Hilaren 22an egingo da MONDRAGONen Kongresua, Kursaalen

Datorren asteazkenean, uztailaren 22 goizean, bilduko da MONDRAGONen Kongresua, Donostiako Kursaal jauregian. Aurtengo edizioan ere, urtero legez, Korporazioa osatzen duten kooperatiba guztien ordezkariak bertaratuko dira, MONDRAGONi eragiten dioten gaiak aztertu eta bozkatzeko.
2026/07/16

Interes eta funtzionamendu kolektiboari eragiten dioten gaiak aztertuko dira MONDRAGONen 2026 Kongresuan. Alegia, MONDRAGONen etengabeko eraldaketa testuinguruan, Korporazioaren etorkizunerako garrantzitsuak diren gai estrategiko, sozial eta ekonomikoak izango dira aztergai.

Batzorde Iraunkorraren eta Kontseilu Orokorraren deskarguak

MONDRAGONen Kongresuko eta Batzorde Iraunkorreko lehendakaria den Leire Muguerzak ongietorria emango die bertaratutakoei eta bi aztergaitan jarriko du fokua: batetik, Batzorde Iraunkorreko gestioaren deskarguan, eta, bestetik, Zentro Korporatiboaren 2026ko aurrekontuan eta finantzaketa kuotetan.

Ondoren, Pello Rodriguezek, Kontseilu Orokorreko presidenteak, Kontseilu Orokorraren deskargua aurkeztuko du. Lehenik, 2025eko itxiera datu nagusiak eta kooperatiben aurtengo bilakaera azalduko ditu. Ondoren, Politika Sozioenpresarialaren (PSE) lau ardatz estrategikoen inguruan egituratuko da aurkezpena, eta, horien bidez, lehentasunezkoak diren 15 proiektuen garapena eta aurtengo aurrerapen nagusiak azalduko dira.

Hauek dira jorratuko diren lau ardatz estrategikoak:

  • 1.ardatza: Konpromisoa eta Identitate Kooperatiboa. Kultura eta Gobernantza Kooperatiboaren garapena izango dira hizpide, baita talentua erakartzeko, garatzeko eta fidelizatzeko ildoak ere.
  • 2.ardatza: Etorkizuneko negozioak. Azken urtean negozioak indartu eta negozio berriak martxan jartzeko abian jarritako jardueren errepasoa egingo da.
  • 3.ardatza: Irekiera eta Inpaktu Soziala. MONDRAGONek gizartean duen inpaktua indartzeko egiten ari den lana partekatuko da.
  • 4.ardatza: Interkooperazioa. Kooperatiben arteko lankidetza indartzeko abian dauden ekimenak nabarmenduko dira.

Kongresuko ponentzia

Batzorde Iraunkorraren eta Kontseilu Orokorraren deskarguez gain, Kongresuak interes estrategikoko ponentzia bat aztertu eta bozkatuko du. Aurtengo edizioan, ponentziak MONDRAGON Inversionesek kudeatzen duen Dibisioarteko Hedapen Fondoaren egokitzapena izango du ardatz, etorkizuneko negozioak bultzatzeko xedearekin. Ponentziaren helburu nagusia izango da funtsa ziklo estrategiko berriaren erronkekin lerrokatzea, etorkizuneko negozioen garapena bultzatzeko prestatuta egon dadin.

Aurtengo edizioan, ponentziak MONDRAGON Inversionesek kudeatzen duen Dibisioarteko Hedapen Fondoaren egokitzapena izango du ardatz, etorkizuneko negozioak bultzatzeko xedearekin.

MONDRAGONen Kongresua: etorkizuna elkarrekin eraikitzeko topagunea

MONDRAGON Kongresua Korporazioaren interes komuneko gaietan oinarrizko politikak eta jarraibide orokorrak zehazten dituen organo gorena da. Urtero biltzen dira bertan MONDRAGON osatzen duten kooperatibetako 650 ordezkari baino gehiago, Korporazioaren norabide estrategikoa partekatzeko, interes komuneko erabaki nagusiak hartzeko eta kooperatiben arteko lankidetza indartzeko. Kongresuan kooperatiba bakoitzari dagokion ordezkari kopurua bazkide langileen kopuruaren arabera finkatzen da, eta, behin kopuru hori zehaztuta, kooperatiba bakoitzak izendatzen ditu bere ordezkariak.

Kongresuak erabakitzeko ahalmena du Korporazioaren etorkizunerako garrantzitsuak diren gai estrategikoetan. Besteak beste, Korporazioaren politika orokorrak eta jarduera-ildo estrategikoak onartzen ditu, kooperatiba berrien integrazioa erabakitzen du, eta Batzorde Iraunkorraren nahiz Kontseilu Orokorraren jardueraren berri jasotzen du.

Erabakiak hartzeko organoa izateaz gain, Kongresua MONDRAGON osatzen duten kooperatiben arteko elkarrizketa, hausnarketa eta ikuspegi partekatua sustatzeko topagune nagusia ere bada. Urteroko hitzordu honetan Korporazioaren erronka nagusiak partekatzen dira, etorkizuneko lehentasunak kontrastatzen dira eta MONDRAGONen proiektu kooperatiboaren norabidea elkarrekin eraikitzen da.