakasta erakutsi du, tokian lana sortzeko eta kooperatibek aurrera egiteko ematen duen gaitasuna”. Konentzituta hitz egin zuen Azpirozek, “kooperatibek funtzionatu egiten dute, argi eta garbi”.
Lanari buruz hitz egin zuen Miguel Angel Garcia Martinek ere, Lan Autonomo eta Gizarte-Ekonomiaren zuzendari nagusiak. Kooperatibek lana modu egonkorrean mantentzen zutela esan zuen, pertsonak direlako haientzako arreta-gune nagusia. “Krisi garaian bestelako enpresek izan duten lan-galera eta kooperatibena konparatzen baditugu, 10 puntuko aldea ateratzen dute kooperatibek; ziurrenik haien DNAn idatzita dituztelako lana galdu baino lehen hura mantentzeko behar diren tresnetako asko”. Lan hori, gainera, ez da edonolakoa. “Kooperatibetako kontratuen % 70a mugagabeak dira eta gazte zein emakumeei irekiago daude”. Arduradun ekonomikoen kezka nagusia, une honetan, lana sortzea dela esan zuen Garcia Martinek eta alor horretan kooperatibak eredu direla.
Kooperatibizazioa
Kooperatiben indarraren adibide polita ekarri zuen Santanderrera David Erdal eskoziarrak. Bere familian sei belaunaldi zeramatzan negozioa jaso zuen enpresa-gizon honek eta kooperatiba bihurtzea erabaki zuen. Nahiz eta hasieran ez zen oso kooperatiben aldeko. “Prozesu honekin hasi baino lehen beldur nintzen kooperatibak, bereziki industri-arlokoak, ez ote ziren ideia ‘hippy’ bat, besterik gabe. Baina 1984an MONDRAGON bisitatu nuen eta benetako aukera bat zirela ohartu nintzen”. Urteak dira Erdalek zuzentzen duen kooperatiba lehiakide dituen enpresak baino errentagarriago dela.
Erdalek argi dauka kooperatibak bestelako enpresak baino eraginkorragoak direla. “Funtzionatu egiten dute”, dio, “enpresa ‘normaletan’ zuzendaritza batzordearen ardura nagusia akzioen balioa izaten da eta ez enpresaren benetako funzionamendua eta modu horretan, denbora asko eta ahalegin handia galtzen dira”. Bere doktore-tesian Ergalek zera frogatu du: kooperatiba ugari dauden lekuetan, hiri osoak ateratzen duela onura ekonomikoa eta bizi-itxaropena ere nahikotxo handitzen dela.
Navajoak, japoniarrak eta higiezinen-alorreko langileak
Interes handikoa izan zen, bestetik, Freud Freundlich, Mondragon Unibertsitateko irakasleak Santanderren egin zuen esperimentua. Udako ikastarora hurbildu ziren ikaslei hainbat eguneroko adibide jarri zizkien. Arruntak, garbigailua konpontzea bezalakoa. Eta haiekin lotutako erabaki etikoak planteatu zituen, enpresa batek egunero dituenen (edo izan beharko lituzkeenen) antzekoak. Helburua, lanaren eta lanari lotutako etekinak banatzearen arteko hausnarketa bideratzea zen. Esperimentua ez da berria: Freundlich irakasleak era askotako inguruneetan egin du, AEBetan navajoekin, japoniarren artean eta hurbilago ere bai, higiezinen-arloko langileekin. “Herrialde industrializatuetan legeak garrantzia eskasa ematen dio lanari, nahiz eta gero, beste termino batzuetan planteatzen duzunean, jendeak legeak aitortzen diona baino askoz begirune handiagoa dion”.
Azkenik, eta aditu, irakasle, kooperatibista eta politikariak Santanderren zirela probestuta, Arantza Laskurain, MONDRAGON Korporazioko idazkari nagusiak deia egin zien guztiei eta kooperatiben jarduteko modua promozionatzera animatu zituen: “Guztion arteko ahalegina egin behar dugu, hain miretsia den mugimendu hau hobeto ezagutu eta ikusgarriago izan dadin”.