Irakurriena
- 1. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 2. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 3. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 4. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 5. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 6. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 7. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 8. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
- 9. Gerodanek MONDRAGONen egoitza nagusiko ekipamendu proiektu berria garatu du
- 10. "Jaguar Land Roverrek funtsezko laguntzaile teknologikotzat hartzen gaitu"
“Gorputzari kaña emateko gogoz atera nintzen pandemiatik”
20 urteko oñatiarra da Malen Osa eta gaur egun Donostian bizi da, Mondragon Unibertsitateko Orona Ideoko Campusean ari baita ikasketak burutzen, Industria Prozesuetako Ekoteknologietako ingeniaritza ikasketak hain justu ere, bigarren ikasturtean. Bere pasioa, berriz, azken urtetik aurrera bereziki, mendi lasterketak dira. Jakan (Oska), Oroel-go igoeran debuta egin zuenetik dihardu jo eta ke, beti aurreneko postuetan eta askotan irabazleen txapela buruan.
Babesa dut etxean, lagunen laguntza eta badakit norbaitengana jo behar badut, badudala norengana jo. Emaitzak bigarren planoan daude.
Berria zara mendi lasterketetan. Noiztik ari zara?
Lehenengo lasterketa 2021eko abuztuan egin nuen Jakan (Oska) eta irabazi egin nuen. Ondoren Gorbeia Suzien-en aritu nintzen eta han ere irabazi egin nuen 21 kilometroko lasterketa. Aloñako igoeran ere, 2021eko edizioan, irabazi egin nuen eta ondoren etorri dira garaipenak 2022ko Espainiako Txapelketan eta 2022ko Aloñako igoeran. Era berean, jokatu ditudan lasterketa guztietan egon naiz podiumean.
Debuta Jakan egin zenuen. Inork gutxik ezagutzen zintuen orduan. Eta guztien aurretik helmugaratu zinen. Ezustekoa izan zen zuretzat, publikoarentzat, antolatzaileentzat…
Ez nuen pentsatzen horrelako mailarik emango nuenik lehenengo lasterketan ezta urte osoan zehar ere. Ikusten nuen ondo nenbilela baina niretzat ere ezustekoa izan zen. Oroelen faborita guztiak gainditu nituen, nire izena inork ez zuen ezagutzen eta sorpresa izan zen guztiontzat. Askok ez zuten sinisten nire lehenengo lasterketa zenik.
Mendian lasterka ari zaretenok bereziak zarete. Sentsazioez mugitzen zarete. Zeintzuk dira zureak une honetan?
Gorputzari kaña emateko gogoz atera nintzen pandemiatik, sentsazio berriak izateko irrikaz eta inertzia horrekin hasi nintzen mendian korrika egiten. Eta egia esaten badizut, zoriontasuna ematen dit. Izugarri motibatzen naute aurre-prestakuntzak, lasterketa egunak, publikoaren animoek, jendeak disfrutatzen duena, emaitzek… dena kokteleran sartu eta aberasgarria da niretzat.
Egin dezagun jauzia hastapenetara berriro. Kirolari petoa izan zara beti, baina zein kirol egiten zenuen mendi lasterketetan hasi aurretik?
Futbolean aritu naiz zortzi urtetatik eta horrek lehiakorrago egiten zaitu. Oso lehiakorra izaten irakatsi dit futbolak. Igeriketa ere egin dut txikitatik eta beste balio oso potenteak eman dizkit igerilekuak: entrenamenduen diziplina, sakrifiziorako joera, esfortzua iraupen luzez eustea, sufrimenduari aurre egitea, deskantsua zein garrantzitsua den ikastea… Horrek guztiak sekulako oinarria eman dit.
Etorkizun hurbilean zein erronka jarri dizkiozu zure buruari?
Niretzat garrantzitsuena disfrutatzen jarraitzea da. Lasterketek, mendiko egutegiak ez dezala gehiegizko presioa eragin nigan. Presio hori ondo kudeatzea da erronka nagusia. Hori da helburua. Eta lasterketen ikuspegitik, bi lasterketa ditut ekaina eta uztaila bitartean: Lehena Gironan, XV. Olla de Núria mendi lasterketa ekainean eta uztailean mundiala Andorran.
Presioa aipatu duzu. Nola kudeatzen duzu zuk? Plano emozionala nola gestionatzen duzu?
Plano emozionala oso ondo gestionatu behar da. Presioa gero eta handiagoa izaten baita. Antolatzaileek, publikoak, norbere buruak… ezagunagoa zaren neurrian presioak gora egiten du. Lasterketa bakoitza mundu bat da eta osasun mentala zaintzea ezinbestekoa da presioari aurre egiteko, neurria non dagoen jakitea oso inportantea da eta horretarako nire familia eta lagunen laguntza ezinbestekoak dira niretzat. Babesa dut etxean, lagunen laguntza eta badakit norbaitengana jo behar badut, badudala norengana jo. Emaitzak bigarren planoan daude.