“Kooperatibako presidente izatea sekulako ikasgaia izan da”

20 urteko bidearen ondoren, iritsi zaio agur esateko unea Mirari Zilaurreni (Oñati, 1967). Lana kooperatibako presidente lanak ondo beteta, merezitako haize berria sumatzen du azalean, nahiz eta oraindik erretirorako urte batzuk geratzen zaizkion.
Card image cap
2025/11/18

Lana kooperatibako presidente lez egin ditu azken bi hamarkadak. Ez da ba marka makala!! Seguruenik, guinness-a gure esperientzia kooperatiboan. 7.300 egunen bueltan presidente txapelarekin. Batzuk eguzkitsuak, itxaropentsuak eta ederrak. Beste asko, berriz, ilun-ilunak. Gorabeheraz betetako sasoia izan da, krisi larri eta une gogorrekin, baina bidearen amaieran pozik eta harro dago Zilaurren, “egindakoak eta bizitako esperientziak merezi izan baitu”.

Aurreneko urteetara egingo dugu. Nola gogoratzen dituzu hastapenak?

Presidentetzara iritsi nintzenean ez nekien oso ondo non sartzen nintzen. Egia da Kontseilu Errektorean nengoela idazkari gisa, Joseba Gonzalez presidente zela eta haren alboan eroso nengoen. Kooperatiban bi-hiru urte neramatzan, ikasketa prozesuan nengoen. Nire etxean ere, nire inguruan, ez zegoen kooperatiba tradiziorik eta, hortaz, dena zen berria. Lanak momentu ona bizi zuen. Kooperatibak irabaziak zituen, ekonomikoki eta sozialki sendo geunden. Ia 100 langileko taldea sortu genuen, eta konfliktoren bat izan bagenuen ere, laugarren erreleboaren ezarpenaren ingurukoa bereziki, ondo kudeatzen ari ginen.

Bat batean baina Josebak lanez aldatu eta zuk hartu zenuen kargua.

Halaxe izan zen, bai. 2005ean izendatu ninduten presidente, eta 2008an krisialdia etorri zitzaigun. Oso gogorra izan zen. Txekiako lantokia 2007an jarri genuen martxan eta hango merkatu berriari eskua hartzen ari ginen: lan-talde berriarekin dena martxan jarri beharra genuen. Eta Euskal Herrian krisiak estu jo gintuen. Oñatin merkaturik gabe geratu ginen eta erabaki oso gogorrak hartu behar izan genituen. Kolpe handia izan zen. Ikasgai izugarria.

Erabaki gogorrak aipatu dituzu. Zelakoak?

Erreubikazioei ateak ireki genizkien, 57 urterekin aurre- jubilazioak planteatu genituen eta, orohar, pertsonen konpromisoa izugarria izan bazen ere, bazkide askorentzat eta kolektiboarentzat une traumatikoak izan ziren. Denak ulergarriak. Sasoi gogorra bizi izan genuen. 84 bazkidetik 32ra pasa ginen. Eta hala ere, 32 pertsonarentzat lanik ez genuen. LagunAro EPSVren eta MONDRAGONen babesa ere izugarriak izan ziren, zuzendaritza aldatu genuen eta MONDRAGONeko presidenteordearen lidertzarekin, eta merkatura begira eginiko apustu berriekin aurrera atera ginen. Txekian ere asko ikasi dugu, merkatu ugari zabaldu dizkigu eta lehiakideak oso gertutik ezagutzeko aukera eman digu.

Orduko krisitik gaur egunera gauzak asko aldatu dira, ezta?

Bai, asko. Inbertsio ugari egin ditugu taula hobea egiteko eta lehiakorragoak izateko. Gaur hiru kapako taularen merkatuan liderrak gara eta zutabearen merkatuan ere bikain gaude. Berriro gara 70 bazkide. 130 langile ditugu Txekian eta Oñatin 90. Esan daiteke 2008ko krisiaren ondotik, 2017tik aurrera berriro hazkundean gaudela eta une gozoa bizi dugu, erronka eta proiektu berriekin. Horrexegatik guztiagatik presidente kargua uzteko une aproposa da.

“Esan daiteke 2008ko krisiaren ondotik, 2017tik aurrera berriro hazkundean gaudela eta une gozoa bizi dugula, erronka eta proiektu berriekin. Horrexegatik guztiagatik presidente kargua uzteko une aproposa da”

Ikasgaiak

Enpresa proiektua alde batera utzita. Nola bizi izan dituzu, ikuspegi pertsonaletik, azken 20 urteak?

Oso babestua sentitu naiz eta horrek asko lagundu dit. Taldean lanean, beti gertuko bidelagunekin, bidean aurrera egin dugu. Momentu oro izan dut babesa eta horrek asko lagundu dit aurrera jarraitzeko.

Agur esateko momentua dela erabaki duzu. Agian kooperatibaren unerik onenean.

Bai. Momentu onenean. Une egokia da eta trantsizio egoki bat egin nahi nuen bai niretzat zein Lana kooperatibarentzat. Gazteek erreleboa hartzeko sasoia da, eta belaunaldien arteko aldaketa orekatua egin behar dugu. Horrexegatik erabaki dut Presidentetza uztea. Gazteak erakarri behar ditugu gobernantza eremura.

“Gazteek erreleboa hartzeko sasoia da, eta belaunaldien arteko aldaketa orekatua egin behar dugu. Horrexegatik erabaki dut Presidentetza uztea. Gazteak erakarri behar ditugu gobernantza eremura”

Zenbat hazi da Mirari Zilaurren azken urteotan?

Asko. Dudarik gabe. Ezagutza handiko pertsona interesgarriak ezagutzeko aukera izan dut eta hori beti da ona. Nire hazkundea handia izan da. Urte hauetan guztietan presidente kargua eta nire lanpostua uztartu ditut. Horrek ere beste ikuspegi bat eman dit, ez naizelako kooperatibaren egunerokotasunetik aldendu, nire kargua ez da beste kooperatiba batzuetan besteko instituzionala izan.

Momentu bereziren batekin geratzen zara?

Sasoi txarrenetan lan-bazkide batzuekin oso momentu traumatikoak bizi izan genituen. Erabaki gogorrak hartu genituen baina nahiago dut bizitako momentu onenekin geratu. Kooperatibako presidente izatea sekulako ikasgaia izan da.

Eta orain?

Trantsizio sasoian nago… edo gaude. Presidente berriak alboan izango nau antolakuntzan laguntzaile. Ez dut jubilatzeko asmorik oraindik, oraindik orain badut konpromisoa kooperatibarekin eta baita ilusioa ere. Arlo sozialean ere, Lana presente dago Oñatiko gizartean, kirolean eta kulturan. Herriaren egunerokotasunean gaude eta hori ere asko estimatzen dut.

Eta gero?

Ikusi behar. Jubilatzerakoan aktibo jarraitu nahiko nuke. Erakunderen batekin kolaboratzea ez dut baztertzen eta sasoi hori planifikatu nahi dut. Gainera kirola, lore-zaintza eta baratzea oso gustukoak ditut. Bi-hiru urte gehiago egingo ditut Lanan eta gero, gerokoak.

Azkenengo Batzar Orokorrean lankideen aitortza jaso zenuen. Ez da gutxi!

Baita hunkitu ere. Zeozer espero nuen, baina oparirik eta bertsorik ez. Oso hunkigarria izan zen. Lankide gehienak gerturatu zitzaizkidan eta oso eskertuta nago. Azken egunean ere sekulako babesa sentitu nuen.

Mirari-2.jpg

Motzean

“ Irakurlea naiz eta aspaldian hazkunde pertsonalaren arloko liburu asko irakurtzen ari naiz”

Bizitzeko leku bat.

Oñati. Sekulako ingurua dugu. Asko baloratzen dut gure herriak eskaintzen dituen aukerak, bereziki dugun natura bizi-biziak.

Txoko bat.

Aloña ingurua. Inspiratzailea da erabat. Tontorrean zaudenean eta etxetik begiratzerakoan. Orduan ere ederra da.

Afizio bat.

Mendia dut oso gustuko. Natura. Tartetxo bat dudanean mendira gerturatzen naiz. Landareak, ortua… nire afizioek lurrarekin zerikusia dute.

Zinea.

Bai. Asko. Neguan gehiago. Olympo seriea gomendatzen dizut.

Musika.

Kontzertuak eta musika estilo ezberdinak gustuko ditut.

Liburu bat.

Irakurlea naiz, eta aspaldian hazkunde pertsonalaren arloko liburu asko irakurtzen ari naiz.

Eraikuntza sektorerako irtenbide berritzaileak