Irakurriena
- 1. Orbeak promozio berezia jarri du abian MONDRAGONentzat
- 2. MONDRAGONek interesa pizten jarraitzen du bisitari atzerritarren eta kooperatiben artean
- 3. Eskuratu TERNUA %15eko deskontuarekin
- 4. TFG-TFM MONDRAGON Sariek talentua saritu dute inoizko parte-hartzerik handienarekin
- 5. MONDRAGONek eta Fagor Electronicak Semi Zabalan inbertitu dute
- 6. Eroskik finantza egitura berrantolatu du, zorra merkeago birfinantzatuz
“Kooperatibismoa indartu beharra zegoela ikusi genuen duela 25 urte, eta norabide horretan egin dugu bidea”
LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak 25 urte bete ditu aurten. Mende laurden honetan, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko institutu honek euskal kooperatibismoaren pultsua hartu du, ikerketa eta hezkuntza uztartuz. Ainara Udaondo zuzendariak atzera begirada egin du egindako bidea baloratzeko, baina batez ere, etorkizuneko erronkez eta nortasun kooperatiboaren garrantziaz aritu da.
Hogeita bost urte bete ditu LANKI Ikertegiak. Atzera begiratuta, zein izan da mugarri nagusiena?
Guretzat ere zaila izan da mugarriak zehaztea, gauza asko gertatu baitira. Baina sentsazio bat badugu: orain dela 25 urte hasi ginenean, kooperatibismoa indartu eta biziberritu beharra zegoela genion, batez ere nortasunari zegokionez. Orduan, gure iker-begirada eta hezkuntza-ahalegina horretara bideratu genituen. Gaur egun, 25 urte geroago, esan dezakegu testuingurua asko aldatu dela.
Zertan antzematen da aldaketa hori?
Hasieran, gizarte-eraldaketaz, identitateaz edo hezkuntza kooperatiboaz hitz egitea arrotza egiten zen gure kooperatibetan. Gaur egun, ordea, ohiko gaiak bihurtu dira; kooperatibek onartzen dute gai horiek landu behar direla, eta gainera, lantzen ari dira. Esango nuke kooperatiba izaeraren birbaloratze eta loratze bat gertatu dela azken 25 urteetan, eta sentitzen dugu bide horretan bidelagun izan garela. Aldaketa onerako izan da, zalantzarik gabe.
Zein izan da LANKIren ekarpena prozesu horretan?
Hasiera-hasieratik gure bi foko nagusiak ikerketa eta hezkuntza izan dira. Intuizio bat genuen: kooperatibismoaren ideia berritu beharra zegoela eta identitatea landu behar zela hezkuntza estrategien bidez. Gure ikerketa egiteko modua errealitatetik oso gertu egon da beti, eragileekin batera. Uste dut gure kooperatibentzat klabe izan diren momentu batzuetan argia eman dugula ikerketaren bidez, eta gero hori hezkuntzaren bidez kooperatibetara itzuli dugula.
“Identitatea lantzeak enpresarialki ere indartsuago egiten gaitu”
Ikerketa eta hezkuntza aipatu dituzu. Bata bestea gabe ulertzen da gaur egun?
Biak dira beharrezkoak eta elkar elikatzen dute. Ikerketatik ezagutza sortzen dugu, eta hezkuntzaren bidez zabaldu. Baina, aldi berean, hezkuntzak errealitatearen ikuspegi oso doitua ematen digu. Kooperatibak zapaltzen ditugu, kooperatibistekin gaude, eta horrek izugarri elikatzen du gure ikerketa. Gurea ez da begirada akademiko hotz edo urruneko bat. Eragiteko ikertzen dugu. Eta horretarako estrategia nagusi gisa hezkuntza darabilgu.
Nola lortzen duzue ezagutza akademikoa eta kooperatiben praktikotasuna uztartzea?
Erronka bat da, baina hori da gure indarguneetako bat, kooperatibak barrutik ezagutzen ditugula. Gure ereduaren argiak ezagutzen ditugu, baina baita ilunak ere, eta horri esker gure planteamenduak errealitatetik oso gertu daude.
Zeintzuk dira, gaur-gaurkoz, ikerketa-lerro nagusiak?
Gure langai nagusia kooperatibismoa da, eta bereziki euskal kooperatibismoa eta Arrasateko Esperientzia. Fokalizatuta egon gara alderdi kooperatiboak ikertzen: identitatea, gobernantza, erantzukizuna… Orain interkooperazioaren gaia ere jorratzen ari gara. Azken finean, gure kooperatiben errealitatea aldatzen doan heinean, gure ikerketa begirada egokitzen joaten gara, baina beti ere euskal kooperatibagintzaren garapena, erronkak eta aukeretan argia ematera bideratuta.
Eta zuen hezkuntza eskaintzari dagokionez zertan diharduzue?
Batetik, gure kooperatibetan kapa ezberdinetara heltzeko proposamenak ditugu: bazkide berriekin dihardugu lanean, organoetako kideak formatzen ditugu, eta kooperatibetako kolektibo osoengana heltzen diren prozesuak egiten ditugu. Adibidez, azken urtean Orklin egon gara eta baita LABORAL Kutxaren Zentzua prozesua laguntzen ere. Eta bestalde, Kooperatibagintzan Aditu Diploma daukagu, 18 edizio egin dira dagoeneko eta oso produktu ezaguna eta baloratua da gure kooperatibetan. Gure kooperatibei begirako estrategia Otalorarekin dugun elkarlan marko emankorrean garatzen dugu. Bestetik, nazioartera begira ere zenbait eskaintza ditugu: Kooperatibismoan master ofiziala edo eta iraupen laburragoko online ikastaroak ere, gure esperientzia kooperatiboa bertatik ezagutzeko aukera eskaintzen dutenak.
“Ez dago eredu idealik, baina baditugu intuizio eta praktika oso interesgarriak, munduan bakarrak direnak”
Mundu konplexu honetan, zein erronka nagusi ditu kooperatibagintzak?
Mundua oso konplexua da eta erronkak askotarikoak dira. Batetik, erronka enpresarialak daude: etorkizuneko negozioak, errentagarritasuna… Baina guk beti esan dugu horrekin batera, edo hori bezain garrantzitsua dela, kooperatibaren identitatearekin lotutako gaiak lantzea.
Proiektu sozio-enpresarial solidoak nahi baditugu, gure balioetan sakondu behar dugu. Horrek bereizten gaitu beste ereduetatik. Eta gainera, identitatea lantzeak enpresarialki ere indartsuago egiten gaitu.
Kanpora begira, nola ikusten da hemengo esperientzia?
Batzuetan kanpotik begirada gozoagoa izaten da barrukoa baino. Barruan gaudenok tripak ezagutzen ditugu eta kritikoagoak gara. Kanpokoek batzuetan idealizatu ere egiten dute. Gu saiatzen gara garena aurkezten: ez dago eredu idealik, baina baditugu intuizio eta praktika oso interesgarriak, munduan bakarrak direnak. Gure ekosistema kooperatiboa oso berezia da: hemen dugun kooperatiben kontzentrazio eta dibertsitate maila, industriak duen pisua, lanelkartuko kooperatiba izaera, interkooperazioaren garapen maila altua edo lurraldearekiko dugun lotura ez dira ohikoak.
Hurrengo 25 urteetara begira, non ikusi nahiko zenuke LANKI?
Zaila da hain epe luzera proiektatzea, baina gustatuko litzaidake sendoago egotea, bai maila akademikoan, bai eragile moduan. Gure bidea hezkuntzan inbertitzen jarraitzea da. Sirimiri moduko prozesuak dira: luzeak, baina beharrezkoak kooperatibismo kontzienteago eta eraldatzaileago bat eraikitzeko. Bide horretan bidelagun izaten jarraitu nahi dugu, taldea ilusioz beteta mantenduz eta belaunaldi berriak txertatuz.